Artikulu tematikoa

Landare haragijaleak? Bai zera!

Gurean ere landare haragijaleak daudela esan orduko harridura sortzen da jendartean. Zergatik ote?

Mundu osoan topatuko ditugu landare haragijaleak; baita Euskal Herrian ere. Badira erraldoiak, 2 metroko garaiera pasa dezakeen Borneoko Nepenthes rajah espeziea, esaterako. Gehienak, aldiz, txikiak dira eta gutxi batzuk, aurrekoarekin alderatuz, ñimiñoak. Guztiek, ordea, badute ezaugarri bereizgarri bat: elikagaietan txiroak diren lurzoruetan bizi dira eta elikagai pobretasun horri aurre egiteko izaki bizidunak (protozoo, ornogabe txikiak eta aldizka ugaztun eta hegazti txikiak) harrapatzen dituzte elikatzeko. Artikulu honetan, landare harrigarri hauei buruz arituko gara. Landare haragijaleei buruz.

Orokortasunak

Munduan 600 bat landare haragijale espezie aurkitu dira orain arte eta 12 genero baino gehiago. Euskal Herrian kopurua 7 espeziera murrizten da, 3 generotan banatuak: Drosera, Pinguicula eta Utricularia. Gure lurraldekoak zohikaztegietan eta antzeko lintzuretan edota urperatutako urmaeletan bizi dira, hots, elikagaietan txiroak diren eremu txiki isolatuetan. Nahiko arraroak dira beraz, eta bizilekuak mugatzen duenez haien banaketa, ez oso ugariak. Hori dela eta, espezieen erdia baino gehiago Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan barneratua dago 2011tik.

Elikagaiak, nondik eta nola

11 bide edo leinu ezberdinetatik iritsi dira landareak haragijale izatera. Hori dela eta, fisiologikoki zein morfologikoki ezberdintasun nabariak ikusiko ditugu haien artean. Esaterako, harrapakinak harrapatzeko dituzten mekanismoen arabera sailkatu daitezke landare haragijaleak:

  • Matxardak: landareak jariatzen duen nektar gozoak erakarrita, harrapakina hostoan pausatu eta segundo gutxira hostoa itxi egiten da eta animalia bertan harrapatuta geratu. Gure lurraldean ez dago matxardadun landare haragijalerik.

Matxarda mekanismoa Dionaea muscipula espeziean. Irudia: Noha Elhardt (wikipedia)

  • Ile itsaskorrak: hostoek eztiaren antzeko usaina duen likido itsaskorra jariatzen dute eta harrapakina bertan pausatzean ugariak diren ile eranskorretan helduta gelditzen da. Talde honetan kokatuko ditugu Drosera eta Pinguicula generoak.

Drosera intermedia espeziearen hostoak ile itsaskorrekin. Irudia: Iñaki Sanz-Azkue

  • Tranpak: multzo honetako landare gehienek erortze-tranpak erabiltzen dituzte: hondoan substantzia likidoa duten pitxar itxurako tranpak. Harrapakina paretetako lurrinen usainak erakarrita, bertan pausatu, irristatu eta zulo barrura erortzen da. Utricularia generoak, tranpa mekanikoak erabiltzen ditu; Utrikuluak deituriko zakutxoak. Poltsa horien irekiunean iletxoak daude eta harrapakinak ile horietako bat ukitzean inguruko urarekin batera barrurantz zurrupatua izaten da istant batean. Mugimendu oso azkarra da: Segundo milaren 10-15 artean harrapakina preso gelditzen da utrikuluan.

Utricularia minor espeziearen utrikuluak. Irudia: J. L. Menéndez (asturnatura)

Fotosintesia egiten dute

Landareek ura, gatz mineralak, karbono dioxidoa eta eguzkiaren argia behar izaten dituzte hazkuntzarako. Landare gehienek, gatz mineral horiek urarekin xurgatzen dituzte sustraien bidez. Aldiz, landare haragijaleek lurzoruan gatz mineral gutxi topatzen dutenez, beharrezkoa duten elikagai gehigarri hori harrapakinengandik lortzen dute. Gainontzeko prozesua, alabaina, berdina da; hots, fotosintesia egiten dute bai beraientzat, bai lurreko izaki bizidunentzat probetxagarria den energia bilakatuz eta atmosferara oxigenoa isuriaz.

