Artikulu tematikoa
San Anton Fungi monton
San Anton mendiari, beste era batera esanda, Getariako arratoiari, artikulu honetan jarri diogun izenburua, zelebrea bai… Baina, ”San Anton bisigu monton” esaten da ere, eta Getaria inguruan jatetxeetan ez bada bisigu larri…
Sarea arakatuz, San Antonen onddoen arrastorik ez. Benetan, San Anton mendian onddo ugari izango ote den?
San Anton inguruan jende asko ibili dela badakigu (…Neolitiko eta ondorengo euskaldunak, erromatarrak, Napar erreinuaren barruan zegoela gaztelauek konkistatu zuten, karlistadak…). Kontuak kontu, orain dela gutxi arte San Antonen onddoak ikertzen zientzialari gutxi... Baina 2020. urtean, Aranzadiko mikologoak ingurune paregabe hau aztertzen hasi ziren eta dagoeneko 200 onddo espezie baino gehiago identifikatu dituzte, bertako bizidun komunitateko parte garrantzitsu bat dela frogatuz. Beraz, landare, narrasti, hegazti…eta onddoak badira ere!
San Anton mendia, tertziarioko materialez eta kontsistentzia desberdinetako arrokez osatua azaltzen da, nagusiki hareharriak eta zenbaitetan tartekatuta limonitak ere.
Hareharrien gaineko erosioaren forma ikusgarriak nabarmentzen dira inguruko itsaslabarretan.
Eremuko argazki historikoei begira, landaretza leheneratu egin dela kontrastatu ahal izan dugu, askotan lorategiko espezieak (aloktonoak) eta zenbaitetan espezie inbaditzaile eta arriskutsuak erabiliz. Garrantzitsua litzateke espezie horien kontrola egitea eta zonaka bada ere, bertako landaretza leheneratzeko kriterio ekologikoak erabiltzea.
Carprobotus edulis landare inbaditzailea inguruko labarretan ugari azaltzen da. Inbaditzaileen artean arriskutsuenetako bat dela kontsideratzen da (Diagnosis de la Flora Vasca Alóctona Invasora de la CAPV. Eusko Jaurlaritza / IHOBE 2008)
Aipatzekoa da bertako itsaslabarretan Armeria euscadiensis landare endemikoa azaltzen dela. Espezie hau Gipuzkoa eta Bizkaiko itsaslabarretako erlaitz silizioetan bizi da eta EAEko landare Zerrenda Gorrian jasotzen da kaltebera (VU) kategorian.
EAEko Biodibertsitate Estrategiaren barruan (IHOBE 2016), 2030. urteko horizonteari begira, diagnosi, helburu, irizpide eta ekintza desberdinak azaltzen dira biodibertsitateak jasotzen dituen presio eta mehatxuen aurrean. Dokumentuaren 2. puntuan aipatzen da, orokorrean EAEn informazio gutxi dagoela espezien egoera, kontserbazio eta bilakaerari buruz. Informazio eza, besteak beste, onddoen erreinuko bizidunetan nabarmena dela esan daiteke. Era berean aipatzeko da ere, EAEn onddoak, probisionalki jasotzen badira ere, ez direla ez katalogo ofizialetan ez da ere, behin betiko zerrenda gorrietan azaltzen. Beraz, bizidun horien kontserbazio egoera ez da behar bezala ezagutzen.
Clavaria zollingeri San Anton mendiko belazetan azaltzen da. Onddo hau, International Union for Conservation of Nature - IUCN Zerrenda Gorrian jasotzen da kaltebera (VU) kategorian. https://www.iucnredlist.org/species/70402563/70402575
Onddoak bizidun talde anitza eta neurri handi batean ezezaguna dela esan daiteke. Egun, 100.000 espezie inguru deskribatu dira, gehienak ascomycota eta basidiomycota taldekoak. Hipotesi modura, 1,5 miloi espezie egon daitezkeela baloratu da, baina egun estimatzen da 3,8 miloi espezie kopurura hurbiltzen dela (Hawksworth & Lücking 2017).
Baina ekosistemetan oso paper garrantzitsua jokatzen dutela baieztatu da. Bere ezaugarrien artean, nutrizio funtzioa aipa daiteke, heterotrofoak baitira, morfologikoki izaki oso sinpleak izanik estrategia trofiko ugari garatu behar izan dituzte organismo askorekin aliantzak bideratuz.
