Txiki eta Otaegiren fusilamendua, senideen ahotik

Antropologia / Tokiko memoria historikoa, Egungo memoria historikoa

Astelehena, 2025eko irailaren 15a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak mahai inguru berezi bat antolatu dute Juan Paredes Manot 'Txiki'-ren eta Angel Otaegi herritarraren fusilamenduen 50. urteurrena gogoratzeko. Irailaren 25ean izango da, 18:30ean, Azoka Plazako aretoan.

“Polemikak alde batera utzi, eta senideek benetan nola bizi izan zuten gertatutakoa ezagutzea nahi dugu, eta testuinguruan jartzea. Gure ustez, errekonozimendu hau eta gaia seriotasunez lantzea merezi dute”, esan du mahai ingurua gidatuko duen Javi Buces Aranzadiko historialariak. Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuak, Mikel Paredes Txikiren anaiak eta Mikel Castells abokatuak hitz egingo dute mahai inguruan.

Aurrez, 18:00etan, Askatasun haizea. Txiki eta Otaegi, frankismoaren azken fusilatuak liburuaren aurkezpena izango da. Liburua idatzi duen Bucesek berak, hitzaurrea egin duen Maialen Arteagak eta Ane Eslava Txalapartako editoreak parte hartuko dute aurkezpenean.

Eusko Gudarosteari buruzko liburuxka

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatu berri duten lankidetza hitzarmenaren barruan aurten antolatuko den jardueretako bat izango da mahai ingurua. Gaur aurkeztu dute hitzarmen hori Nagore Alkorta alkateak eta Javi Buces Aranzadiko kideak. Bi urteko iraupena izango du.

Irailaren 25eko mahai inguruarekin batera, Eusko Gudarosteari buruzko liburuxka baten argitalpena izango da beste ekintza nagusia. 2017an, Eusko Gudarosteari buruzko ale monografiko bat argitaratu zuten udalak eta Aranzadik, eta duela bi urte, oroimenerako gunea egokitu zen Loiolan. Bi lanak uztartzen ditu liburuxkak; izan ere, 1936an, faxismoaren aurkako euskal erresistentzia bildu zen Loiolan, eta liburuxkaren bidez, oroimenaren gunera joaten diren bisitariek informazio hori eskura izatea nahi da. Euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez egongo da.

Irailaren 19tik aurrera egongo da eskuragarri; egun horretan, ohi bezala, udaletxeko kanpai hotsak ere entzungo dira 15:00etan, tropa frankistak Azpeitira sartu ziren eguna gogoratzeko.

Bide emankor baten jarraipena

2013an hasi zen Azpeitiko Udalaren eta Aranzadiren arteko elkarlana. Ordutik, hainbat proiektu gauzatu dituzte elkarlanean: dozenaka lekukotza bildu eta idatziz jaso dira, erakusketak eta hitzaldiak egin dira, lau liburu argitaratu, azpeitiaoroimena.eus ataria sortu, irailaren 19a Azpeitiko memoriaren egun gisa instituzionalizatu… 2020an, lau urterako hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek, eta haren jarraipena da oraingoa.

“Azpeitiko Udalaren eta Aranzadiren arteko hitzarmena ez da proiektu puntual batzuetara mugatu; izan ere, Azpeitiko Udalak argi du memoria historikoan sakontzen jarraitu behar duela, beti aldarrikatzen dugun egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubide hori egiazkoa izateko”, esan du Alkortak. Haren hitzetan, garrantzitsua da memoria historikoari lotutako lanketa berriak egiten eta eduki berriak sortzen joatea, Azpeitian orain arte egin den lanketan sakontzeko.

Azpeitiko Udalak egiten duen ahalegina txalotu du Bucesek ere: “Azpeitia izan da Hego Euskal Herrian 1936ko gerra zibiletik gaur egunera arteko memoria historikoari buruzko ikerketa oso bat gauzatu duen lehen herria”. Azaldu duenez, beste herrientzat “eredu” izan da Azpeitia. “Hainbat liburu, ekitaldi, omenaldi egin dira; tamalez itxita dagoen arren, webgune bat ere bai, eta hor 800 biktima daude identifikatuta. Beste herri batzuek ere eredu berbera jarraitu dute, baina Azpeitiak markatu du bidea, ea horregatik guretzat inportantea da hemen jarraitzea, eta memoria eta historia berreskuratzen jarraitzea”, esan du Bucesek.

Mezenasgoa

Enpresen eta erakundeen laguntzari esker, gure gizarteari eta natura-inguruneari aurrera eginarazten dioten proiektuetan lanean jarraitzeko aukera dugu.

Bere babesa eman diguten erakundeak:

Informazio gehiago