Oroimenaren eta egiaren bidean urrats berri bat Oiartzunen

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Astelehena, 2023eko otsailaren 6a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Arizmendieneko lorategian Oroimenaren Txokoa inauguratu dute, oroimenak eta egiaren ezagutzak bizikidetzan duen garrantziaren oroigarri.

Bizikidetza eraikitzen jarraitzeko oroimenaren eta egiaren bidean, urrats berri bat eman du Oiartzungo Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera: Oroimenaren Txokoa aurkezteko ekitaldia egin dute. Oiartzungo Udaleko ordezkariez gain, Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, Anton Mendizabal eskultoreak, eta Alaia Martin bertsolariak parte hartu dute ekitaldian.

Alde batetik, Aranzadi Zientzia Elkarteak sortu duen Oroimena Oiartzun webgunea aurkeztu dute; 2020an Oiartzungo Udalak Aranzadi elkartearekin sinatutako hitzarmenaren fruitua izan dena. Orain artean elkarteak aztertutako giza eskubideen urraketak jasotzen ditu webguneak. Bestetik, azken bost urteotan martxan egon den bizikidetza mahaiak egindako urratsen berri eman dute. Eta azkenik, Oroimenaren Txokoa inauguratu dute.

Ekitaldi honetan, giza eskubideen urraketen ikerketaren nondik norakoak, oroimenak eta egiak bizikidetzarako duen garrantzia nabarmendu eta urte hauetan guztietan hori ahalbidetzeko eman diren urratsak azaldu dituzte.

Ekitaldiaren bukaeran Oroimenaren Txokoa izan da protagonista. Anton Mendizabal eskultoreak sortutako obrak (Iragorri da eskulturaren izena) gorpuztuko du aurrerantzean txoko berezi hori. 1967an Luis Peña Gantxegik egindako frontoi pareta aurrekari gisa eta Jorge Oteizaren frontoiko paretaren inguruko pentsamendu poetikoari helduz sortutako obra da. Eskulturan frontoi pareta bat ikus daiteke, zerua irudikatzen duena. Obra, aldiz, lurrean dago kokaturik. Beraz, nolabait, eskulturak lurretik zeruranzko bilaketa irudikatu nahi duela azaldu du Mendizabalek.