| Hiribilduetako foruak Hiribilduetako antolaketa juridiko eta administratiboa jasotzen 
              zuen agiria dugu Forua. Hiribilduetako erakundeen garapenerako funtsezko 
              agiriak ziren, lege eta baldintza-bilduma hauek jarduera ekonomikoa 
              bideratzeko eta tokiko ezaugarri orokorren bermea baitziren. Hiribildu maila eskuratzerakoan emandako agiri hau ez da nahastu 
              behar Gipuzkoako Foruekin. Azken hau Lurralde osoari egokitzen den 
              araudia da; besteak, berriz, tokian tokikoak. Foruak, funtsean, hirietako auzokoentzat bizi-baldintza egokiak 
              sortzea eta inguruko Jaunen aurrean bizimodua erraztea eta hobetzea 
              zuen helburu. Asmo horrekin ere, atzerriko biztanleak erakartzea 
              bilatzen zuen, batez ere merkataritzan trebatuak eta iaioak ziren 
              giza-multzoak.  Horretarako, merkatari, ostalari eta artisauak biltzeko eta elkarbizitza 
              bideratzeko, Hiri-Foruek mota askotako zehaztasunak jasotzen zituzten: 
              hiribilduetako biztanlea izateko betebeharreko baldintzak, merkataritzako 
              arauak eta askatasuna, delituak zigortzeko neurriak, zerga-salbuespenak, 
              basoa ustiatzeko aukera, gudara joateko murrizketak,...  Dena den, Foruak berak hiribilduaren pean bizitzeko aukera mugatzeko 
              gaitasuna zuen. Berdin balio zuen, beraz, hala jendea erakartzeko 
              nola jendearen jarioa murrizteko. Horretarako, hiritar izateko balio 
              ez zuten giza-multzoak hitzez-hitz aipatzen ziren. Donostian, adibidez, abaintaila nagusiak atzerriko merkatariei egokitu 
              zitzaizkien, gaskoiei 
              alegia. Elgetan, 
              ordea, nekazariek ordaindu beharreko hainbat zerga ezabatu ziren, 
              hauek hiribilduratzeko asmoz. Tolosan, 
              berriz, guztiz kontrakoa egin zen: aurretik zergak ordaindu behar 
              zituztenei debekatu baitzitzaien.
 Honekin guztiarekin batera, hiribilduaren eskumena noraino hedatu 
              zehazten zen; hau da, bere legea ez zen harresiaren barnera mugatzen. 
              Ingurune zabal bat ere bere menpean jarri behar zen oinarri ekonomikoa 
              guztiz bermatuko bazen.
 Gipuzkoako Hiribilduek jasotako Foruak aldez aurretik beste toki 
              batean emandakoaren bertsio egokituak ziren, tokian tokiko zehaztasunak 
              erantsita. Foru osoa jaso eta garatu beharrean, baina, toki askotan 
              hiribildu titulua Hiri-Gutun baten bidez berresten zen, hango ala 
              hemengo Forua ezartzen zela aipatuz.  Bi agiri mota hauek funtsean helburu bera bazuten ere, hiribilduak 
              finkatzeko tokian tokiko baldintzak ez zirela beti berdinak aditzera 
              emango zuten. Hau da: Forua zehazteak tresna oso baten beharra adieraziko 
              luke; Hiri-Gutunean Forua aipatzeak, berriz, berme orokor baten 
              pean babestea ekarriko luke.  Dena dela, biztanleriaren beharrak, hiribilduen garapenak berak, 
              hasierako gizarte-giro gatazkatsua gainditzeak, aurreikusi gabeko 
              egoera berri batek,... honek guztiak eraginda, Foruak eta Hiri-Gutunek 
              jasotzen ez zituzten pasadizoak gertatuko dira hiribilduetan. Hau 
              dela-eta, agintariek gehiago zehaztu behar izan zituzten barne-araudiak, 
              udal ordenantza osatuagoak bilduz. Era berean, itun hauek errege berri batek kargua eskuratzerakoan 
              berresten zirela gogoratu behar dugu. |