Aranzadik XIII. Arkeologia Jardunaldiak teknologia berrien eskutik aurkeztu ditu
Astelehena, 2015eko otsailaren 23a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Jardunaldiak asteazkena, otsailak 25ean, 19:30etan hasiko dira San Telmo Museoan eta lau egunetan zehar Ikerbasque, EHU, AGIRI Arkeologia Kultur Taldea eta Aranzadiko adituek hiru hitzaldi eta familientzako tailerra eskainiko dituzte.
Jardunaldi hauen helburua, iraganean, duela milaka urte hain zuzen ere, gure arbasoen bizimodua ulertzen lagunduko dizkiguten ikerketak dira eta. Horretarako, hiru gai nagusi jorratuko dira:
Otsailak 25. Brontze Aroa San Adriango tunelean (Aizkorri). 2008az geroztik, pasadizo enblematiko honek interes handia piztu du arkeologo eta historialarien artean, bertan 3.500 urte inguruko aztarnak aurkitu baitira.
Otsailak 26. Monumentu megalitikoen zaharberritzea. Azken urteetan megalitoak berreraikitzeko proiektu desberdinak aurrera eraman dira: Arribiribilleta, Sorginaren Txabola eta Hezurtegiaren Gaintxoa. Horretarako, teknika berrienak erabili izan dira eta arkitektoek, zaharberritzaileek, eta topografoek, besteen artean, elkarrekin lan egin dute, diziplina anitz bateratuz.
Otsailak 27. Euskal Herriko cromlech piriniar eta harrespilei buruzko azken berriak. 1500 bat estruktura identifikatu dira oro har gure geografian zehar, Telesforo de Aranzadik mairubaratzak zeritzonak. Monumentu hauen klasifikazioaren aitzindaria omendu nahi da hitzaldi honen bitartez: Jacques Blot arkeologo lapurtarra. Euskal Herrian, Iparraldean bereziki, hileta-monumentu hauen sailkapena sortu zuen Blot-ek.
Jardunaldiei amaiera emateko, larunbatean, hilak 28, 17:00etan familientzako tailer prehistorikoak eskainiko dira.
Megalitoak, Gipuzkoako megalitoak ezagutu eta kokatzeko aplikazioa
Jardunaldien ildoa jarraituz, Aranzadik eta Akting enpresa donostiarrak Gipuzkoako monumentu megalitikoak ezagutzeko smartphone eta tabletentzako aplikazioa garatu dute, geokokapenaz baliatuta informazio zehatza eskaintzen duena. Megalitoak 300 elementuen fitxa osatuta eskaintzen du, informazio teknikoa (deskribapena, bertan egindako ikerketak, bibliografia, planoak…), argazkiak eta koordenadaz horniturik daudenak. Erabiltzaileak inguruan dituen harrikutxa, cromlech, dolmen, monolito eta tumuluak deskubritu ditzake une oro.
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol sailaren babesarekin garatu da eta eskuragarri dago, doan, Play Storen.
Jardunaldien liburuxka hemen ikus dezakezu.