Zalduako gune termalean aurkitutako objektuen aurkezpena

Arkeologia

Astelehena, 2019eko abenduaren 9a — CEST

Irakurketa: 9 minutu

Oraingo honetan prentsaurrekoan aurkeztu dira orain arte erakutsi ez diren materialak: bitxiak, zorte ona ematen duten materialak, apaindura objektuak eta balio sozio-politikoa duten hainbat objektu. Zortzigarren kanpaina honetan Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek hartu dute parte, Museum of London Archaeologyko hainbat arkeologoekin batera, beti

Nafarroako Gobernuko Erregistro, Mugikor eta Arkeologia Atalaren gainbegiradarekin.

Kultura Zuzendariaren hitzetan “Zalduako ikerketa lana gure historia eta iragana ezagutzeko oso lagungarria da, hain gutxi landuta dagoen Erroma garaiko Nafarroa nolakoa den ezagutzeko, Erabili diren prospekzio metodologiak eta indusketa-erregistro

Auritzeko alkateak aurkikuntza horien garrantziaren zein urte hauetan guztietan egindako lan onaren inguruko zehaztasunak eman zituen. “Gure lurrarentzat, ezinbestekoa da ondare horren aldeko apustua egitea; izan ere, Nafarroako hegoaldearekin alderatuta, ez da horren ugaria gure eskualdean, eta aberasgarria da gure jatorriak ezagutzea”, adierazi zuen.

Bestalde, alkateak horrek “eskualderako ekar dezakeen potentzial ekonomikoa” gogorarazi zuen. Izan ere, bere hitzetan, “eskaintza kulturala dibertsifikatzen du eta foru-komunitateko toki deprimituenetako batean turismo arloko oso erakargune garrantzitsua izan daiteke. Gainera, indusketa jarduerak berak ere onura sortzen du eta horrek eragina du ekonomian”.

Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak, Juantxo Agirrek, prentsaurrekoan honako hau azaldu zuen: “hiri-izaera duen aztarnategi garrantzitsua da hau. Astorga- Asturica Bordele-Burdigalarekin lotzen zuen Iter XXXIV galtzadaren Piriniotako pasagunean dago kokatuta. Egile klasiko erromatarrek baskoien lurralde honetan Summum Pirineum eta Iturissa tokiak aipatu zituzten”.

Gainera, honako hau gogorarazi nahi izan zuen: “Zalduan egindako lan guztiek MOLAk, Museum of London Archaeology-k, Londinium-eko arkeologia erromatarrean espezializatutako erakundeak, emandako irizpideei jarraitu diete eta indusketa lan horrek uda honetan zortzigarren kanpaina bete du”.

Aztarnategiko zuzendarietako batek, Oihane Mendizabal Sandonísek, azaldu zuenez, “azken lanek berretsi egin dute gaur egun induskatzen ari garen eraikina terma edo bainuen gune gisa erabiltzen zutela zioen hipotesia; agerian geratu da hori uda honetan topatutako hypocaustumari esker. Lurpean eta hormen artean zegoen hutsuneak eratutako sistema zen; horri esker, erromatarren garaian, igerilekuan edo gelak berotzen zituzten”. Aztarnategiko zuzendariak kanpaina horietan aurkitutako material enblematikoenak aurkeztu zituen prentsaurrekoan.



Zoriarekin eta zorte onarekin lotutako objektuak

    1. 1. URREZKO ERAZTUNA (Annulus aureus)



Intaglioa kolore urdineko nicolo onyx-arekin eginda dago. Objektuaren aparteko kalitatea (materialen dotoretasunagatik zein bere egindura teknikoagatik) Zalduako gune arkeologikoan bizi ziren batzuek zuten bizitza maila altuaren adierazgarri da.

Intaglioan ikus daitekeen irudia Fortuna jainkosa dela dirudi. Eskuetan, kornukopiaren irudi eskematikoa izan daitekeena du, ugalkortasunaren irudia eta jainkotasun horrekin batera maiz azaltzen den ikurra. Fortuna jainkosari egiten zioten gurtza oso ezaguna izan zen eta erromatar inperio erromatar osoan oso zabalduta egon zen. Fortunaren irudia duten objektuak erromatarren garaiko aztarnategi arkeologiko ugaritako etxeko testuinguru zein testuinguru pertsonal askotan topatu izan dituzte.



    1. 2. BRONTZEZ EGINDAKO AMULETO FALIKOA (Fascinus)



Oso ohikoak ziren erromatarren munduan amuleto mota horiek; izan ere, zorte ona erakartzeko eta begizkoa uxatzeko erabiltzen zituzten. Plinio Zaharra idazle latindarraren arabera, inbidiaren aurkako erremedioak dira. Mutilak zein gizonezko gazteak babesteko erabiltzen zituzten, baina, era berean, aparteko babes-neurriak bilatzen zituen beste kolektibo batek ere maiz erabiltzen zituen: soldaduek, esate baterako.

