San Telmo Museoak “Euskal artzaintza atzo eta gaur” ikus-entzunezkoa jarriko du erakusketa iraunkorrean
Astelehena, 2019eko apirilaren 8a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Euskal artzaintza atzo eta gaur bideoak gaur egun artzaintzaz bizi diren pertsonen bizimodua erakusten du: transhumantzia, gaztagintza, ilea moztea... bai eta bere lanean erabiltzen dituzten tresnak ere, San Telmo Museoak bere bildumetan gordetzen dituenekin erlazionatuz.
MorganCreak egin du bideoa eta bertan Fermin Leizaola etnologoarekin elkarrizketa bat biltzen da, gai honi buruzko aditua eta ezinbesteko erreferentzia, hala nola, Urbasan eta Olaberrian artzain dabiltzan Carlos Aramendia eta Eli Arrillagaren lekukotzak ere.
Hedapena da lan honen helburu nagusia, gaiaren inguruko ezagutza eskuragarri jarri nahi da eta. Baserriaren aretoan proiektatuko da, erakusketa iraunkorreko “Tradizioak bizirik dirau” atalean, baserria berari buruzko beste ikus-entzunezkoarekin batera, Berriro igo nauzu titulua duena.
Museoaren youtube kanalen ere ikusgai jarriko dugu, eta azken emaitzarako erabili ez den materialarekin grabaketa osoa ikerlarientzat eta erabiltzaileentzat eskura izango da museoko Dokumentazio eta Eztabaida gunean kontsultarako material gisa.
Lan honek museoa irekitzerakoan erakusketa iraunkorrerako sortutako ikus-entzunezko lanen ildoa jarraitzen du. Izan ere, museoa euskal gizartearen museo izateko osatutako erakusketa hainbat bideo jarri ziren, besteak beste: itsasoarekin erlazionatutakoa, burdinolei buruzkoa, karlistaldiena, Ahotsakek bildutako lekukotzak, 50-60ko hamarkadetako industrializazioa eta elizan ikus daitekeena, komentuaren historiari eta Euskal gizartearen erronkei buruzkoa, lehen aipatutako Berriro igo nauzu lanaz gainera, urte hauetan sari ugari jaso duena.
2018 urtean hauei gehitu zitzaien Euskal Herriko hileta errituak, eta jarraipena ematera dator artzaintzaren inguruko lan berri hau. San Telmok ikus-entzunezko formatu honetan lan egiten jarraitzeko asmoa du, bere bildumak nabarmenduz eta hauen gaineko begirada garaikidea eskainiz: nekazaritza lanak, ehunen bilduma eta industria ondarea izango dira landuko diren gai batzuk.
Trailer
JARDUERAK
Bideoaren hariari segiz, jarduerak antolatu ditu museoak artzaintzaren inguruko ezagutza zabaltzeko:
- Apirilak 9: Proiekzioa iruzkinekin: Euskal artzaintza atzo eta gaur, Fermín Leizaola
- Apirilak 23-26: Haurrentzako tailerrak: Ezagutu artzainen bizibidea!
- Apirilak 24-27: Erakustaldiak: publiko orokorrari zuzendutako jarduerak