Carlos Aseginolaza botaniko gipuzkoarra hil da

Botanika

Astelehena, 2015eko urtarrilaren 19a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Carlosek (Idiazabal, 1955 - Oiartzun, 2015), Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Saileko kide aktiboa zenak, ezinbestekotzat ditugun hainbat lanetan parte hartu zuen 80ko hamarkadan hasita. Besteak beste, Catálogo florístico de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (ASEGINOLAZA et al., 1984), EAEko lehen landaredi mapak eta Vegetación de la Comunidad Autónoma del País Vasco (ASEGINOLAZA et al., 1988) liburua, Propuesta de Catálogo Vasco de Especies Amenazadas (AIZPURU et al., 1997), hainbat taxonen fitxak Flora Iberica-rako, Oiartzungo Natura (ASEGINOLAZA, 2000) eta, botaniko ororentzat oinarrizko lana den Euskal Herriko landareak eta inguruetakoak sailkatzeko gako irudidunak (AIZPURU et al., 1999).

Argazkia: D. Gómez

Gainera, baliabide gutxi izan arren, berak hasi zuen ARAN herbarioko datu basea digitalizatzeko lana, duela 30 urte inguru. Datu base horrek Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako florari buruzko 200.000 sarrera inguru ditu orain. Irakasle izan zen Beasaingo Elkartasuna Lizeoan, botaniko eta biologo modura lan egin zuen Aranzadin eta zenbait enpresa pribatutan, eta hainbat urtetan Oiartzungo ingurumen teknikari izan ondoren, egun, Gipuzkoako Foru Aldundian ari zen lanean.

Datuak datu eta liburuak liburu, bere lanei, apaltasunez, jarraibidea eman diogunok ezin dugu ahaztu Carlosek gurekiko izan duen gertutasuna eta eskuzabaltasuna. Gutako batzuk bere eskutik hasi ginen botanikaren arloan duela 10 urte baina gehiago, Aizkorri-Aratzeko flora mehatxatuaren azterketak edota Oiartzungo ondare naturalari buruzko ikerketak eginez, eta esker oneko hitzak baino ez ditugu berarentzat.

Azken 15 hilabeteetan modu honetako bi berri jaso ditugu Euskal Herriko botanikoek, 2013ko urrian Pedro Uribe-Echebarria botaniko arabarra zendu baitzen. Ezin dugu aipatu gabe utzi biak lagun handiak zirela.

Argazkia: D. Gómez

Amaitzeko, Carlosen familiari eta gertukoenei gure atsekabe minena adierazi nahi diegu.

Mila esker guztiagatik, lagun!

Azaleko argazkia: X. Pagola