Amuletoaren formak (faloa gainazal errektangular txiki bati lotuta dago eta hori ez da lepoan eramateko zintzilikarioen forma tradizionala) baliteke agerian uztea zaldiak apaintzeko edo jantzi militarretan erabiltzen zutela (hori ere nahiko ohikoa zen). Zori onaren amuleto horietako asko testuinguru militarrei lotuta daude.



    1. 3. BRONTZEZKO LUNULA (Lunula)



Erromatarren garaian neskek eta emakumeek erabili ohi zuten ilgora itxura duen amuletoa da. Izaera apotropaikoa zuen, babesa ematekoa zein zorte ona erakartzekoa. Isidoro Sevillakoak lunulak ilargi forma duten emakumezkoen apaingarri gisa deskribatu zituen, baina urrez egindakoak zirela aipatu zuen bere idatzietan.

Brontzezko lunulak, gainera, zorte onaren amuletoak ziren eta erromatarren garaian zaldien ekipamenduko zati gisa ere erabili ohi zituzten militarren artean. Aurkikuntza arkeologiko ugariri esker, badakigu erromatarren garaian lunulak eta amuleto falikoak oso erabiliak izan zirela babesa emateko amuleto gisa testuinguru zibiletan zein militarretan K.o. II. eta III. mendeetan. Animalien azaleko uhalerietatik zintzilikatzen zituzten.



    1. 4. JOLASERAKO BRONTZEZKO DADOA ETA ZIRKULUA (Tesserae)



Dadoak forma kubikoa eta zenbakiak ditu alde bakoitzean; fitxa hezurrean zizelkatuta dago eta zilindrikoa da. Barnealdean uztai kontzentrikoak ditu markatuta, erdigunetik ertzeraino. Bi pieza horiek mahai-jolasetan erabili ohi zituzten; dadoak metalezko godaleta batean sartzen zituzten, eta gero jaurti, puntuazioa lortzeko. Fitxak (zirkuluak da horien izen egokia) apustuetako diruaren baliokidea ziren.

Dadoak zein jolaseko fitxak erromatar inperio osoko aztarnategi arkeologiko ugaritan azaldu izan dira eta erromatarren garaiko testuinguru historikoetan ohikoenak diren objektuetako bat dira. Zabortegietan, etxeko guneetan, hileta eremuetan, kanpamentu militarretan… topatu izan dituzte (seguru asko, erabilera oso ezaguna zelako erromatarren artean). Tabernetan, jolaserako etxeetan, burdeletan, etxeetan, termetan eta kaleetan egiten zuten horiekin jolas, baina soldaduen artean bereziki jolas ezaguna zen itxaronaldi luzeetan entretenitzeko erabiltzen baitzuten.









II. EGUNEROKO BIZITZAREKIN LOTUTAKO OBJEKTUAK



KRISEILUAK (Lucernae)

Kriseiluak edo luzernak olio-lanparak ziren eta argiztatzeko erabiltzen zuten metxa bat (edo gehiago) izaten zuten. Gehienetan, metalezkoak edo zeramikazkoak izaten ziren eta forma eta motibo ugarirekin apaintzen zituzten: mitologikoak, eguneroko elementuak, faunistikoak, erotikoak eta abar. Jatorria historiaurrean duten arren, erromatarren inperioan orokortu eta hedatu zen haien erabilera, egunero erabiltzen zuten objektu bihurtzeraino. Horregatik, ohikoa da elementu mota horiek kronologia erromatarreko hainbat testuingurutan topatzea.



1. KIRIBILDURA EDO BOLUTEN KRISEILUA

Pasta argi horiztarekin eta engobe marroi ilunaren hondarrekin egindako pieza ia oso bat dokumentatu da. Diskoaren erdialdean bere kontserbazio-egoera delikatua dela eta argi eta garbi identifikatu ezin izan duten motibo bat dago, baina objektu edo izaki bizidun zehaztugabe bat izan daitekeenaren gainean dagoen Kupidoren irudi gisa interpreta daiteke. Boluten luzerna mota horiek ohikoak dira Augustoren eta Tiberioren erregealdietan; hau da, aro-aldaketaren eta K.o. I. mendeko lehen herenaren artean.

    1. 2. KANALEKO ARGI KRISEILUA



Aurrekoarekin gertatzen den moduan, luzerna hau ere ia oso-osorik dago, diskoa izan ezik. Pasta horiztarekin eginda dago eta engobe marroi ilunaren hondarrak ditu. K.o. I. mendeko azken herenean kokatu behar dugu horren kronologia batez ere.

