| Erdi Aroko Hiribilduen ezarugarri orokorra Hiri baten antzera biltzeak abantaila franko ekartzen zuen egitasmo 
              horretan parte hartzen zutenentzat: babes militarra, lege bereziak 
              eta propioak, partaideen arteko berdintasun politikoa, Erregeekin 
              elkarlana,... Bizimodu hau gauzatzeko, noski, hiriei eremu zehatz 
              bat egokitzen zitzaien. Eremu eta eskumen horretatik kanpo gelditzen 
              zirenak, berriz, gehienetan Jaun baten menpe bizi ziren. Bizitoki bat hiribildu bilakatzea Errege baten eta auzo baten arteko 
              ituna zela esan dezakegu. Itun honek orduko filosofia politikoaren 
              baitan ematen zen: Erregeak aitarena egiten zuen; hortaz, bere alabari 
              izen berria ezarri eta babestu egiten zuen. Alabak, berriz, aitarekiko 
              errespetuan bizitzeko autonomia hartzen zuen. Itxura, barne-antolakuntza eta jarduera ekonomikoa hiribilduen 
              berezitasunik nagusienak ziren. Itxura aldetik, herritarrek harresi 
              baten barruan babesteko aukera zutelako; antolakuntzaren aldetik, 
              bizileku bakoitzak bere lege eta arauak finkatzen zituelako; hau 
              da, aginte propioa zuen. Ekonomiaren arloan, berriz, artisautza 
              eta merkataritza nabarmentzen zirelako, jarduerak anitzak izaten 
              zirelarik. Barne-antolaketa  Bizimodu hiritarrean parte hartu ahal izateko, hiribilduarekiko 
              berarekiko leialtasuna aldarrikatzea ezinbestekoa zen, Ahaide 
              Nagusien menpeko taldeekiko loturak alboratuz. Izan ere, beste 
              giza-talde hauetako oinarri sozialean senidetasun-harremanak ziren 
              nagusi. Hiribilduetako ardatza, berriz, auzokotasuna zen.  Hirian bertan lortzen ziren eskubideak eta betebeharrak izateko 
              aukera, hiri-batzarrean biltzen zirenek elkarri hala aitortuta. 
              Horregatik, hiribilduetako batzarretan hiriaren izenean hartzen 
              zen parte, ez eta leinu 
              edo abizen baten ordezkari bezala. Batzar hauek zabalak ziren, auzotar guztiontzat irekia, beti ere 
              baldintza batzuk betez gero. Auzotar maila bereganatzeko norberaren 
              ahalmena erakutsi behar zen. Esate baterako: Etxeko jabea izan, 
              hirian errotua egon eta oinarri ekonomiko sendoa kudeatu.  Batzar zabal hauek, baina, bigarren mailan geratu ziren. Batetik, 
              auzotasuna nortasun ikur nagusi bezala garaitu arte, Ahaide 
              Nagusien aldekoek iskanbila franko sortzeko aukera izan 
              zutelako. Bestetik, hiribilduen eredua eta jarduera sendotu ahala, 
              hiri barneko poterea talde itxi baten esku gelditzen zelako. Honen ondorioz, batzar zabalak gero eta ez ohikoak bilakatu ziren, 
              hiriaren zuzendaritza udalbatza murriztu batek bereganatzen zuelarik. 
              Udalbatza hauek urtean behin antolatzen ziren hauteskundeen bitartez 
              aukeratzen ziren. Hauteslegoaren parte izateko, goian aipatu baldintzak 
              bete behar ziren. Udal hautetsien artean, alkatea dugu esanguratsuena. Udal komunitatearen 
              ordezkaritza nagusia eta hiribilduko biztanle oro epaitzeko ahalmena 
              biltzen zituen beregan. Orokorrean, batzar zabalaren ordez zinpekoak agertu zirela esan 
              dezakegu. Baina udalaren beharrak gorapilatu eta ardura berriak 
              sortzen ziren heinean, udal ofizio berriak azaldu ziren. Hauen artean, 
              erregidoreak, diputatua eta sindikoa ditugu.
  Hirigintza Hiribildu baten kokapena hautatzeak garrantzi handiko erabakia 
              zen. Orduko biztanleek oso aukeraketa zehatzak egiten zituzten, 
              ingurunearen gainean zeukaten ezagutza sakonean oinarrituta. Toki 
              gehienetan babes-leku naturalak aprobetxatzen zituzten: ibaiaren 
              bihurguneak, mendi lepoaren gerizpea... Gipuzkoako hiriek denboran 
              zehar toki berean iraun izanak aukeraketaren arrakasta erakusten 
              digu. Hiriko gunea ere ez zen nolanahi antolatzen, erosotasunak eta erabilgarritasunak 
              esanahi sinbolikoarekin bat egiten baitzuten. Adibidez, hirietako 
              ateak ekialdearekin lerrokatzen ziren, eguzkiaren sorrerarekin, 
              alegia. Ateek ere segurtasuna bermatzen zuten, egunez joan-etorriak 
              zaindu ondoren, gauez giltzatzen baitziren. 
 