Landare gehienak (%92) onddo desberdinekin elkarreragin mutualistak gauzatu di-tuzte, beraz, elkarri lagunduz bizi dira mikorrizak osatuz (Brundrett & Tedersoo 2018). Esaterako, Katherine Willis-ek (2018) dio, onddoei buruzko ezagupena are eta gehiago eskuratuz, Lur planetaren bizitza sostengu nagusia direla konturatzen ari gara.
Naucoria generoko espezie gehienak Alnus sp zuhaitzekin mikorrizatzen dira. San An-ton mendian, haltzaren (Alnus glutinosa) inguruan Naucoria escharioides eta Naucoria scolecina bizi dira.
Onddo batzuk, alga eta zenbaitetan zianobakterio mikroskopikoekin ere harremanetan bizi dira likenak (onddo likenizatuak) eratuz. Talde honen barruan 15.000 espezie inguru daudela kontsideratzen da. Elkarreragin horri esker, likenek estrategia arrakastatsuak garatu dituzte ingurune desberdinak kolonizatzeko bideak eraikiz. Bizidun bakoitza, mikobionte (onddoa) eta fotobionteak (alga / zianobakterioa), bere aldetik jokatuz gero lortuko ez dutena, batera eta elkarri lagunduz eskuratuko dute.
San Anton inguruan ikusi ditugun liken guztiak, ascomycota taldekoak izan dira (kopuru askoz ere txikiago batean basidiomycota taldeko onddo likenizatuak naturan badira ere). Inguruko labarretako arroka silizioetan likenak ugariak dira, baita landutako ha-rrizko hormetan, zuhaitz enbor eta lurzoruan azaltzen dira ere. San Anton mendian, orain arte identifikatu dugun onddo dibertsitatearen %36a likenak dira.
Itsaslabarretako hareharrietan liken ugari azaltzen dira. Argazkian Ramalina siliquosa nabarmentzen da. Liken hau, Euskal Herriko floran jasotzen da (Gorostiaga & Renoba-les 1984). Jaizkibeleko labarretan aipatu zen (Vivant 1988) eta “Líquenes y hongos liquenícolas del Pais Vasco” katalogoan jasotzen da ere (IHOBE 2010).
Anaptychia runcinata espezie ozeanikoak Iberiar penintsulan bilketa gutxi ditu. “Líquenes y hongos liquenícolas del Pais Vasco” katalogoan jasotzen da (IHOBE 2010).
San Anton mendian, EAEko katalogoan jasotzen ez diren edota Aranzadiko herbarioan (Aran-Fungi) Euskal Herrian bilketak ez zituzten espezie desberdinak jaso ditugu, bes-teak beste: Diplochistes muscorum, Physcia dubia, Myriolecis bandolensis, Solenopsora holophaea, Solenopsora vulturiensis eta Trapelia glebulosa.
Ikus ditzagun San Anton mendiko likenen dibertsitatearen adibide batzuk:
Xanthoria Calcicoria, Physcia dubia
Onddo talde desberdinek ekosistemetarako oso garrantzitsuak diren estrategiak erabiltzen dituzte. Onddo saprobioei buruz ari gara, hauek nutrizio iturri modura osagai konplexuak erabiltzeko gai dira (zelulosa, lignina…), osagai horiek, substantzia sinpleagotan eta nutritiboetan transformatuz.
Beraz, habitat desberdinetan materia organiko ugarien birziklatzaileak dira. Deskonposizioaren prozesua oso luzea da, eta onddo saprobioak izango ez balira, materia organikoen metaketek (biomasa) ekosistemen funtzionamendua kolapsatuko lukete.
Radulomyces confluens onddo saprobioa (San Anton / Getaria / 2022-03-19)
Agaricus chionodermus. Belarkara desberdinen onddo saprobio honek GBIF-ren arabera, Penintsulan nahiz Europan oso bilketa gutxi ditu. Hostozabal eta koniferoen azpiko belazeetan azaltzen da. San Anton mendian, udazkenero erregularki fruktifikatzen duen espeziea da.
Sarcodontia setosa onddo deskonposatzailea, San Anton inguruan sagarrondoaren adar eta enbor zaharretan bizi da. Oso espezie urria da, Europako hainbat herrialdetako zerrenda gorrietan jasotzen da, eta bere nomenklatura argituz gero, IUCN zerrenda gorrian jasoko beharko litzatekeela pentsa daiteke. Penintsulan bilketa gutxi ditu eta Getariakoa, Aran-Fungi herbarioak duen bakarra da.
Bestalde, San Anton mendian onddo bizkarroiak badira ere. Horiek, hiru bizidun talde parasitatzen dituzte: animaliak, landareak eta beste onddoak.
