Aranzadik Donostiako Txaldatxur Mendian aurkitutako soldadu baten gorpuzkiak lurpetik atera ditu

Antropologia / Gerra Zibila

Astelehena, 2017eko urtarrilaren 30a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Uste denez, borrokalaria armada frankistak egindako erasoetan hil zen urte horretako uztaileko estatu kolpearen ondorengo asteetan.

Hobi hori joan den apirilean aurkitu zuten Aranzadiko kideek, Txaldatxur mendiaren gailurraren inguruan egindako lurraren ikuskapen batean. Toki horretan, Lasarte-Oriako “Islada Ezkutatuak” oroimen historikoko taldeak hainbat trintxera eta tiratzaile hobiren egokitze lanak egin ditu. Iazko ekainaren 4an, toki horretan gorpuzkiak atera zituzten lurpetik eta, gaur, Aranzadiko teknikariek, Paco Etxeberriak zuzenduta, beste gorpu bat atera dute, baita zenbait objektu pertsonal ere, adibidez, kantinplora bat.

Testuingurua

Txaldatxur Zubietamendin kokatutako mendixka bat da, Oria ibaiaren gainean. 1936ko abuztutik, Gipuzkoan eratutako borroka eremuetan kokatu zen. Errepublikaren leialek trintxera eta tiratzaile hobien defentsa konplexu bat prestatu zuten matxinatutako armadari aurre egiteko. Cayuela teniente koronelaren zutabeak errepublikazaleen posizio horri eraso egin zion 1936ko irailean.

Hobien plana

Eusko Jaurlaritza 2002tik darama lanean Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015 amaieran, hobien kokapena identifikatu eta ikertzeko 2015-2020 aldirako EAEko Plana aurkeztu zuen.

Plan horretan, ekintza protokolo bat ezarri zen Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeko. Lehenik eta behin, familia batek edo Oroimen Historikoari lotutako erakunde batek gorpuzkiak lurpetik ateratzeko eskaera bat aurkeztu behar du, kokapenari eta hobian ager daitezkeen gizabanakoei buruzko ikerketen txosten batean oinarrituta. Orduan, protokolo bat jartzen da martxan:

    • Atariko ikerketak:fase honen helburua da desagertutako pertsonaren identitatea, kasuaren historia eta tokiko testuinguru historikoa zehaztasun handienaz ezagutzea.

    • Interbentzio arkeologikoa:kokapenari, jarraitu beharreko urratsei eta behar dituzten giza eta teknika baliabideei buruzko txostenak egingo dira.

    • Giza gorpuzkien auzitegiko ikerketa: fase honetan, hezur hondarren laborategiko azterketak egiten dira.

    • Azken txostena: txosten oso bat prestatuko da, prozeduran parte hartu duten espezialista guztien txostenak ere bilduz. Eusko Jaurlaritzak senitartekoei banatuko die txostena, baita Elkarte interesatuei edo ekintzetan parte hartutakoei ere.

    • Gorpuzkien azken biltokia: gorpuzkiak behin aztertuta, familiari emango zaizkio baldin eta identifikatuak izan badira.



Astelehen honetan identifikatzen ez diren gorpuzkiak Duintasunaren Kolunbarioan ehortziko dituzte, Elgoibarko Olaso hilerriaren ingurumarian.