Oroimen Historikoaren Astea antolatu dute Azpeitiko udalak eta Aranzadik

Antropologia / Gerra Zibila, Tokiko memoria historikoa

Ostirala, 2023eko irailaren 15a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Errepresio frankistaren inguruko bi hitzadi eta Eusko Gudarostearen inguruko bisita gidatua antolatu dituzte. Hilaren 19an udaletxeko kanpaiak joko dituzte. Astelehenean hasiko dira ekintzak. 1936ko irailaren 19an tropa Frankistak sartu ziren Azpeitian, eta egun horren harira antolatu dituzte jarduerak.

1936ko irailaren 19an tropa Frankistak sartu ziren Azpeitian, eta egun horren harira, Memoria Oroimen Historikoaren Astea antolatu dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak datorren asterako. Bi hitzaldi eta Loiolara bisita gidatu bat eskainiko dituzte astean zehar, eta irailaren 19an, egun hartan jazotakoa oroitzeko martxan jarriko dituzte udaletxeko kanpaiak. "Memoria historiaren ezagutza eta zabalpenerako" antolatu dituzte ekintzok.

Astelehenean, irailaren 18an, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kide Patxi Ibarzabalek hitzaldia eskainiko du, Memoria duen herria eraikitzen. Ahaztuen Oroimena 1936 Makinaldeko frontea elkartearen esperientzia izenburupean. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak azken urteotan egindako ibilbideaz jardungo du Ibarzabalek. Testigantzen pasarteak, markinaldeko frontean emandako borrokaldiak eta elkarteak landutako gaiekin batera egindako deshobiraketak ere aurkeztuko ditu". Hitzaldia Basazabaleko aretoan izango da, 19:00etan hasita.

Hilaren 19an, asteartez, 1936ko egun berean jazotakoa oroitzeko helburuz udaletxeko kanpaiak joko dituzte, 15:00etan, bost minutuz, "tropa frankistei beldur zieten ehunka azpeitiarrek ihes egin baitzuten ordu horretan Urolako trenean".

Bigarren hitzaldia, astezkenean izango da, irailaren 20an, eta Ione Zuloaga historialari azkoitiarrak eskainiko du. Aranzadikoak Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta gerra ostean (1936-1945) izenburudun solasaldia eskainiko du 19:00etan hasita, Basazabalen. Gerra garaian eta gerra ostean emakumeek Gipuzkoan pairatu zuten errepresioaz mintzatuko da Zuloaga. Horretarako, Azpeitiko zenbait kasu ere azalduko ditu.

Ostiralean itxiko dute antolatutako egitaraua, eta Eusko Gudarosteak Loiolan duen oroimen gunearen inguruko bisita gidatua eskainiko dute, Javi Buces Aranzadiko historialariak gidatuta. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita. Bisita gidatua 19:00etan hasiko da, Loiolako memoriaren etxola paretik. Bucesek Eusko Gudarostearen inguruko proiektu museografikoaren inguruko azalpenak emango ditu, eta Loiolak Eusko Gudarostearen sorreran izan zuen garrantzia izango du hizketagai.

Oroimenaren garrantzia

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak "memoriaren zabalpenerako beharra" azpimarratu du: "2014tik urte asko daramatzagu Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Memoria historikoaren baitan ikertzea, eta egia jakitea garrantzitsuak dira, baina gertatutakoremn dibulgazioa ere ezinbestekoa da". Herritarrak antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu ditu Alkortak.

Javi Bucesek, bere aldetik, Azpeitian egiten ari diren lanaren "garrantzia" nabarmendu du: "Azpeitian 1936tik gaur arteko giza eskubide guztien ikerketak egin dira eta zabalpenerako liburuak argitaratzeaz gain, horrelako ekimenek ere herritarren artean interesa pizten dute".