Anfiviñas / Mahastigel: anfibio eta mahastientzako proiektu onuragarria
Herpetologia / Espezieen jarraipena, Habitaten jarraipena eta kontserbazioa
Asteazkena, 2024eko ekainaren 19a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 4 minutu
Erabilerarik gabeko ur-biltegiak anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunentzat tranpa bihurtu dira. Mahastigelaren helburua da Arabako Errioxan biodibertsitatea sustatzea eta, horretarako, halako “putzuak” lehengoratzea. Halaber, eskualdean zenbait hezegune txiki sortu edo lehengoratu dira.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Anfiviñas/Mahastigel proiektua aurkeztu du Navaridas udalerrian (Arabako Errioxa). Hain zuzen ere, orain gutxi, FEMPk (Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioa) udalerri hori saritu du biodibertsitatea kontserbatzeko abian jarri dituen jarduketak direla eta. Lan horiek Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatu ditu, eta modu aktiboan parte hartu du.
Duela 8 urte ekin zitzaion Anfiviñas/Mahastigel proiektuari, batez ere, erakunde publikoen laguntzarekin, eta orain arte 34 putzu txiki sortu edo lehengoratu dira eskualdean. Ekimen horren baitan, une honetan bigarren fasea jarriko dugu abian mahastizaintza- eta ardogintza-ekoizpenerako lur pribatuetan.
Anfiviñas/Mahastigel proiektuaren helburu nagusia da lehendik dauden kultur paisaiako elementuetan jardunez lehen sektorerako tokietan biodibertsitatea gehitzea. Zehatz-mehatz esanda, mahastietan bertako biztanleek “putzu” deitzen dieten ur-hornidurako biltegiak egokitu eta natural bihurtuko dira. Neurri erraz, eraginkor eta onuragarria da, bai lursaileetako jabeentzat, bai, oro har, gizartearentzat. “Jarduketa horiei esker, aipatutako hezeguneetan biodibertsitatea gehituko da, fisikoki txikiak izan arren, biologiaren ikuspegitik oso aberatsak baitira”. Neurri horiei esker, Arabako Errioxan mehatxatuta dauden zenbait izaki bizidunek, hain zuzen ere organismo urtarrek (batez ere, anfibioak, burruntziak eta txitxi-burruntziak), onura aterako dute”. Hala baieztatu du Gabriel García de Marcosek, proiektuaren arduradunak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologoak.
Ur-biltegiak mahastietan
Ur-biltegiak Arabako Errioxan zehar 40ko hamarkadaz gero sortu ziren, eta onibarrean bertan mahastietako tratamendu agrokimikorako eskuzko ekipoak betetzeko erabiltzen ziren. Gaur egun, ordea, erabilerarik gabe gelditu dira, eta zenbait benetako tranpa bihurtu dira anfibio, narrasti, hegazti eta ugaztunentzat, biltegitik atera ezin dutenez, itota hiltzen baitira. Lehengoratzeari esker, “animaliak sartu eta atera daitezke, bai ura edateko eta/edo harrapakinak lortzeko, bai eta anfibioen kasuan, ugalketa-puntu berriak izan ditzaten ere”, azaldu du Gabriel García de Marcos herpetologoak.
Arabako Errioxako biltegi horietan eskualdean bizi diren zortzi anfibio-espezietatik bosten indibiduo helduak eta larbak aurkitu dira: uhandre palmatua, uhandre marmolairea, iparreko apo pikarta, txantxikua eta ur-igel arrunt iberiarra. Guztiak espezie babestuak dira, eta zenbait Europako habitatei buruzko zuzentarauaren IV. eranskinean jasota daude, Batasuneko eremuan ingurumena kontserbatu eta babesteari begira. Horregatik, oso garrantzitsua da lurraldeko kultur paisaiako elementu horiei balioa ematea eta egokitzea.
Arabako Errioxa, mahastizaintza- eta ardogintza-produkzioko lurra
Arabako Errioxako habitata asko aldatu da historian zehar (Euskadi mailan gehien aldatu den eremuetako bat da), eta baso-paisaia potentziala (nagusiki zurbeltz-basoak) eskualdearen jarduera ekonomiko nagusirako, hau da, mahastizaintza- eta ardogintza-ekoizpenerako, laboreekin ordezkatu da. Gizakiak landu duen oraingo Arabako Errioxako kultur paisaian paisaiaren beraren elementuak sakabanatuta daude, eta biodibertsitatearen kontserbazioa susta dezakete: mahatsa gordetzeko etxolak, Mediterraneoko sastraken zati txikiak, heskaiak, harrizko hormak eta putzu txikiak, besteak beste. Lehen aipatu den habitata aldatzeko prozesuan, paisaiaren elementu kaltetuenak hezegune txikiak dira. Orain arte jarduketa gehienak titulartasun publikoko lurretan egin dira, baina azaleraren zati handi bat titulartasun pribatuko lurrak dira, eta ia ezin izan da halako jarduketarik gauzatu. Beraz, ekimen hau aukera paregabea da izaki bizidun urtarrentzat onuragarriak diren kudeaketa-jarduketak lurraldean banatzeko.
2023ko kanpainan, proiektu pilotu honek Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Elkarte Herpetologikoaren eta bi upategiren laguntza izan zuen. Orain, 2024ko kanpainan, ekimenari Vital Fundazioa batu zaio, eta Arabako Errioxako zenbait udalerritan ur-biltegiak egokituko dira. Gainera, proiektua eskualdeko herritarrei zabaldu eta aditzera emateko, informazio-hitzaldiak egingo dira, batik bat mahastietako eta/edo upategietako jabeei zuzenduta.