Aranzadik izarren argia defendatzeko ospakizun birtuala prestatu du aurten

Astronomia

Ostirala, 2020eko apirilaren 17a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Gauzak horrela, Aranzadiko astronomia Sailak modu birtualean ospatuko du egun hau, Aranzadiko Youtube kanalaren bidez. Horretarako aurten Argi kutsaduraren zergatia izeneko hitzaldia prestatu du eta datorren apirilaren 20ean arratsaldeko 19:00etan ikusi ahal izango da zuzenean AranzadiCiencia youtubeko kanalean.

Horretaz gain, Aranzadik beste ekimen batean parte hartzera gonbidatzen ditu herritar guztiak. Apirilaren 20ko gauean etxetik ikus dezakegun gaueko izarren argazkiak sare sozialetan #elcielodesdecasa #zeruaetxetik traola erabiliaz partekatzea. Eta honela, gu guztion ondarea den izarren argia defendatzea.

Gaueko zeruaren defentsan egindako adierazpena

Gaueko zeruaren kalitatea eta Izarrak behatzeko eskubidearen defentsan lan egiten duen Nazioarteko Konferentziak bere dekalogoa idatzi zuen 2007.urtean, honako 10 puntuekin:

1

Kutsadurarik gabeko gau-zerua izateko eskubidea, ortzia begiesteko aukera ematen duena, gizateriaren eskubide besterenezintzat hartu behar da, gainerako ingurumen-, gizarte- eta kultura-eskubideen parekotzat, kontuan izanik zer-nolako eragina duen herri guztien garapenean eta zer oihartzun duen dibertsitate biologikoa kontserbatzeko.

2

Gau-zeruaren etengabeko degradazioa aurre egin beharreko arrisku berehalakotzat hartu behar da, eta jorratu egin behar da, ingurumenarekin eta ondare-bitartekoekin lotutako arazo nagusiak jorratzen diren modu berean.

3

Ortzia begiestearekin loturiko ondare naturala eta kulturala kontserbatzea, babestea eta balioestea esparru pribilegiatua da bizitza-kalitatea defendatzeko eta lankidetzarako.

Jarrera horrek egiazko erronka bat eskatzen die arduradun guztiei, berrikuntza kultural, teknologiko eta zientifikoarekin loturik; ahalegin jarraitua inplikatzen du gau-zeruaren balioa berriro ere aurkitzeko, gure ondare-legatuaren eta eguneroko kulturaren parte bizi den aldetik.

4

Hezkuntzan oinarrituriko jakintza da gakoa, hari esker lortzen baita zientzia gure egungo kulturarekin uztartzea, eta, ondorioz, gizateriari aurrera egiten laguntzea. Oinarrizko edukitzat hartu behar da astronomia eta ortzia begiestearekin loturiko balio zientifiko eta kulturalak zabaltzea, zeinak kontuan hartu beharrekoak izango baitira esparru guztietako hezkuntza-jardueran. Egiteko nekeza izango da hori, nola eta ez dugun lortzen kutsadura gutxiko zerua eta hezitzaileek gaiokin loturiko prestakuntza egokia izatea.

5

Isurpenak areagotu eta argi artifizialak bidegabe sartu izanaren ondorioz, gau-zeruen kalitate atmosferikoak efektu negatiboak ditu natura-inguruneetan, eta horrek eragin kaltegarriak ditu makina bat espezie, habitat eta ekosistematan.

Hori horrela, argi-kutsadura kontrolatzeak oinarrizko eskakizun izan behar du natura kontserbatzeko politiketan, eta eremu babestuen kudeaketan txertatu behar da dimentsio hori, natura-ingurunearen babesa eta dibertsitate biologikoaren kontserbazioa modu efektiboagoan gauzatzen direla bermatuz.

6

Izarrez jantzitako gauak lurralde bakoitzeko herritarrek hautematen duten paisaiaren parte dira, baita hiriguneetan ere. Hori kontuan izanik, beharrezkotzat jotzen da ordenamendu juridiko batzuetan eta besteetan garatutako paisaia-politikek gau-zeruaren kalitatea gordetzera bideratutako arauak biltzea, eta, hala, gizaki orori bermatzea ortzia begiesteko eskubidea.

7

Argi artifizialen erabilera arrazionala sustatu behar da, gau-zeruan eragiten duen distira gutxieneko onargarri bateraino murrizteko. Halaxe lortuko da, halaber, gizakietan eta natura-bizitzan inpaktu kaltegarriak saihestea. Administrazio publikoek, argiteriaren industriak eta erabakiak hartzeko egitekoa duten eragile nagusiek bermatu behar dute erabiltzaile guztiek arduraz baliatzen dutela argi artifiziala. Hori horrela, jasangarritasun energetikoko politiketan eta plangintzan txertatu behar dute dimentsio hori; horretarako, argi-kutsaduraren neurketak hartu beharko dituzte oinarri –bai lurrean egindako neurketak, bai espaziotik egindakoak–. Neurri horrek energia modu efizienteagoan baliatzea eskatzen du, klima-aldaketarekin eta ingurumena babestearekin loturiko akordio guztiak aintzakotzat harturik.

8

Behaketa astronomikorako eremu pribilegiatuak ondasun urria dira Lurrean, eta haiek kontserbatzea ahalegin oso txikia da, jakintza eta garapen zientifiko-teknologikoari ekartzen dizkioten onurekin alderaturik. Eskualdeetan, nazioetan eta nazioartean hartzen diren ingurumen- eta zientzia-politiketan, lehentasuntzat jo beharko da espazio berezi horietako zeruen kalitatea babestea. Kontu handiko neurriak eta xedapenak hartu beharko dira, guneok babesturik edukitzeko argi-kutsadurak, kutsadura erradioelektrikoak eta atmosferikoak ekarritako ondorio kaltegarrietatik.

9

Beste jarduera batzuk bezalaxe, turismoa erreminta ahaltsu bilaka liteke gau-zeruaren kalitatearen aldeko aliantza berri bat osatzeko. Turismo arduratsuak jomuga bakoitzean gorde eta balioetsi beharreko bitarteko gisa txertatu ahal eta behar du gau-zeruaren paisaia. Ortzia eta gaueko fenomenoak behatzean oinarritutako produktu turistiko berriak sortuta, inoiz pentsatu gabeko lankidetza-aukera berriak agertuko zaizkie eragile turistikoei, toki-erkidegoei eta erakunde zientifikoei.

10

Biosferako Erreserben Munduko Sarean, Ramsarko Hitzarmenean bildutako tokietan, Gizateriaren Ondare izendatutako tokietan, parke nazionaletan edo natura-erreserbetan bilduriko espazioek naturarekin edo paisaiarekin loturiko balio apartekoak uztartzen dituzte, gau-zeruaren kalitatearekin lotu-loturik; horiek guztiak deiturik daude zeru garbien babesarekin bat egitera, natura kontserbatzeko egitekoa indartzen duen faktore erabakigarri gisa.