Pilar Catalán, Aranzadiko bazkidea, Zientzia Zehatzen, Fisikakoen eta Naturalen Errege Akademiako Akademiko izendatu dute

Botanika / Herbarioa

Astelehena, 2026eko azaroaren 16a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Pilar Catalán Rodríguez (Zaragoza, 1958) biologo euskalduna da, Zaragozako Unibertsitateko Botanikako katedraduna eta Tomskeko Unibertsitateko irakasle bisitaria. Horrez gain, Bioflora ikerketa-taldeko burua da (Aragoiko Gobernuak aintzatetsitako erreferentzia-taldea)

Egun Zaragozako ikerlaria den arren, bere hastapenak Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika sailean egin zituen. Horren adibide da, Urumearen eta Bidasoaren arroen azterketa geobotanikoari buruzko doktore-tesia. Hori ez ezik, ARAN Herbarioan aritu zen gehienbat eta bereziki azpimarragarria da 19.000 landare plegutik gora bildu zituela. Gehienbat Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian aritu zen, Nafarroako katalogo floristikoa osatzen, eta ARAN herbarioaren %20aren bilketan hartu du parte. Pilar 80ko hamarkadako Euskal Herriko botanikaren loraldiko partaide oso garrantzitsua izan zen.

Catalanen ikerketa-ildoak gramineoen sistematika ebolutibo eta molekularrean zentratzen dira. Batez ere, Brachypodium generoa, Loliinae azpi-tribua eta Pooideae azpifamilia ikertu ditu. Bere lanak, filogenomika, biogeografia, genomika konparatua eta funtzionala, pangenomika eta kariotipoen eboluzioari, poliploidiari eta gramineoetako egokitze-prozesuei buruzko azterketak biltzen ditu.

Orain gutxi, Pilar Catalán Zientzia Zehatzen, Fisikakoen eta Naturalen Errege Akademiako Akademiko izendatu dute, eta Aranzadi Zientzia Elkartearentzat erabateko ohorea da gure parte izan diren ikerlariek halako aitortza jasotzea.

Aranzadiko kide guztien partetik, ZORIONAK PILAR!