Aranzadik “Eskoletako Urmaelen Sareko” kide diren hamabost ikastetxeak lehen Urmaelblitz ekimenean parte hartzera deitu ditu

Herpetologia

Astelehena, 2021eko apirilaren 19a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Hezkuntza-ekimen honen helburua da “Eskoletako urmaelen sarea”ko kide diren urmaeletako bioaniztasuna hobeto eta gehiago ezagutzea, dokumentatzea eta hedatzea. Urmaelblitzen ideiaren iturria Bioblitz ezaguna da. Beste herrialde batzuetan oso hedatua dagoen jarduera da eta esleitutako eremu baten barruan bizi diren espezie guztiak erregistratzea du helburu. Ideia horretatik abiatuta, Urmaelblitzen helburua da urmael baten inguruan dagoen izaki bizidun oro erregistratzea.

Euskal Herri osoan banatuta dauden urmaelen sare honetako kide diren hamabost ikastetxeek hartuko dute parte apirilaren 19tik 25era bitarteko astean egingo den ekimenean. Ikasleek beren ikastetxeetatik gertu topatzen dituzten ahalik eta espezie gehien bildu beharko dute, gero haiek identifikatu, sailkatu, ikertu eta abar egiteko.

Hezkuntza-proiektu honek zientzia, hezkuntza eta Wikimedia bateratzen ditu. Entziklopedia digital honen rola funtsezkoa izango da jarduera garatzeko. Hala, argazkiak Wikimedia Commonsera igoko dira eta topatutako izaki bizidunen deskribapenak Txikipedia eta Wikipedia baliabideetan ere ikusgai egongo dira.

Espezieen identifikazioa, alde batetik, modu digitalean egingo da Seek aplikazioaren bidez eta, bestetik, ornitologian, entomologian, botanikan eta beste hainbat arlotan adituak diren Aranzadiko kideen laguntzarekin.

Gainera, egun horietan erregistratzen diren aipuak fauna behatzeko ornitho.eusatarira igoko dira. Ortho.eus Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Naturaren Informazio Sarea elikatzen duen plataforma digitala da.

Hezkuntza, Zientzia eta Wikimedia

Ekimena Aranzadi, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea eta Ingurugela arteko aliantza estrategiko batetik sortu da eta hezkuntza proiektu bat da, haur hezkuntzan hasi eta urnibertsitateko ikasleek landu ahal izango dutena. Honako konpetentziak lantzen dira:

  • Biodibertsitateari buruz ikasiko dute ikasleek, eta euren inguruan dauden izaki bizidunak hobeto ezagutzen.
  • Zientzialarien eta ikasleen arteko harremana handitu, eurak ere zientzialari izan daitezkeela ikasiko dute.
  • Dokumentazioaren garrantzia, guztion artean egin daitekeen ariketa zientifiko erraza.
  • Taxonomia eta sailkapena eztabaidatu daiteke, espezie, genero edo familiak identifikatzerakoan.
  • Adimen Artifizialaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du.
  • Informazioa sailkatu eta publikatzen, Wikimedia erabiltzen.
  • Talde-lanaren garrantzia, guztien artean eremu bat banatu baitaiteke.