               
                |  |   
                | Gatzaga: atea / Segura: mendebaldeko atea 
                  / Olarpe kantoia (Arrasate) |  Ate hauetatik kale nagusiak sortzen ziren, eta hauek zeharkatzen, 
              kantoiak. Arrasate olarpe Kaleetan zehar orubeak banatzen ziren. Bertan, etxea ez ezik, baratza 
              ere antolatzen zelarik.
 
 
               
                |  |   
                | Tolosako harresia, egungo Gorosabel kalearen 
                  azpian. Tolosako hilerri zaharra, Santa Maria elizaren inguruan. 
                  Hezurdurak XIII. mendearen bukaerakoak dira. (Aranzadi Zientzi 
                  Elkarteak 2000 eta 2001. urteetan burutu indusketa, Sonia San 
                  Joseren zuzendaritzapean) |  
 
               
                |  |   
                | Hondarribiko Laborda kaleko 12-14 orubetan 
                  agertu Erdi Aroko aztarnak: Zeramikazko ontziak, oinetako zolak 
                  eta ur-putzua. (Aranzadi Zientzi Elkarteak 2000. urtean burutu indusketa, 
                  Larraitz Arretxearen zuzendaritzapean)
 |  Adituek gure hiribilduek hartu zuten itxura geometrikoa hiru motatan 
              banatu dute:
 - Laukizuzenak: kanpamentu militarreko antzeko egitura: Donostia, 
              Hondarribia, Getaria, Elgeta, Usurbil, Urretxu.
 - Obal edo eliptikoak: kale nagusi zuzena eta aldamenetako biak 
              okerrak: Arrasate, Ordizia, Hernani, Elgoibar, Zestoa, Soraluze, 
              Leintz-Gatzaga, Deba.
 - Hirukiak: kaleak mutur batean batzen dira: Segura, Azpeitia, Orereta, 
              Zumaia, Orio, Zarautz eta Mutriku.
 
 
               
                |  |   
                | Arrasate / Soraluze / Getaria |  
 Ez forma hauek ezta tamainak ere ez digute ezer esango bertan bizi 
              zirenen gizarte-mailari buruz. Gainera, ezin dugu esan Gipuzkoako 
              eta Euskal Herriko hiribilduak oso handiak zirenik, baina horrek 
              ez zuen bere balioa gutxiesten. Alde horretatik, askoz esanguratsuagoa 
              da hiri barrualde horretako orubeak nola banatzen ziren jakiteak. 
              Izan ere, hasiera batean etxebizitzak altxatzeko sailak oso antzekoak 
              izango ziren, hiriguneko bateratasuna eta biztanleen arteko berdintasuna 
              azpimarratuz.  Barne banaketa honetan, senidetasunak eta ogibideak guztiz erabakigarriak 
              izan ziren. Bertan jorratzen ziren lanek izena eman diote kale askori. 
              Eta sendi multzoak ere kale gune zehatz batzuetan kokatzea eta hedatzea 
              oso ohikoa zen.  Hiribilduetako etxeak harresi batekin inguratzea eta babestea dugu 
              bizileku hauen ezaugarri nabarmenetakoa. Harresiak, hein handi batean, 
              hiribilduetako ikurra ziren. Hiri-Gutunetan 
              murru hauen derrigortasuna aipatzea ere ez da oso arraroa. Hala 
              gertatzen da, adibidez, Elgoibar, Zumaia, Orereta, Usurbil, Orio, 
              edo Zestoan. Ezin ahaztu, noski, garaiko giro gatazkatsua. Babes fisikoari ez ezik, harresiari bizimoduari lotutako esanahia 
              handia zerion. Hiriaren eta landaren arteko munduak irudimenaren 
              mailan ere ongi baino hobeto banatzen baitzituen. Murru hauen bitartez, 
              kanpoko aldeko biztanleekiko nagusitasuna aldarrikatzen zen. Ez 
              bakarrik baserri eta mendiko herrixketako bizilagunekiko, baita 
              ere zerkaren ondoan altxatzen ziren arrabaletako auzokoen aurrean.
 
 
               
                |  |   
                | Ferrerias kalea (Arrasate)/ Hondarribiko kale 
                  nagusia / Segurako errebala |  |