«Urumeak Hernani zeharkatzen duen eremu guztian zehar espezie inbaditzaileak daude»

Botanika

Ostirala, 2017eko urriaren 13a — CEST

Irakurketa: 8 minutu

Hasieratik hasita; espezie exotikoa eta espezie inbaditzailea berdina al da?
Ez. Espezie inbaditzaile guztiak exotikoak dira, baina espezie exotiko guztiak ez dira inbadi­tzaileak. Hau da, espezie exotikoak beste eremu geografiko batetik etorritako espezie guztiak dira (adibidez artoa edo indiako gaztainondoa). Horien artean batzuk, kopuru haunditan eta abiada azkarrez hainbat belaunalditan zehar ugal­tzeko gaitasuna dute, gertaera honek bertako espezieak or­dez­katzea eragiten du eta ho­nek oreka ekologikoa suntsi­tzen du. Az­ken hauei espezie exotiko inbaditzailea deitzen zaie (panpa-belarra esaterako). Espezie hauek talde taxonomiko ezberdinetakoak izan daitezke (on­ddoak, landareak, algak, ugaztunak, hegaztiak, arrainak...).

Nola bihurtzen da espezie exotiko bat espezie exotiko inbaditzaile? Eta zein kalte sortzen dituzte?

Landareei dagokienez, hipotesi ezberdinak daude eta guztiak batera eman daitezke. Batetik, kanpoko espezie berri hauek eta bertakoak ez dira elkarrekin garatu (eboluzionatu), be­raz, bertako espezieek ez dute espezie berri horien aurka lehiatzeko estrategiarik. Bes­tetik, toki berrian, jatorrizkoan egon daitezkeen herbiboro, pa­rasito edo patogenoen ausen­tzia dagoelako, edota ondoko landareen hazkuntza oztopa­tzen duten agente alelopatikoak askatzen dituztelako (Reinutria kasu).
Honen ondorioz, bertako landaredia ordezkatua izaten da, eta honek habitat horiek sinplifikatzea dakar, bertako faunarentzako baliabideak mu­rriztuz (elikagaia, babeslekua…). Azken finean, ekosistema naturalen kate trofikoa hausten dute, honekin batera biodiber­tsi­tatea murriztuz. Jakin, mun­du mailan biodibertsitate galeraren bigarren arrazoi nagusia kontsideratzen direla.
«Bidaiatzean nahita edo nahigabe ekarri ditzakegu espezie inbaditzaile bihurtu daitezkeen espezieak. Etxeetako lorontzietan ere askotan ikusten dira»

Kantauri isurialdean landare espezie exotikoak ikertzean, Urumea ibaian aurkitu du gramineo bat EHUk; jatorriz Ipar Ameriketakoa den ‘Muhlenbergia schreberi’. Iberiar penintsulako bigarren alea omen da. Zer esan nahi du horrek? Aurkikuntza ona ala txarra da?
Espezie berri hau, momentuz, exotikoa bezala kontsideratzen da Euskal Herrian, hau da, bere inbaditzeko ahalmena ezezaguna da oraindik. Hala ere honek ez du esan nahi ez dela espezie inbaditzaile bihurtuko. Orain, berebiziko ga­rrantzia izango du espezie hau gertutik kontrolatzeak, bere balizko ahalmen inbaditzailea neurtu eta baloratzeko. Zentzu honetan aurkikuntza ona dela esan daiteke, berandu baino lehen aurkitu baita.