Nahiz bizkarroi batzuk bizidunentzat kaltegarriak izan, ekosistemen orekan parte hartzen dutela kontu hartzeko da ere.
Graphiola phoenicis onddoak, kanariar palmondoaren (Phoenix canariensis) hostoak parasitatzen ditu (San Anton / Getaria / 2022-03-19).
Artikuluan zehar landaren aloktonoak eta bereziki inbaditzaileen arazoa aipatu da. Baina espezie aloktono eta inbaditzaileak ez dira landare erreinuan bakarrik izaten, animali eta onddo erreinuetan zoritxarrez suertatzen dira ere. “International Union for Conservation of Nature – IUCN” erakundeak, espezie aloktonoen inbasioak, autoktonoak diren espezien kontserbaziorako munduko bigarren mehatxua dela dio (habitaten suntsipena aurrena litzateke).
San Anton mendian, bizidun talde desberdinetako espezie inbaditzaile kopurua kontutan hartzea beharrezkoa da, landare exotiko ugariekin batera, azken urteetan, liztor asiarra, sugandila italiarra eta besteak beste, onddo inbaditzaileak, are eta gehiago azaltzen ari direlako.
Favolaschia calocera complex (San Anton / 2021-12-16)
San Antonen bilatu ditugun Favolaschia taldeko ale batzuen sekuentzia molekularrak (DNA) aztertzen ari gara, espezie mota eta jatorri geografikoa argitzeko.
Egindako prospekzioetan, ingurune horretan onddo ez likenizatuak ugarienak direla ondorioztatu da.
Ezko berdexka (Gliophorus psittacinus). San Anton / 2021-12-12
Komunitate zientifikoa, azken bolada honetan maiz, sekuentzia molekularren bidez (DNA) onddoen taxonomia errebisatzen ari da. San Antonen jaso dugun hainbat espezie, argazkian azaltzen den Macrotyphula gr. juncea esaterako, sekuentziatzea bidali dugu emaitzak baloratzeko zain gaudelarik.
Gogoetak eta kontu hartzekoak:
- San Anton biodibertsitatearen altxor bat dela azaldu nahi izan dugu artikuluan zehar, eta onddoak dibertsitate horretan protagonistak. Biodibertsitatean inbertitzea bizi-aseguru garrantzitsuenetako bat dela diote, baina askotan beste aldera begiratzen dugu. Noiz arte?
- Bizidunen talde desberdinen inbentarioak eta katalogoak egitea garrantzitsua litzateke, helburu eta planifikazioa bati lotuta bederen. Horretan, onddoen behin behineko inbentarioa aurkezten dugu osagarri modura:
SAN ANTONEN AURKITUTAKO ONDDOEN ZERRENDA
- Garrantzitsua litzateke ere, parkean azaltzen diren Zerrenda Gorriko bizidunen egoera ezagutzea eta, jarraipen eta hobekuntza prozesuak diseinatzea (flora, fauna, onddoak…).
- San Anton parkeak dituen egitura eta irisgarritasuna kontutan harturik, herritarrok eta ikasleok naturaz eta zientziaz gozatzeko, gertatzen diren prozesu naturalak “in situ” ikusteko, ikasteko edota ikertzeko, leku paregabea dela baloratzen dugu. Parkean zehar, horma-irudi didaktikoak jartzea egoki eta lagungarriak lirateke.
- Parkearen zainketa eta mantenua egitean, hainbat aspektu kontrolatu beharko lirateke: habiagile diren hegaztien garaiak (dronen erabilera…); naturarekiko jarrera egokiak kartelen bidez helaraztea…Garrantzitsua litzateke ere, erortzen den egurra bertan era txukun batez uztea.
- Parkean zehar espezie autoktonoen kalterako aloktonoaren arazoa kontu hartzeko da ere, batzuen izaera inbaditzailea kezkagarria delarik. Bide horretatik, bizidun inbaditzaile oroen katalogoa eta jarraipena egitea garrantzitsua litzateke, autoktonoen mesederako neurriak hartuz. Egun, biodibertsitatearen kontserbaziorako, ekosistema suntsipenaren ondoren espezie inbaditzaileak bigarren mehatxu handiena dela baloratzen da. Biodibertsitatearen aldeko apustuan, inbaditzaileak kanpora!
*Ikus horma-irudia “San Anton, aloktonoak arazo!
San Anton parketik bidaia amaituz, zorua eta harriak, onddoz -likenez- margotzen direla ikusi ditugu.
…eta iluntzean, Getariako arratoiaren ingurua, akuarelaz.
San Anton, “fungi-bio monton”…On egin!