Orkideazain proiektuan ia 250 orkidea behaketa egin dira Donostian
Botanika / Hiriko biodibertsitatea
Asteartea, 2026eko azaroaren 17a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien atalak Orkideazain proiektua jarri zuen martxan Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean eta dagoeneko lehen emaitzak ematen ari da.
Orkidea gehienek, eta sarrien ikusi ditugunek, jatorria tropikoetan duten arren, gure lurraldean ere makina bat espezie dugu. Maiz, oharkabean pasatzen dira. Hala ere, adi egonez gero, beraien edertasunaz goza daiteke.
Orchidaceae familiak 20.000 espezie eta 750 genero inguru barneratzen ditu mundu osoan eta hauetako 22 Euskal Herrian topa ditzakegu. Gehienak geofitoak dira, hau da, urteko garai luze bat igarotzen dute lur azpian eta loraketa garaian baino ezin dira ikusi.
Azken urteetan Donostiako orkideen presentzia nabaritu ahal izan dute donostiarrek eta, horregatik, hiritar guztientzako orkideen jarraipen programa jarri dugu martxan. Izan ere, hainbat herritar orkideen bueltan elkartzen hasi ziren, interes berak bultzatuta, eta Ophrys izeneko taldea osatu zuten. Talde honek urte osoan zehar orkideen jarraipena egin du hiriko hainbat txokotan eta behin-behineko Donostiako orkideen zerrenda bat lortu du. Talde honen helburua hauek babestu eta dibulgatzea da.
Zentzu horretan, Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien atala, Aranzadi zientzia elkarteko botanika sailarekin elkarlanean, bere parke eta lorategien kudeaketa orkideen presentziara doitzen hasi da. Horri esker, Ophrys taldeak hasitako bidea bermatu nahi da, epe luzeko jarraipen programa bat martxan jarriz.
Egitasmo hau Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien atalaren Donostia Botanika estrategia integralaren baitan kokatzen da, hiriko azpiegitura berdea eraldatzeko helburua duena. Estrategia honek natura gure osasunaren, erresilientziaren eta ongizatearen motore gisa ulertzen du.
2026 urtearen hasieran Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Donostiako Parke eta Lorategietako sailak Orkideazain proiektua jarri zuten martxan. Proiektuak hainbat helburu zituen:
- Hiritarrak gertuko biodibertsitatearen kontzientzia hartzea orkideen bidez.
- Donostiako udalerrian aurkitu daitezkeen orkidea espezieak identifikatzea.
- Donostiako orkidea espezieen katalogo osoa egitea.
- Donostiako parke edo leku bakoitzerako orkidea espezieen inbentarioa egitea.
- Donostiako leku bakoitzeko espezie aberastasunaren arabera, orkideen jarraipenerako lursailak aukeratzea.
- Populazio erroldak egitea, haien presentzia zenbatzea eta populazio-dinamika ezagutzea orkideen kontserbazio-egoera ebaluatu ahal izateko.
- Orkidea populazioen jarraipen fenologikoa egitea, haien bizi-zikloa ezagutzeko.
- Orkideen mesederako kudeaketarako irizpideak lortzea, orkidea aberastasuna eta kopurua kontuan hartuta.
- Orkideen mesederako kudeaketa irizpideak aurrera eramatea batik bat belar mozketak gutxiagotuz eta horretarako epe egokiak zehaztuz.
- Orkideen mesederako belar eremuak belardi basati eta naturaletan bihurtzea, hiriko gune berdeen biodibertsitatea eta jasangarritasuna hobetuz.
Helburu horiek lortzeko Donostiarrak eta inguruetako herritarrak deitu ziren parte hartzera, eta urtean zehar orkideen jarraipena egitera. Proiektuaren hasieran 2 irteera eskaini ziren. Bertan, alde batetik proiektua azaldu zen eta metodologia aurkeztu zen. Ondoren, Donostia inguruko espezie arruntenak ezagutzeko eta identifikaziorako argibideak emateko irteera motz bat egin zen.
PROIEKTUAREN GARAPENA ETA EMAITZAK
Irteera horien ondoren 17 partehartzaile izan dira urtean zehar orkideen jarraipenak egin dituztenak, eta denen artean ia 250 behaketa egin dituzte. Behaketa horiek, batez ere, Ibaetan, Antiguan eta Erdialdean egin dira. Landare horiek zenbatu eta identifikatu ostean datuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin partekatu dituzte, iNaturalist izeneko software baten bidez, eta horrek, partehartzaileen datuak munduko ikerlari guztien esku utzi ditu, zientziari ekarpen baliotsu bat eginda. Informazio guzti hori kontutan hartuta hiriko gune berdeen kudeaketa plana zehazten du Parke eta Lorategietako sailak, horren arabera orkideak babesteko mantenu egokia burutuz.
Denera, 17 espezie aurkitu dira aurten, baina ez da baztertzen jarraipenak egin ahala gehiago agertzea.
HURRENGO URRATSAK
Jarraipen honi amaiera emateko, parte hartzaileekin azken bilera bat egitea da asmoa, azaroaren 18an. Bertan, urtean zehar eduki dituzten zalantzak argituko dira eta hurrengo urteko plangintza osatuko da.
Dena den, azken ekitaldi hau ez da parte hartzaileentzat bakarrik, datorren urtean parte hartzeko interesa duen edonor etor daiteke eta proiektuak zertan datzan ikusi. Horregatik, bilkura bat egingo da 2026ko azaroaren 18an Urdaneta kaleko 13. zenbakian arratseko 17:00etan.
Izan zaitez ORKIDEAZAIN!