Aranzadik bi urte daramazki Hernaniko Udalak eskatuta, Urumean dauden landare inbaditzaileak ikertzen. Zer dela-eta?
2015ean hasi ginen landare exo­tikoen kontrol eta erradika­zi­oan Hernanin, Eusko Jaur­la­ri­tzak biodibertsitatea eta natur-ondarea kontserbatu, leheneratu eta hobetzeko Uda­lari emandako diru-laguntzari esker. Lanerako eremuak Uru­mea ibai-ertza eta Urumea ibaia eta Aiako Harria artean dauden hiru bailaretako errekak hartzen ditu: Epele, Usoko eta Aparrain.
Lan honek hainbat helburu bilatzen ditu: inguru honetan landare inbaditzaile exotikoen diagnosia egin, espezie hauek ezabatu edo kontrolpean izan, ibar-basoak berreskuratu eta arazo hau jendarteratu.
«Etxean ditugun landare inbaditzaileak ezabatzeko, landarea sustraitik atera behar da, eta poltsetan gorde, guztiz lehortu direla ziurtatu ondoren, zaborretara botatzeko»

Nolakoa da prozesua?
Hiru fase nagusitan banatzen da. Lehenengoan, landare inbaditzaileak lokalizatzen dira; ikusgarri egon behar dute, hau da, loreetan. Honetarako mendiko-lana da beharrezkoa eta urtero errepikatzen da, infor­ma­zioa eguneratze aldera. Ja­sotako datu guztiak mapa batean ikusi ahal izateko informazio guzti hau digitalizatu egiten da, eta honek espezie bakoitzaren banaketa era erraz batean ikustea baimentzen digu.
Ondoren kontrol edo erradikazio lana dator; espezieak lokalizatutako eremuetara itzu­­li, erauztera. Erauzketa me­­kanikoa egiten da Her­na­nin. Hau da, kasuaren arabera landarea moz­tu edo sustraitik ateratzen da (eraginkorrena, nahiz eta to­kiaren edo landarearen tamainaren arabera ez den beti posible izaten). Fase honetan ohikoena herbizida (Glifosatoa gehienetan) erabil­tzea da, bere eraginkortasun haundia dela-eta, baina Her­nanin 2016. urtean Udalerri osoan herbizidak ez erabiltzearen aldeko deklarazio instituzionala sinatu zenetik ez da Glifosatorik erabiltzen. Moz­ke­tak, landareari kalte gehien eragin diezaiokegun garaian egiten ditugu, gehienetan loraldiaren ondoren, landareak energia gehiena lorea bota­tzen gastatu duenean.
Eta azken fasea eta ez horregatik garrantzia gutxiago due­na, habitat potentzialaren araberako bertako landare espezie tipikoak, autoktonoak landatzean datza: haltzak, lizarrak, astigarrak, urritzak, intxusak, etab. Landare hauek hazten doazen heinean espezie inbaditzaileei tokia irabazi eta itzala ematen diete, horrela pixkanaka habitata leheneratzen joango da.
Ibaiaren goi-ibilgutik hasi ginen lanean eta momentuz Epele auzoa baino pixka bat aurrerago iritsi gara.

Zein izan dira orain arteko ondorioak?
Lehengo kartografia lanek argi utzi zuten Urumeako egoeraren larritasuna. Ibai honek Hernani zeharkatzen duen eremu guztian zehar espezie inbaditzaileak daude. Bereziki, Epele auzotik aurrera; Urumea ibaiak industriagunea eta herri-gunea zeharkatzen ditu­en horretan, espezie inbaditzaileen dibertsitatea eta den­tsitatea nabarmenki haunditzen da. Epele, Usoko eta Apa­rrain erreken egoera, aldiz, oso ez­berdina da. Soilik Usoko erre­ka ertzean aurkitu dira, errekak Urumea ibaiarekin bat egin baino metro batzuk lehenago.
Aipatzekoa da Crocosmia x crocosmiflora espeziearen ka­sua Hernanin; eremu oso zabalak kolonizatu ditu jadanik, eta hori gutxi balitz, espezie honen erradikaziorako metodologia konplikatua bilakatu da, baliabide eza dela-eta.
Erradikazio lanen ondorioei dagokienez, garrantzitsua da jakitea landare bakoitzak ez­ber­din erantzuten duela tratamendu beraren aurrean. Aldi berean, oso zaila da hauek teknika mekanikoak bakarrik erabiliz ezabatzea. Momentuz, lan egin den eremuetan, espezie hauen dentsitatea jaistea eta kontrolpean izatea lortu da, eta soilik kasu puntualetan lortu da ale batzuk erabat de­sagerraraztea.

