Aranzadiko Astronomia Jardunaldiak hasi dira

Astronomia

Astelehena, 2016eko urriaren 3a — CEST

Irakurketa: 5 minutu


Hain zuzen ere, energia handien fisika arloan zein kosmologia fisikoan oraindik ere konpondu gabe dauden arazo nagusien lanketa esparruetako bat da azken belaunaldiko behatokietatik egiten diren behaketa astronomikoak. Horiek guztiak unean-unean aurkeztu ditugu aurreko zikloetan. Hori dela eta, urteroko gure konferentzien protagonista bihurtu nahi izan ditugu elkarri lotuta daude bi diziplina horiek.


Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailak oinarrizko bi funtzio ditu: Gipuzkoako astronomoentzako topagune bihurtzea (beren esperientziak partekatu eta emaitzak aurkez ditzakete bertan) eta espazioko zientzien hedapena bultzatzea behaketa publikoen eta prestakuntza-hitzaldien bidez. Lan horren bidez, gure lurraldeko enpresa teknologiko ugarik egiten duen lanaren testuingurua finka dezakegu. Maiz hartzen dute parte CERNko instrumentuetan edo ESAko sateliteetan txertatzen diren sistemak fabrikatzen.


Oraingoan, Donostia inguruan astronomiarekiko interesa duten pertsona guztiei bi ikerlarik (gazteak eta, era berean, aitortutako ibilbidea dutenak) egindako lana gerturatu nahi izan diegu. Partikulen fisikan eta behaketako kosmologian Europa mailako ikerketa-zentro onenetakoak dira biak. Hala, mikrokosmosa eta makrokosmosa elkarri lotuta dauden zientziaren inguruko kapitulu honi buruzko beren ekarpenen eta etorkizuneko aurreikuspenen berri emango digute.


Fisika eta kosmologian puntako hitzaldiak


Urriak 4 eta 5ean, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean publiko orokorrarentzat bi hitzaldi eskainiko dira:


LHCk sor al dezake materia iluna? Oinarrizko partikulak eta mikro eta makro kosmosen arteko muga


Hizlaria: Rebeca González Suárez (CERN)


Data: Urriak 4, asteartea


Hadroien Talkagailu Handia (LHC, ingeleseko laburduran) da zientziaren historian eskala handienean eraikitako esperimentua. Haren funtzioa materia osatzen duten partikula txikienak ikertzea da. 2012an Higgs bosoia aurkitu ostean, LHCk gaur egun inoiz lortu den energia handienean lan egiten du. Horren helburu nagusia eredu estandarraz harago doan fisika berria bilatzea da. LHCan behatuz gero, energia handiko talketan, materia ilunaren produkzioak partikulen fisika eta kosmologia batu ahal izango lituzke, bi esparru horietako egoera errotik aldatu, eta gaur egun ezagutzen ez dugun gure unibertsoaren zati handi bati buruzko informazio oso baliotsua emango luke. Hitzaldi horretan, partikulen fisika eta LHC aurkezteko sarrera laburra eskainiko da entzule guztientzat. Ondoren, fenomeno berrien bilaketari buruzko eztabaida egingo da. Kosmologiaren eta partikulen fisikaren arteko testuinguru komun gisa materia ilunaren produkzioa nabarmenduko da.


Rebeca González Suárez, Gijon 1981, doktoratu osteko ikerlaria da University of Nebraska-Lincoln-en (Estatu Batuak) eta CERNen, Ikerketa Nuklearretarako Europako Kontseiluan, egiten du lan. LCHko CMS esperimentuan (muoien solenoide konpaktua) dihardu. 2006an hasi zituen doktoretza-ikasketak Kantabriako Fisika Institutuarekin batera Higgs bosoia bilatzeko lanean. Tesia defendatu ostean, bi urtez egin zuen lan Belgikako Vrije Universiteit Brussel unibertsitaterako. Han sortu zitzaion quark top izenekoarekiko interesa. 2012an, quark top bat eta W bosoia aldi berean produzitzen duen prozesua lehen aldiz behatu zuen taldea zuzendu zuen. Ordutik, quark topa eta Higgs bosoia ikertzen ari da.