    1. 3. ILARGI JAINKOSAREN IKONOGRAFIA DUEN KRISEILUA



Bost zatitan partzialki kontserbatu den kriseilua da. Hori dela eta, ezin izan dira bere tipologia eta kronologia espezifikoak baieztatu. Hala eta guztiz ere, diskoaren zati handiena ikus daiteke eta Ilargi jainkosaren bustoaren irudikapena hauteman daiteke, puntadun buruko adierazgarriarekin. Ikonografia horrek ekialdeko eragin argia du eta erromatarren inperio osoan oso zabalduta zegoen.

III. NORBERA APAINTZEKO OBJEKTUAK

    1. 1. ACUS CRINALIS



Latinezko hitzak argi adierazten duen moduan, bildutako orrazkerari eusteko erabiltzen ziren orratzak edo iskilinbak ziren. Hezurrez egindakoak izaten dira (beste aztarnategi batzuetan brontzezko batzuk ere aurkitu dituzte) eta haien forma behar funtzionaletara egokitzen da. Oro har, puntan amaitzen den zurtoin luzanga batek eta beste muturrean dagoen buruak edo lodiera batek osatzen dute. Orratzen buruaren dekorazioari eta neurriari dagokienez, era askotakoak izan daitezke, baina Zalduan identifikatutakoak esferikoak dira.

Objektu mota horiek oso ohikoak izaten dira kronologia erromatarreko aztarnategian; izan ere, Flavioren garaitik (K.o. 69-96) aurrera, moda-modan egon ziren kizkurrekin, txirikordekin eta ileordeekin egindako orrazkera konplexuak eta, haiek, eutsi ahal izateko, orratz ugari behar izaten zuten. Nafarroan, adibidez, hainbat unitate dokumentatu izan da honako aztarnategi erromatar hauetan: Andelo, Pompaelo, Cara eta Arellano.



IV. BALIO POLITIKOA ETA EKONOMIKOA DUTEN OBJEKTUAK



    1. 1. DENARIO (Denarius)



Julia Domna (K.o. 160-217) enperatrizaren zilarrezko txanpona. Aurrealdean Julia Domnaren erretratua ateratzen da txanponean, K.o. 194 urtean eman zioten titulu ofiziala gogora ekartzen duen Iulia Augusta legendarekin inguratuta. Enperatriz hori ezaguna da gure artean Santiago Posteguillok idatzitako “Yo, Julia” eleberriari esker. Erromatarren garaian Mater castrorum, “Kanpamentuen ama” izenarekin ezagutzen zuten bere kanpaina militarretan senarrarekin, Septimio Severo enperadorearekin, batera joateko zuen ohitura zela eta. Txanponaren atzean, atzealdean, aldiz, Pietas Publicaren, la “Pietate Publikoa”ren, irudia ikus daiteke belo eta guzti. Aldarearen aurrean sakrifizioa egiteko unean besoak altxatuta ditu. Pietas Liviaren, Augustoren (lehen enperadorea) emaztearen, garaitik enperatriz erromatarrekin lotzen da eta familiarekiko, estatuarekiko eta jainkoekiko duten debozioa irudikatzen du. Julia Domnaren kasuan, txanponetako atzealde ezagunenetako bat izan zen K.o. 196 eta 211 urteen artean.



    1. 2. FOLLIS



Zilarraren ehuneko txikia (% 4 baino gutxiago) duen brontzezko txanpona. Zalduan aurkitutakoa Konstantino I.aren, Handiaren (K.o. 272-337), garaikoa da. Follisak Antzinaro Berantiarrean, 294. urtetik aurrera, hasi ziren jaulkitzen, ekonomia egonkortzeko asmoz Diokleziano enperadoreak moneta-erreforma abian jarri zuenean. Konstantino I.aren erregealdian, follis horien neurria gutxitu egin zen, eta zilarraren ekarpena ia desagertu. Aurrealdean, ohoratutako enperadorearen erretratua eskuinerantz ikus dezakegu, inguruan "CONSTANTINVS AVG" inskripzioarekin. Atzealdean, aldiz, emakumezko bat ikus daiteke beste pertsona baten gainean zutik, beheko zatian men egitearen jarrerarekin. Motibo horrek enperadoreak sarmatiarrak garaitu izana sinbolizatzen du, inguruan dagoen inskripzioak agerian uzten duen moduan: "SARMATIA DEVICTA".

Txanponek aztarnategi arkeologikoetan balio historiko eta arkeologiko handia dute (merkatuan duten balio ekonomikoa baino askoz ere handiagoa). Dokumentatutako geruzak datatzeko eta jatorria ezagutzeko garaian funtsezkoak izaten dira txanponak eta, hori dela eta, aztarnategiaren fase ugariak hobeto ulertzeko lagungarriak dira. Erregistro estratigrafiko egokia egin gabe ateraz gero, txanponak zein aztarnategiak esanahi osoa galtzen dute eta berreskuraezina den informazioa desagertzen da.



BIDEOA IKUSI