Zenbat espezie exotiko inbaditzaile zenbatu dituzue? Berririk topatu duzue?
Aipatutako eremuan, budleja edo lila (Buddleja davidii), krokosmia (Crocosmia x crocosmiiflora), reinutria edo japoniako piper-belarra (Reyn­ou­tria japonica), Phytolacca americana, banbua (Phyllos­tachis sp.), (Cortaderia selloana) eta sasiakazia (Robinia pseudoacacia). Denera zazpi. Ez dugu espezie berririk topatu.

Eta gramineo berri hori?
Orain arteko lanetan ez dugu topatu. Ondorengo mendiko-lanarekin batera bilatuko dugu.

Zein eragin daukate ibaiaren beraren ibilguan? Urumea bailaran uholdeek kezka eragin izan dute…
Landare inbaditzaile hauek, beste batzuen artean ibar-basoak mehatxatzen dituzte. Hasieran azaldu bezala, bere landaredia ordezkatzen dute, habitata bera eta egon daitekeen basa-bizitza sinplifikatuz. Ibar-basoek eragin zuzena dute ibai-ibilguan, baina ez ibar-basoek bakarrik, baizik eta, ibai-arroan gertatzen den guztiak eragiten du ibai-ibilguan. Ondorioz, uholde arriskuan. Ibai-arroa geroz eta artifizialagoa izan (industriguneak, herriak, errepideak, laborantza lurrak …) orduan eta ur gutxiago xurgatzeko gaitasuna izango du eta abiada azkarragoan iritsiko da ura ibaira, ur-emari aldaketa nabarmen eta azkarragoak sortuz; ondorioz, uholde arriskua haundituz.

Zein tokitan agertzen dira?
Askotan, nolabaiteko aldaketak jasan dituzten habitat na­tural eta seminaturalak kolonizatzen dituzte. Izan ere, landare inbaditzaile batek toki bat ez kolonizatzeko toki hori kon­tserbazio egoera onean mantentzea ezinbestekoa da. Gau­zak horrela, obra-lanak egin diren eremuetan, errepide er­tzetan, industriaguneetan eta horietatik guztietatik gertu agertu ohi dira. Nola ez, baita lorategi batzuetan ere; ez da ahaztu behar espezie hauetako asko lorazantzan erabiltzeko ekarri izan direla.

Orain urte batzuk baino espezie inbaditzaile gehiago agertzen al dira gaur egun? Zergatik?
Gizakia sortu zenetik, bere jarduerek, animalia eta landare askoren banaketa naturala moldatu dute geroz eta erritmo azkarrago batean, hasiera ba­tean nekazaritza eta abeltzain­tzak eraginda eta ondoren globalizazioak eta nazioarteko merkataritzaren eraginez. Hau dela-eta, eta honen kontrolerako baliabide eraginkorrik jarri ezean, urtetik urtera espezie inbaditzaile ezberdinen kopurua igotzea espero daiteke.

Zein neurri hartu izan dira landare horiei aurre egiteko?
Oso garrantzitsua da herri mailan ez ezik, eskala haundiago batean ere lan egitea. Ba­dakigu Tolosaldea eta Goie­rrialdea es­kualdeak ere lanean ari direla. Horrez gain, Gi­puz­koako Foru Aldundiak 5 urte da­ramazki honetan lanean es­kualde mailako beste Udalerri batzuekin.
Baina beste behin, preben­tzioa da hartu beharreko lehenengo neurria. Prebentzio on batekin esfortzu ekonomiko eta fisiko asko aurreztuko genuke. Zentzu honetan, ikerketak bul­tzatu beharko lirateke landare hauen kontra lan egiteko metodologia eraginkorrenak bilatze aldera, sarrera kontrolak hobetu, inguruko herrialde eta udalerriekin lan esperientziak elkarbanatzeko sareak sortu, errepide eta trenbideetako kudeatzaileekin elkarlana bilatu, eta, azkenik, gizartea kon­tzientziatzeko la­ne­an jarraitzea ezinbestekoa da.
Herri mailan, Udalak eredu izan behar du honetan eta bere lorategietan bertako espezieei lehentasuna eman. Maila pribatuan ere, bertako landareen aldeko aukeraketa egitea bul­tzatu nahi da.

