Urumeako Atlas Emozionala. Herritarrak ibaiarekin lotuz, oroimenen, emozioen eta esperientzien bitartez

Arkeologia, Etnografia / Hiriko biodibertsitatea, Hiritar zientzia

Osteguna, 2024eko urriaren 31a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 5 minutu

Urumea ibaia hirian zehar igarotzen da bere korronte lasai eta patxadatsuarekin, askotariko paisaiak zeharkatuz, Loiola edo Martuteneko ibaiertz natural eta berdeetatik
hasi eta hiriguneko ingurune hiritarrenetaraino, itsasoan itsasoratzen den arte. Ibaia hiriaren aldaketen eta bilakaeraren lekuko izan da, eta bizipenak eta emozioak eskaini dizkie bertako biztanleei, orain, Cristina Enea Fundazioaren "Urumeako Atlas Emozionala" proiektuari esker, azaleratu nahi ditugunak.

"Urumeako Atlas Emozionala" Urumeako urek sortzen dituzten emozioen bila egindako bidaia bat da, ibaiaren ertzetan errotuta dagoen memoria historiko kolektibo eta indibidualaren esplorazio sakon bat, hiriarentzat itsasargi artistiko eta kultural bihurtu nahi duena. Proiektua irailean hasiko da, eta herritarren parte-hartzean oinarrituko da, inkestak eta talde-elkarrizketak eginez. Horien bidez, ibaiari lotutako oroitzapenak, esperientziak eta sentimenduak berreskuratuko ditugu. Urumea ibaian murgilduko gara oroimenaren uretan igeri egiteko, ezagutza sakona eta estimua kontserbaziorako ezinbestekoak direlakoan. Donostiako Udaleko Ekologia zinegotziak, Iñigo Garcíak, adierazi duenez, «Urumea ibaiaren iraganetik, orainetik eta etorkizunetik bidaiatuko duen proiektua da, oroitzapenen, esperientzien eta herri-memoriaren bidez. Izan ere, pertsona eta kolektiboei egindako inkesta eta elkarrizketen bidez jasotzen ari da proiektu hori, ibaiak Donostiaren bilakaeran duen garrantziari buruzko historia bat ehuntzeko, batzuetan ahaztua edo gehiegi kontuan hartu gabea».

Proiektuaren eragile arduradunek adierazi dutenez, «aukera paregabea da Urumearekin dugun lotura biziberritzeko eta ibaiari gure hirian eta gizartean merezi duen paper nagusia itzultzeko, kulturatik, memoria historikotik eta antropologiatik abiatuta». Horretarako, eta herritarrak ibaiarekin lotzen dituzten lotura emozionalei buruzko testigantzak biltzeko eta berreskuratzeko helburuarekin, hainbat inkesta egingo dira datozen hilabeteetan, galdera irekiekin zein itxiekin, eta taldeelkarrizketekin, Urumeari eta haren historiari buruz Donostiako biztanleek duten pertzepzioa jasotzeko. «Inkesta horiek online eta aurrez aurre banatuko dira, hainbat elkarte eta erakunderen laguntzarekin, eta taldeko elkarrizketak bitartekariekin egingo dira, gai desberdinak planteatuz, horiei buruz askatasunez hitz egiten joateko», azaldu dute.

Kronograma

  • Proiektuaren lehen fasean – urte hasieratik martxan dago, eta informazioa biltzeko fasea da –, lurraldearekiko hurbilketa bat egin da bibliografia espezializatuaren bidez, ibaiarekin lotutako alderdi historiko, sozial, etnografiko eta artistiko esanguratsuenak atzemateko. Era berean, harremanetan jarri gara hainbat elkarte eta erakunderekin, proiektua aurkezteko eta proiektuan aktiboki parte hartzea proposatzeko.
  • Bigarren fasean, inkesta bat diseinatuko da donostiarrek Urumeari eta haren historiari buruz duten pertzepzioa jasotzeko. Online eta aurrez aurre egin ahal izango da, tokiko elkarteen laguntzarekin, eta proiektuaren webgunearen ( www . atlasurumea .eus ) eta proiektuaren sareen bidez (@atlasurumea, X eta Instagramen). Parte hartu dezakezu HEMEN

Bigarren fase honetan, taldekako elkarrizketak antolatuko dira, eta horietan hainbat gai planteatuko dira, horiei buruz askatasunez hitz egiteko. Prozesua osatzeko, tailer parte-hartzaile batzuk egingo dira hainbat adinentzat, kultur etxeetan, Tabakaleran eta San Telmo Museoan.

