| Ereduaren arrakasta Hamalau eta hamabosgarren mendeetan zabaldutako giro eta segurtasun 
              ezaren eta hiribilduetako bizimoduaren arrakastaren erakusle hiri 
              hauen eskumena zabaldu izana dugu.  Erregeek eta hiribilduek elkarrekin sortutako harreman ereduari 
              jarraituz, Gipuzkoako hainbat tokik hiriek eskaintzen zuten babesa 
              bilatu zuten. Hirbilduetako barne-araudiak eta, batez ere, epailearen 
              lanak egiten zituzten alkateek bermatzen zuten babes hori. Alegia: 
              elkartze honetan, hiribiltze-prozesu orokorrean parte hartu ez zuten 
              herrixkek aurkitzen zuten abantailarik nagusiena hiribilduetako 
              alkatea epaile bezala izatea zen. Horrela, euren buruak Ahaide Nagusien 
              eskumenetik kanpo jartzen zituzten. Beraz, hiribilduetako eskumenaren barruan, harresitutako gunea 
              ez ezik landa eremuak ere sartzen ziren. Batzuetan, landa eremu 
              hauek hiribilduaren sorreran egokitutako herri edo baserri ziren. 
              Beste alditan, goian esan bezala, beranduago atxikitako herrixkak. 
             Bat egin arren, herrixka hauek beraien muga, ordezkari eta udal 
              kudeaketa orokorrari eusten zieten. Hiribilduek atxikimendu hauei 
              esker jasotzen zuten onurak bestelakoak ziren, bizilagun berri hauek 
              auzoko propio bezala zenbatzen ziren-eta. Modu honetan, hiribilduaren 
              auzokoen kopurua handitu eta Probintziako erakundeetan bozkatzeko 
              garaian hiribilduaren bozkaren balioa ere handitzen zen.  Elkarlan hau emankorra eta onuragarria baldin bazen ere, atxikimenduak 
              eragin zituzten baldintzak aldatu eta hiri eta herrien arteko tira-birak 
              areagotu ziren. Izan ere, Hiribilduak Gipuzkoako kontrola eskuratu 
              ahala eta Ahaide 
              Nagusien mehatxua desagertu ahala, herri txikiek bere 
              erabateko burujabetasuna berreskuratzea nahiago zuten. Prozesu hau, 
              baina, hamazazpigarren mendean bizkortuko da; orain lantzen ari 
              garen epetik kanpo, beraz. |