Arabar Errioxan mikrohezegune sarea sortzeko egitasmoak lehen fasea osatu
Osteguna, 2019eko apirilaren 4a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Bazter batera hirigune handiak utziz, Euskadin eraldaketa handienetako bat jasan duen eremuetako bat Arabar Errioxa da, paisaiak izugarrizko transformazioa pairatu du, gaur egun gehienbat mahastiak eta neurri apalagoan zereal soroak gailentzen dira. Paisaiaren eraldaketa bioaniztasunaren kontserbazioa bermatzeko gidalerroetan oinarrituz gauzatzen bada, ez da zertan kaltegarria izan behar, baina tamalez Arabar Errioxako paisaiaren sinplifikazioak, tamainaz txikiak baina balioz oso aberatsak diren elementuen galera ekarri du berekin (putzuak, lindero, heskai, harrizko hormak, besteak beste).
Kalte gehien pairatu dituen ingurunea hezegune txikiak izan dira, azalera eta kantitatean jaitsiera nabarmena izan dute eta, asko eta asko lehortu egin baitziren. Egun Arabar Errioxan aintzirak eta aintzira-guneak daude, baina oasi handi hauen artean apenas ikus daitezke tamaina txikiko hezeguneak, gauzak honela Aranzadi Zientzia Elkarteak, Guardia-Arabako Errioxako kuadrillak, Samaniego eta Navaridaseko udalek zein Laguardiako Mendiaren Anaiarte Zaharrak egitasmo bat martxan jarri dute Arabar Errioxan putzu sare bat sortzeko.
Lehen fasea 2017 eta 2019 urteetan zehar gauzatu da, guztira 13 putzu sortu dira: lehen biak Navaridaseko aintziratik gertu dagoen lursail publikoan (2017. urtean), beste 9 mikrohezegune Araba Hegoaldeko Mendilerroak Babes Bereziko Eremuen (ES2110018) lursail publikoetan ere 2018 urte amaieran, lau Guardian eta beste bost Samaniegon. Amaitzeko joan den aste bukaeran Navaridaseko lursail publiko berri batean bi putzu berri sortu dira auzolanean. Proiektua eremu berrietara zabalduko da hurrengo bi urteetan, Navaridas eta Lezan ekintza berriak gauzatu nahi dira eta.
Ekintzak gehienbat mesede egiten diete bizidun urtarrei (anfibio, burruntzi eta sorgin orratzei) baina aldi berean bizidun asko erakartzen dituzte bertara. Hegazti, narrasti edota ugaztunek eremu hauetan elikagaia topatzeaz gain, udako sasoi beroenetan ura edateko toki berri bat izaten dute. Hezeguneen kopurua eta tipologia dibertsifikatzea, eta putzuen arteko distantzia murriztea behar beharrezko ekintzak dira, izan ere bizidun hauek mugikortasun urriko bizidunak baitira. Putzu sarea Arabar Errioxako udalerri berrietara zabaltzea, bertako bioaniztasuna kontserbatzeko ezinbestekoa eginbeharra da, aldi berean mapan hito berriak markatzen dira, bai naturaz gozatzeko zein turismo berdea bultzatzeko.
BIOZIK: hitzaldiak, tailerrak eta mendi irteerak Arabar Errioxako dibertsitate biologikoa ezagutzeko
Habitataren kudeaketaren aldetik lehen fasea amaitu egin da. 2019. urteko bigarren hiruhilekoan esfortzua Arabar Errioxako bioaniztasunaren difusioan oinarrituko da, BIOZIK izeneko hitzaldi zikloa gauzatuz. Ekintza honen formatuak aldi berean helduentzako hitzaldiak eta umeentzako tailerrak eskainiko ditu, eta jarraian mendi irteera gidatu bat gauzatuko da. Hitzaldi sorta hau ez da soilik lehen fase hau lagundu duten udalerrietara mugatzen, Arabar Errioxako beste udalerri batzuetara zabaltzen da. BIOZIK-eko lehen ekintza larunbat honetan, apirilak 6, Samaniegoko kultura eta gizarte etxean gauzatuko da. Alberto Gosa-k “Anfibios y reptiles de Rioja Alavesa: situación y conservación” hitzaldia eskainiko du, eta aldi berean Gabriel García de Marcos-ek “Culebras y víboras: víctimas de su mala fama” tailer familiarra aurkeztuko du. Segidan Samaniegon berriki sortu diren putzuetara bisitaldi gidatu bat egingo da.