Scientist Stories
Aranzadiko emakumeak: Ana Uriz
Ana Urizek 18 urte zituen lehenengo aldiz Aranzadi Elkartearen berri izan zuenean, Jesus Altunaren hitzaldi batean. Hantxe ikusi zuen zientziari eta euskal kulturari laguntzeko aukera bat, eta segituan hasi zen ikerketa zientifikoaren oinarrizko lanetan parte hartzen.
Aldi hartan Pablo Areso, sedimentologia-laborategia antolatu zuen ikertzailea, Ekaingo lur laginak aztertzen ari zen, eta Anak zeregin guztietan lagundu zion. Unibertsitatean Kimika ikasten zuen bitartean, Aranzadin ikerketa-prozesuaren atal guztiak ezagutu zituen, oinarritik hasita. Bere esanetan “Gizakiak berezkoa du jakin-mina”, eta unibertsitatean ikasitakoaz gain, aparteko ezagutzak eta esperientzia lortzeko bide bat aurkitu zuen hemen.
Emakumeek zailtasun handigoak topatu dituzte beti ibilbide profesional bat garatu ahal izateko, eta zientziaren mundua ez da salbuespen bat. Anak argi zeukan, hasieratik, ez zuela Sedimentologian irtenbide hori lortuko. Horregatik hezkuntzara dedikatu zen, eta Aranzadiko ikerlari gehienek bezala, aisialdiak aprobetxatu zituen zientzian trebatzeko; garai hartan ez zegoen dirurik, baina gutxienez, denon artean proiektu komun bat bultzatzen aritu ziren, ilusio handiz eta elkarlanean.
Bere ibilbide zientifikoan zehar Anak ez du portaera sexista larririk sufritu, baina emakumeenganako gutxiespena eta begirune falta arazo sistemikoak bezala ikusten ditu, gizarte orokorretik jasoak. Argi dauka lan handia gelditzen zaigula berdintasuna lortzeko eta betiko inertziak aldatu behar ditugula, baino aurrerapen handi bat bezala ikusten ditu sexismoa salatzeko eta azaleratzeko ekimenak. Aranzadin nahiz gizarte osoan, bide horri ekin behar diogu denon artean, behar diren neurriak hartuz eta irainduak izan direnei merezi duten arreta emanez.