| Donostia: nafar erregeen ekimena 1180. urtea omen dugu Nafarroako Antso 
              VI.ak, Jakitunak, hiribildu titulua Donostiari 
              egokitu zionekoa. Gertakizun hau salbuespen gisa jaso ohi da, Errege 
              nafarrek Gipuzkoan sortutako hiribildu bakarra Donostia baita. Hala 
              ere, gure burua XII. mendean kokatuko bagenu, salbuespenaren ordez, 
              ekimen horretan logika trinkoa baino ez genuke topatuko. Izan ere, 
              gure egungo begiradapean Gipuzkoa zeharo zehaztuta dagoen lurraldea 
              izan arren – ongi berezituta eta mugatuta, alegia –, 
              XII. mendean Nafarroako Koroatik lurraldearen gainean egiten zen 
              irakurketa oso bestelakoa izango zen. Orduan, Donostiaren afera 
              kate zabalago baten osagai zatekeen.  Izan ere, eta Nafarroako Erresumak Gipuzkoan zehar atxikitako harreman 
              politiko eta komertzialak albo batean utzirik, Erregeren eta donostiarren 
              arteko ituna egitasmo orokor batean txertatzen dela begi-bistakoa 
              da. Nafar kutsuko hiribildu hauen atzetik, lurraldea kontrolatzeko 
              kezka aise antzeman daiteke, gehienak Gaztelarekiko mugan kokatzen 
              ziren-eta. Hortaz, hiribilduak Ebroko ibarrean populazioa finkatzeko 
              modu eraginkorra izan ziren. Gasteizen gainean altxatutako Vitorian, 
              berriz, une estrategikoa eta merkataritzakoa batzen zirela esan 
              dezakegu. Eta merkataritzaren arloa da, hain zuzen ere, Donostiaren 
              kasuan nabarmentzen dena. Baiona ingelesen menpe izanda, Nafarroako 
              komertziorako ezinbesteko irtenbidea finkatzen baitzen Donostian. 
             Antso VI.aren politika honek biziki aztoratu omen zituen orduko 
              Jaun Handiak, bere eskumenetik kanpo zonalde eta jende multzo garrantzitsua 
              uzten zituen eta. Hau dela-eta, Nafarroako 
              Koroarekiko utzikeria nagusituko da hauen artean, XI. mendearen 
              bukaeran beraien indarrak Gaztelako Erregearen alde gero eta nabarmenago 
              lerrokatu arte.  |