| Gaztelaren ordua Hamahirugarren mendean, Gaztelako Erregeek Nafarroakoek abiatutako 
              hiribiltze-politikari segida eman zioten. Bide honetan, bi une antzeman 
              daitezke, biak oso bestelakoak, bai tokiaren ikuspuntutik, bai eta 
              denboraren aldetik begiratuta ere. Errege-ekimenak Lehendabiziko hiribildu-sorta mendearen hasierakoa dugu, eta Gipuzkoako 
              kostaldeari dagokio. 1203. eta 1237. urteen bitarteko epealdi honetan, 
              bi errege nabarmendu ziren: Gaztelako Alfontso 
              VIII.a eta Fernando 
              III.a.Alfontso VIII.ak Hondarribiari (1203.ean), 
              Getariari eta Mutrikuri 
              (biei 1209.ean) eman zien hiribildutasuna. Fernando III.ak, berriz, 
              Zarautzi 1237. urtean.
 Modu horretan, Gaztelako botereak Gipuzkoako kostaldea bere alde 
              lerrokatzea lortu zuen. Eragina bikoitza zen, Nafarroako Erresumaren 
              komertzioari ere muga ezartzen zion eta.
 Litekeena da lehenengo bultzada hau Jaun Handien presioaz gelditu 
              behar izatea. Izan ere, Jaun hauen leialtasuna ezinbestekoa zitzaion 
              Gaztelako Erregeari euskal mendebaldearen kontrola Nafarroak berreskuratuko 
              ez bazuen. Beraz, Gaztelak hiribiltze prozesuari etenaldi bat eman 
              zion, Nafarroako Erregeek izandako arazoak ez pairatzeko.
 Bigarren bultzada, aldiz, Alfontso 
              X.aren eskutik etorri zen. Honek, Segura 
              eta Tolosa (1256. urtean), Arrasate 
              (1260an) eta Ordizia zein Bergara 
              (1268an) eraman baitzuen hiribildu izatera. Beraz, hamalau urtetan 
              bost hiribildu sortu zituen gure lurraldean.Hiribildu berriei esker Gaztelak Nafarroako Erresumaren harremanak 
              oztopatu edo kontrolatu egiten zituen. (Segurarekin batera, adibidez, 
              Aizkorriren beste aldean Agurain Salvatierra bilakatu zen). Izan 
              ere, hiribildu hauek bide-gurutzeetan zeuden, ibaiek eta bide zaharrek 
              bat egiten zuten tokietan, alegia. Tradiziozko bide hauetan zehar, 
              Nafarroako komertzioak kostaldera iristea bazuen eta.
 Hau da, mende hasieran Gaztelak bideen helmugak jarri zituen bere 
              menpean. Mende erdialdean, berriz, bideak batzen zituzten loturak.
 Kontrol hau mende bukaeran berretsi zen, 1294. urtean Antso 
              IV.ak Itziar hiribildu 
              bihurtu, era horretan Gipuzkoako kostaldeko azken muturra bere sarean 
              guztiz txertatuz.
 Herritarren ekimena Hamalaugarren mendean zehar hiribildu-sortzearen ezaugarriak aldatu 
              ziren. Orain, Erregeen ekimena baino, herrietako eskaera topatuko 
              dugu. Jendeak hiribilduan bizitzeko aldarrikapena egiteak bizimodu 
              horren balioa berretsiko luke. Hau da, hala Ahaide 
              Nagusien aurrean nola ekomomia suspertzeko unean, hiribilduaren 
              eredua arrakastatsutzat joko zen garai hartan. Hiribildu berri hauek paratzeko aukeratu ziren kokapenak aipatutako 
              arrakasta horren lekuko ditugu ere, asko eta asko hiribildu zaharrek 
              sortutako komunikazio sare berrian, ibaien ibarren ondoan, finkatu 
              baitziren. Kasu batzuetan, gainera, hiribilduen jatorrizko lekua 
              desegokitzat jo eta lekuz aldatuko dira. Koroaren interesak ere biztanleen nahiekin bat egin zuen. Ez soilik 
              ekonomia hobetze aldera, Jaun Handien boterea murrizteko ere bai. 
              Hortaz, garai honetako hiribildu ugari Deba arroan topatzeak ez 
              gaitu harritu behar, Bizkaiko Jaurerriarekiko muga marrazteko mudu 
              egokia zelako eta orobat, hein handi batean, baita Gebarako leinu 
              eta Jaunaren botere-gunean eragiteko modu bat. Denborari dagokionez, berriz ere bi epe zehaztu ahal ditugu. Lehenengoan, 
              Azpeitiko hiribilduarekin batera (Fernando 
              IV.aren eskutik 1310. urtean), Alfontsok 
              XI.aren menpean sorturiko multzo zabala dugu: Orereta 
              (1320an), Azkoitia (1324an), Gatzaga 
              (1331n), Elgeta (1335ean), Soraluze 
              eta Deba (1343an), Eibar 
              eta Elgoibar (1346an) eta Zumaia 
              (1347an). Mende honen bigarren aldian, berriz, Usurbil 
              (1371n) Enrike 
              II.ak emana agertzen zaigu; gero, Juan 
              I.arekin, Orio (1379an), 
              Hernani (1380an), Zestoa 
              (1383an) eta Urretxu (1383an) datoz. Urretxurekin Erdi Aroko hiribildu-sortze prozesua bukatutzat ematen 
              da. Honek ez du esan nahi herri gehiagok hiribildu maila lortu ez 
              zuenik. Hurrengo mendeetan ere auzo eta herrixka ugarik egin zuen 
              aldarrikapen bera. Batzuek berehala eskuratu zuten eskatzen zuten 
              maila juridikoa; beste batzuek, auzi luze baten ondorioz lortu zuten; 
              eta, oraindik ere, badira Gipuzkoan burujabetasunaren zain dauden 
              herriak. |