Udalak 1936ko estatu-kolpearen memoria berreskuratuko du

Antropologia / Tokiko memoria historikoa, Egungo memoria historikoa

Ostirala, 2026eko maiatzaren 22a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

Udalak eta Aranzadik Gerra Zibilari, errepresio frankistari eta haren biktimei buruzko lau argitalpenetako lehena aurkeztuko dute gaur

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak hamabost urte baino gehiago daramatza hiriko memoria historikoa berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko lan-ildo bat bultzatzen. Aurten, 1936ko estatu-kolpearen 90. urteurrenarekin eta diktadura frankistaren hasierarekin bat etorriz, apustu hori ekimen berri batean gauzatu da: Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako lau argitalpeneko ziklo batean, horren bidez Gerra Zibilean eta frankismoan Donostian gertatutakoa herritarrei ezagutzera emateko.

Lau argitalpen horietako lehena aurkeztuko da gaur, "Gerra eta Erresistentzia" izenekoa. Gerra Zibilak Donostian izandako eragina aztertzen du: borroka-lekuak, herritarren erresistentzia eta hirian bonbardatutako lekuak. Urtean zehar, gainerako hiru argitalpenak argitaratuko dira:

  • Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktimak
  • Memoria Lekuak
  • Errepresio frankista jasan zuten emakumeak

"Aranzadi aspalditik ikerketa- eta dibulgazio-lan handia ari da egiten, eta lan hori ezinbestekoa da gure hiriaren memoria kolektiboaren funtsezko zati bat berreskuratzeko" adierazi du Memoria Historikoko zinegotzi Iñigo Garcíak. "Demokrazia desagerrarazi zuen estatu-kolpearen 90. urteurrenean, ezinbestekoa da tresnak sortzen jarraitzea, horien bidez gertatutakoa ezagutzeko, biktimen memoria zaintzeko eta gertatutakoa belaunaldi berriei transmititzeko".