Charles Darwin eta landare haragijaleak

Landare haragijaleek Charles Darwin naturzale ospetsuaren lilura sortu zuten. Horrenbesterainokoa izan zen lilura, haiei eskainitako eta Insectivorous Plants izeneko liburu mardul bat ere argitaratu zuela; Hamabost urte behar izan zituen Darwinek lana amaitzeko eta 1875ean argitaratu zuen monografikoa. Bertan, besteak beste, egindako esperimentu anitzek ekarritako aurkikuntzak azaltzen ditu. Izan ere, landare haragijaleen tranpa mekanismoak nola aktibatzen ziren ikertzeko haiek zirikatuz aritu zen luzaroan, putz eginez edota janari zatiak hurbilduz. Harro, Darwinek adierazi zuen bere liburua argitaratzen denbora asko pasa izanak, bere lana bera kritikatzeko, beste aditu eta naturazaleekin elkarlanak egiteko eta eztabaidatzeko, eta, azken finean, bere obra hobetzeko aukera eman ziola.

Euskal Herriko landare haragijaleak

Lehen adierazi bezala, 7 landare haragijale espezie ezagutzen dira Euskal Herrian, 2 familiatik eratorritako 3 generotan sailkatuak.

Drosera, Pinguicula eta Utrikularia generoak oso ezberdinak dira elkarren artean, hori dela eta, erraz bereiziko ditugu mendian. Aldiz, genero barruko espezieak bereizteko begia zorroztu beharko dugu eta bakoitzaren xehetasunetan erreparatu.

Drosera generoa: espezie kopuruan talde aberatsenetako bat da munduan, gurean 3 espezie ezagutzen dira: Drosera rotundifolia, Drosera intermedia eta Drosera longifolia. Erroseta basalean azaltzen dira hostoak eta horiek tantatxo gardenez estaliak daude, ihintza balute bezala. Hori dela eta, euskaraz eguzki-ihintza deitzen zaio genero honi. Espeziearen arabera, hostoak biribilak, obobatuak (arrautza formakoak) edota lantzeolatuak (lantza itxurakoak) izango dira. Garak, puntan loreak dituen hostorik gabeko zurtoinak, erlatiboki luzeak dira, batzuetan tenteak eta bestetan kurbatuak. Loreak, zurixkak dira eta 3-12 lore arteko multzoak ateratzen dira gararen goi aldean, espeziearen arabera gehiago hala gutxiago.

Pinguicula generoa: 80 bat espezie daude munduan. Euskal Herrian Pinguicula grandiflora, Pinguicula lusitanica eta Pinguicula alpina espezieak ditugu eta muki-belar bezala ezagutzen da lehena, gure artean ezagunena dena. Landare hauek ere hostoak erroseta basalean dituzte jarriak. Hostoak osoak dira, lodiak, likatsuak eta izkinetan barrurantz kurbatzen dira. Pinguicula lusitanica espezieak kolore apaleko hostoak ditu, purpura koloreko zainez josiak, gizakiaren masail-azal zurbilak bailiran. Lore bakartiak garen puntan azaltzen dira eta espeziearen arabera morexkak, arrosa apalak edota zurixka/horixkak izan daitezke. Lore handienak muki-belarrak ditu, bere izen espezifikoak adierazten duen bezala: “grandiflora”; txikienak aldiz P. lusitanica espezieak ditu.

Utricularia generoa: banaketa zabaleko talde handia da eta 200 espezie baino gehiago daude munduan. Gure lurretan Utricularia australis da ezaguna, urmael eta putzuetakoa. Elkarren artean antzekoak diren hosto txandakatuak ditu, lehen adierazi ditugun utrikulu deritzen xixkuak eta uretatik ateratzen diren lore hori bizi eta deigarriak.

Utricularia australis: a) itxura; b) hostoak, c-d) utrikuluak, e) loreak.

Noiz ikusi

Lehen bi generoetako espezieak ikusteko udaberri-udan hurbildu beharko dugu mendira; izan ere, urteko gainontzeko hilabeteak erdi ezkutuan egoten dira azaleko orbelez eta belartxoez estaliak. Azken generoko espezieak urtarrak dira, eta nahiz eta ur-gainazaletik kanpo loratu, ur-azpian irauten dute gainontzeko organoek urte guztian zehar.

Beraz, adi egon, mendira garai egokian joanez gero eta putzuren bat edota zohikaztegi edota lintzuraren topatuz gero, zuzendu begiak lurrera, erne ibili eta piztu zentzu guztiak izaki bizidun txiki hauen bila jartzeko. Baliteke zortea izatea eta aurretik azaldutako landare haragijaleren bat topatzea.