Edonork eragin dezake, nahi gabe, landare inbaditzaile horien zabalpenean. Konturatzen gara horretaz? Zer egin dezakegu?
Edonork eragin dezake bai, eta era ezberdin askotara. Gaur egun ohikoa da beste kontinente batzuetara bidaiatzea. Bidaia horietan nahita edo nahigabe ekar ditzakegu espezie inbaditzaile bihurtu daitezkeen espezieak (oinetakoetan haziak edo landare biziak apaingarri modura adibidez).
Bestalde, askotan ikusten ditugu espezie hauek etxeetako lorontzi edo lorategietan. Her­nanin adibidez Crocosmia x crocosmiflora espeziea loron­tzietan ikusten da, eta ez da harritzekoa; landare hauetako asko bere edertasunagatik lorazantzan erabiltzeko ekarri ziren. Jakin behar dugu ordea, honekin, landare inbaditzaileen foku berriak sortzeko arriskua dagoela.
Etxean ditugun landare hauek ezabatu nahi baditugu ordea, orokorrean, landarea sustraitik atera behar da. Aleak eskuz atera daitezke sustrai guztiak ateratzen direla ziurtatuz. Ateratako aleak poltsetan gorde behar dira guztiz lehortu direla ondo ziurtatu arte eta ondoren zaborretara bota.
Beste metodo bat landarea moztea da, baina landarea in­dartu eta ugaritu ez dadin maiztasun handiz egin behar dira mozketak, landarearen erreserba guztiak agortu arte. Moz­tu­tako aleak ere, zaborretara bota aurretik lehortzen utzi behar dira, pila batean jarrita edo poltsetan bilduta (haizeak eraman ez ditzan). Izan ere, ondo lehortu ezean, landarea ezabatu ordez zabaltzen arituko gara.

Epe ertain-luzean, egoera asko aldatuko da? Zein eragin izan ditzakete aldaketa horiek?
Zaila da esaten zenbat aldatuko den egoera hemendik urte ba­tzuetara. Esan dezakedan bakarra da, behin landare hauek identifikatzen dituzula inguru batzuetan era beldurgarrian hazten ari direla ikusten duzula, batzuk tamaina eta azalera oso haundiak hartzeko gai baitira. Nire iritziz, nekez iritsiko gara hauek erabat erradikatzera, baina ezinbestekotzat jotzen dut egiten ari garen lana, gu­txienez kontrolpean izan eta ahal den heinean erradikatzeko. Lan hauek gabe, askoz zabalduagoak egongo lirateke.
Zoritxarrez, ez dira gutxi ondare naturala mehatxatzen duten faktoreak gaur egun (ingurunearen artifizializazioa, produktu fitosanitarioen zein kutsadura mota ezberdinen emendioa…) eta landare inbaditzaileak zerrenda horretara gehitu beharreko arrazoi bat gehiago bihurtu dira. Izan ere, mundu mailan habitat naturalen galeraren bigarren arrazoi nagusia kontsidera­tzen dira. Eguneroko bizitzan izan dezakeen lehen inpaktua bisuala izan daitekeela imajinatzen dut, habitaten sinplifikazioaren ondorioz, baina hori baino larriagoa izan daiteke oreka ekologikoa apurtzearen ondorioz ekar ditzakeen ondorioak, oraindik ezezagunak.

HERNANIKO KRONIKAN EGINDAKO ERREPORTAJEA.