Higgs bosoiaren inguruko argazkiak eskuragarri hemen: https://cds.cern.ch/search?ln=en&cc=Photos&p=higgs&action_search=Search&op1=a&m1=a&p1=&f1=&c=CMS+Photos&c=&sf=&so=d&rm=rrm&rg=100&sc=0&of=hp


Planck misioa: Unibertso goiztiarrera begirada mikrouhinen atzealde kosmikoaren erradiazio bidez.


Hizlaria: Marcos López-Caniego (ESA)


Data: Urriak 5, asteazkena


2009ko maiatzean, Europako Espazio Agentziak (ESA, ingelesez), Planck satelitea jaurti zuen unibertsoak 380.000 urte bakarrik zituela sortu zen erradiazioa ikertzeko. Seinale horrek, mikrouhinen atzealde kosmikoko erradiazioak, ia 13.800 milioi urte arte bidaiatu du Plancken instrumentuek doitasun handiz neurtu duten arte. Hori guztia mikrouhinen eta uhin azpimilimetrikoen tartean neurtzen da. Ikerketak unibertsoaren gure eredua deskribatzen duten parametro kosmologikoak deribatzea ahalbidetzen digu. Gainera, Planckek behatutako maiztasunen tarte zabalak zientzia galaktiko eta estragalaktiko mota guztiak egitea ahalbidetzen digu galaxiak eta urrunen dauden kumuluak aztertzetik hasi eta gure Esne Bideko hauts-pikor txiki-txikien igorpenera arte. Planck misioko produktu guztiak Madrilen dagoen Espazioko Astronomiaren Europako Zentroa (ESAC) izenekotik banatzen dituzte. Gainera, bertan koordinatu dute proiektuko lan zientifikoen zati bat.


Marcos López-Caniego Madrilgo Unibertsitate Autonomoan lizentziatu zen eta tesina Stanforden eta Bell Laboratories (Estatu Batuak) laborategietan egin zuen gai hau oinarritzat hartuta: grabitazio-lentearen efektua. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan egonaldi laburra egin ostean, Kantabriako Fisika Institutuan (IFCA) hasi zuen tesia gai honen inguruan: NASAko WMAP misiorako iturri konpaktuak detektatzea. Jarraian, ESAren Planck misioarekin lotuta egin zuen lan. Cambridge Unibertsitatean (Erresuma Batuan) eta IFCAn doktoretza osteko egonaldiak egin zituen Plancki eta QUIJOTE esperimentuari lotuta. Plancken iturri konpaktuen katalogoaren arduraduna izateaz gain, 2015. urtetik ESACen ESArako misio horren euskarri-zientzialaria da.


Planck misioaren argazkiak eskuragarri hemen: http://www.esa.int/spaceinimages/Missions/Planck


Haurrentzako tailerra: erradiazio kosmikoari behatzea


Hitzaldietaz gain, urriaren 8an, larunbata, goizeko 11:00etan gaztetxoentzako astronomia tailerra antolatu dute Aranzadiko egoitzan, Zorroagagainan (Donostia). Praktika horren baitan, erradiazio kosmikoaren detektagailua eraikiko dute. Jarraian, kanpoko espaziotik iritsitako partikula azpiatomikoek uzten dituzten aztarnei behatu ahal izango dituzte. Aztarnaren itxuraren arabera, oinarrizko partikula ugariak bereizten ere ikasiko dute. Oskarbi badago, Astronomia Sailaren eguzki-tresnak erabiliko dituzte Eguzkiaren jarduerari behatzeko; hain zuzen ere, horixe da gure planetara iristen den erradiazio-iturri nagusietako bat.


Tailerran parte hartzeko ostirala, urriaren 7ra arte, 943466142 zenbakira deituta izen-eman daiteke. Gomendatutako adina 12 urtetik gorakoa da, plaza mugatuak daude eta salneurria 10€tan jarri da.