Aranzadi Zientzia Elkartea: 21 urte Euskal Herriko mikrohezegune sarea ehuntzen

Herpetologia

Asteartea, 2020eko ekainaren 30a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Mikrohezeguneek ingurumenean duten berebiziko garrantzia ikusirik, Aranzadi Zientzia Elkarteak berreskuratzeko apustua egin zuen duela 20 urte baino gehiago. Horrela, hezeguneak euren bizileku dituzten bizidunen kontserbazioa bermatze aldera, putzu sare zabal eta egonkor bat ehuntzen dihardu Zientzia Elkarteak.

Eta hala, 21 urteren buruan, 300 mikrohezegune inguru sortu edo egokitu ditu Euskal Herriko 50 udalerritan. Fisikoki txikiak, baina biologikoak aberastasun handikoak diren mikrohabitatak sortuz.

Putzuek, urmaelek, arekek… osatzen dute hezegune izeneko eremuen barruko dibertsitatea. Eta horiek dira gure inguruko aniztasun biologikoaren zati handi bat gordetzen duten ekosistemak. Baina, aberatsak ez ezik, ekosistema hauskorrak ere badira, eta askotan, tamaina handiko hezeguneak ez bezala, mikrohezeguneak ez dute babesik jasotzen.

Hori dela eta, azken 21 urteetan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia sailak, hainbat eragileren laguntzaz, Hego Euskal Herrian zehar putzu sare zabal eta egonkor bat egituratu du. Mikrohezegune gehien Nafarroan sortu dira (124), baina ez dira gutxi izan Gipuzkoan (92), Araban (47) eta Bizkaian (23) sorturikoak ere.

Arrazoi desberdinak aurkituko ditugu putzuen sorrera edo egokitzapenaren atzean. Askotan espezie mehatxatu bat laguntzea izan ohi da, izan apo lasterkaria, hegoaldeko zuhaitz-igela Euskal kostaldean, baso-igel jauzkaria, edota apo ezproiduna barnealdean. Baina, mikrohezeguneen sorrera edota egokitzapen lanen atzean ez da beti espezie mehatxatu bat ageri. Orokorrean, biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko tresna interesgarriak dira mikrohezeguneak, hala, hainbat putzu sare egokitu dira NATURA 2000 sareko zenbait eremutan. Bardeak, Aiako Harria, Ulia-Jaizkibel, Gorbeia edota Arabako Hegoaldeko mendilerroak dira horren adibide.

Hezeguneak ekosistema ahaztuak izan dira. Gizakiak lehortu, kutsatu edota desagerrarazi dituen eremu baztertuak. Biodibertsitatearen aldetik duten balioa, ordea, oso handia da. Hori dela eta, azken urteetan hezeguneak berreskuratzeko ahalegin berezia egin da mundu mailan. Horrela, gizakia naturarekin zuen zorra kitatzen ahalegindu da.

Izan ere, XIX eta XX. mendeetan gizakiak berak, esaterako, Iberiar Penintsulako hezegune handien %60a suntsitu zuen. Datua, alabaina, are kezkagarriagoa dela uste da, zenbaketa egiterako orduan, soilik hezegune handiak hartu baitziren aintzat, desagerturiko tamaina txikiko putzu, urmael, areka edota bestelako mikrohezeguneak kontuan izan gabe.

Eskoletako Urmaelen Sarea

Tamaina txikiko hezeguneak era berean ingurumen hezkuntza eta dibulgazioa lantzeko tresna didaktiko bikainak izan daitezke. Hargatik, Eskoletako Urmaelen Sarea ekimen berritzailea martxan jarri berri du Aranzadik: Atauneko eta Berrizeko eskoletan edota Irungo Plaiaundi Institutuan, zientzia konpetentziak lantzeko habitata egituratuz, eta naturara gerturatu eta behaketa eta esperimentazio bidez gaitasunak lantzeko laborategi naturala sortuz.

Auzolanak Zumaia eta Oiartzunen mikrohezeguneak egokitzeko

COVID19 gaitzaren pandemiak bertan behera utzi zituen Eusko Jaurlaritzak urtero ateratzen dituen ingurumen boluntariotza ekintzetako batzuk. Zumaian uztailaren 4an eta Oiartzunen uztailaren 5ean burutuko dira egin gabe geratu ziren ekintzak, biak ala biak mikrohezeguneen bueltan. Prebentzio neurriak aintzat hartuz, edukiera mugatua izango dute ekimenek. Izen emateko bi bide daude idazkaritza@aranzadi.eus helbidera e-mail bat igorri daiteke edota 943466142 telefono zenbakira dei egin dezake parte hartu nahi duenak.