| Elezaharretan badago 
              zer ikasi Bi pasadizo hauetan, badira hiribilduen eta beraien aurreko gizartearen 
              arteko harremanak mintzo zaizkigun gertakizunak.  Adibidez, bietan oso bestelakoak diren bi mundu agertzen dira: 
              mendiarena eta hiriarena: Jentilbaratza edo Murugain, alde batetik; 
              eta Arrasate edo Beasain, bestetik.  Bietan ere, mendi magaletatik abiatu prozesu baten berri ematen 
              zaigu. Batean, jentilak (arbasoak) Jentilbaratzatik Beasainera iristen 
              dira, Lazkaotik pasatzen. Bestean, Murugainetik eta kobazuloetatik 
              Arrasateko Santa Barbaraino. Bigarren honetan, gainera, Murugain 
              lekuizena agertzen zaigu, herrixka zahar baten kokapen adierazten 
              duen tokizena, hain zuzen ere. Bizitokiak mendietatik hiribilduetatik 
              aldatu direla, alegia, ageria gelditzen da.  Biak eta biak ere, garaileen ikuspuntutik kontatzen diren istorioak 
              ditugu. Hau da: Gipuzkoa ordenatzeko garaile suertatu diren eta 
              ibai arroan bizileku finkatu duten hiribilduen ikusmoldetik. Hiritar 
              hauek mendi magaletan oraindik bizi direnak inozotzat (jentila) 
              ala basatitzat (herensugea) jotzen dituzte, bizimodu hauek atzeratuak 
              gelditu direlarik. Ikusmolde honetan, hiritarrek gune garatu bezala 
              dute bere burua, kristautasunari, burdinaren ekoizpen hobetsiari 
              (bietan burdina gori-gorian jartzeko gaitasuna aipatzen baita) eta 
              merkataritzari esker. |