| Hiribilduak: Gipuzkoaren ezinbesteko osagai HIRIBILDU hitza arrotz samar suertatzen bazaigu ere, 
              bere esanahia oso adierazgarria da. Izan ere, hitz horrek ederki 
              laburbiltzen du Erdi Aroan Europako bizimoduaren antolaketak nozitu 
              zuen eraldaketa: bestelako bizimodua alboratu eta “Hiri baten 
              moduan biltzea”, alegia. Hiribilduen sorrerak funtsezko aldaketak ezarri zituen 
              egun Gipuzkoa bezala ezagutzen dugun lurraldean. Hiri-guneen garapenak 
              ordura arte guztiz mugatuta ez zegoen lurraldearen eraldaketa bultzatu 
              omen zuen-eta. Beraz, hiriek gizartea berritu eta moldatu zutela 
              esan dezakegu.  Iritzi honekin aditu gehienak ados badaude ere, hiribilduek 
              aldatu zuten gizarte hura irudikatzea eta ulertzea askoz zailagoa 
              suertatzen zaigu. Horregatik, hirien aurreko gizarte-antolamenduari 
              buruz erantzunak baino, galdera dira nagusi oraindik-orain. Esan bezala, hiribilduak Gipuzkoako osaketan eta itxuraldaketan 
              aurrerapauso garrantzitsuak izan ziren. Orokorrean, XIII. mendera 
              arte Gipuzkoak betetzen zuen gunea finkatu gabe zegoela esan dezakegu. 
              Sasi-osatu Gipuzkoa horretan, bailaratan antolatutako giza-taldeak 
              sakabanatzen ziren, gune zabaletan eta mendi magaletan. Hau da, 
              gizartearen ardatza ez zen kokatuko lur eremu finko batean, sakabanatu 
              giza-multzoetan baizik. Hiribilduak ugaldu ahala, berriz, bailara horiek zatitu 
              egin ziren. Zatiketa honetan, hiribilduak beren inguruaren gune 
              nagusiak bilakatzen ziren. Ondorioz, ordura arte bizitzeko hobetsiak 
              ziren mendi altzoak maila apalago batean geratu ziren. Hamalaugarren 
              mendetik aurrera, beraz, gure lurraldeak ez ditu mendietako herrixkak 
              ardatz izango, ibai arroetan hedatzen diren bizilekuak baizik. Hiribilduen aurreko egoera hau ulertzen laguntzeko, 
              ondoko mapak proposatzen ditugu: 
               
                | handitzeko irudia sakatu | handitzeko irudia sakatu |  |