  • Hirugarren fasea 2025. urtearen hasieran hasiko da, eta emaitzak interpretatzea eta gaiak aukeratzea izango da. Txosten bat idatziko da, inkesten eta talde-elkarrizketen emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak bilduz, eta inkesta eta talde-elkarrizketetan atera diren gaiei buruzko ikerketa bibliografiko espezifiko batekin osatuko da. 10 gai esanguratsuenak hautatuko dira, ondorengo hgai eta alorrekin zerikusia eta lotura izan dezaketenak: ibaiaren kartografia, Urumean historikoki egiten ziren lanbide tradizionalak, ibaiaren jai-izaera eta herritarren aisialdia, arrantza, mitologia, Urumearen iragan eta orainaldi industriala, kirola, gastronomia, jolas eta haurtzaroa etabar.
  • Laugarren fasea (2025eko amaiera) argitalpen historiko-literario ilustratu baten edizioa izango da, ikerketa antropologikoaren emaitzetatik aukeratutako 10 gaiekin, artistaren liburu gisa, ibaiaren memoria historikoa eta emozionala dibulgazioizaerarekin aurkeztuko duena.
  • Bosgarren eta azken faseak, 2026an garatuko denak, aurreikusten du argitalpenaren 10 gaiak erakusketa-proposamen bihurtuko direla, eta, barneko egitura eta koherentziarekin, ibaiaren memoriatik igarotzea ahalbidetuko duela. Balizko modulu, testu eta ilustrazioen egiturez gain, artelanekin eta objektu etnografikoekin erakusketa osatzea baloratuko da.

Aurrekariak

Proiektua aurrez eginiko bi proiektutan oinarritzen da: HidroLogikak eta Bidasoako Atlas Emozionala. Lehenengoa, Cristina Enea Fundazioaren ekimen bat izan zen, azken hamarkadetan hiriko hondartzen eta hareatzen alde galdutako protagonismoa itzuli nahi ziona Urumea ibaiari, historikoki ibai horrek hiria, kultura, gizarte eta ingurumenaren aldetik eratzeko izan duen garrantzia eta papera azpimarratuz.

HidroLogikak, zeinak izaera antropologiko nabarmena eta ibaiaren berreskuratze naturala eta soziala erdiesteko helburua baitzuen, Urumeako ibaiertzetatik irteerak eta paseoak eskaintzen zituen urtero, haren ingurumen-aberastasuna eta ezkutuko historia ezagutzeko, bai eta hitzaldiak eta mahai-inguruak, erakusketak eta tailerrak ere, hala nola ibaiko lohiekin egin zen serigrafia ikastaroa, betseak beste. Urumeari begirada itzultzen zion berreskuratze programa bat, urteetan bizkarra eman ondoren.

Bestalde, Helga Massetani Piemontek (Bitamine Faktoria) eta María José Noain Maurak (Los Viajes de Aspasia) "Bidasoako Kartografia Emozionala" proiektua garatu zuten Irunen, kartografia artistikoaren historiari buruzko ikerketa bat eta ikuspegi antropologiko bat uztartzen zituen ekimena, geroago, 2021ean, "Bidasoako Atlas Emozionalean" eboluzionatu zuena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren dirulaguntza banari esker. Atlasak Bidasoaren ertzetako biztanleen pertzepzio emozionala atzematen zuen, eta horren ondorioz, argitalpen bat argitaratu eta erakusketa bat antolatu zen Irungo Oiasso Erromatar Museoan, oroitzapenak gogoratzeko, emozioak pizteko eta nortasun kolektiboa ahanzturatik berreskuratzeko diseinatutako instalazio artistikoak aurkeztuz, Gipuzkoako bilduma desberdinetako artelanekin eta objektu etnografikoekin batera. Urumeako Atlas Emozionalerako, Helga eta María José izango dira inkestak eta taldeelkarrizketak

diseinatzen eta dinamizatzen, proiektuaren ikerketa antropologikoa egiteko, emaitzak interpretatzeko eta gai esanguratsuenak hautatzeko, hori guztia Cristina Enea Fundazioaren erakusketa-proiektuen sailaren arduradun Eneko Calvoren zuzendaritzapean.

Kolaborazioak

Proiektuak Donostiako Udaleko Ekologia sailaren kolaborazioa dauka, Cristina Enea Fundazioaren bitartez, eta Helga Massetani Piemonte (Bitamine Faktoria) eta María José Noain Maura (Los Viajes de Aspasia) dinamizazio lanak ditu, bai eta herritarren laguntza eta ondorengo elkarteen lankidetza ere: Donostia Kultura eta Donostiako Kultur Etxeen sarea, San Telmo Museoa, Tabakalera eta Aranzadi Zientzia Elkartea.