'Emakume arkeologoak Gipuzkoan' erakusketa ikusgai dago Ekainberrin

Arkeologia / Emakumeak arkeologian

Asteazkena, 2024eko uztailaren 17a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Irailaren 15era arte Zestoako museoan ikusgai egongo da erakusketa. 1903tik gaurdaino emakumeek Gipuzkoan ikerketa arkeologikoen esparruan egin duten lana bistaratu eta lan horri balioa ematea da bildumaren helburua. Oiasso museoak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean ondutako erakusketa da, eta Arkeologoak izeneko liburu batek eta hainbat bideok osatzen dute proiektua.

Emakume arkeologoak Gipuzkoan erakusketa ikusgai dago Ekainberrin. Izenburuak ongi dioen moduan, emakumeek Gipuzkoan ikerketa arkeologikoetan izan duten eta gaur egun duten garrantziaren isla da bilduma. Hainbat azalpen panelen bidez, arkeologiako sektore estrategikoetan emakumeak sartzeko, integratzeko eta lidergoa hartzeko prozesua nolakoa izan den azaltzen du erakusketak. Horrez gain, emakume horiek aurkitutako zenbait objektu arkeologiko ere bertatik bertara ikusteko aukera izango dute bisitariek. Iazko urrian Irungo Oiasso museoan estreinatu zuten erakusketa osoa, eta orain Zestoan jarri dutena haren lagin bat da. Atzo aurkeztu zuten Ekainberrin bertan, Zestoako museoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren, Aranzadi zientzia elkartearen eta Oiasso museoaren ordezkariak bertan zirela. Erakusketa irailaren 15era arte egongo da ikusgai.

Ardatz kronologiko bat oinarri hartuta, 1903an Alfontso XIII.a erregeak Errenteriako (Gipuzkoa) Aizpitarteko haitzuloetako indusketak bisitatu zituenetik gaurdainoko bidea jasotzen dute erakusketaren parte diren bi panelek. Aurreneko argazkian, emakume batzuk ageri dira lantaldean. Pixkanaka, emakumeen presentzia handitzen joan zen arkeolgiako ikerketetan, Maria Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakusten duten bezala, eta joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera bi arkeologo donostiar entzutetsuk berresten duten bezala: Ana Maria Muñoz, Historiaurreko lehen katedraduna, eta Lola Eetxaide, F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetako landa arduraduna, Soriako (Espainia) Torralba eta Ambrona aztarnategietan.

80ko hamarkadatik aurrera, emakumeek gero eta espazio gehiago garrantzitsuagoak konkistatu zituzten, baita ikerketan garrantzi handia izan duten sektoreen buru izan ere. Gaur egun, berriz, asko dira Gipuzkoan arkeologiaren esparruan lanean ari diren emakumeak, eta arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta gero eta espezializatuagoa irudikatzeko aukera ematen dute.

Juanjo Aranburu Ekainberri museoaren kudeatzailea pozarren azaldu zen erakusketa heurenean hartzeko aukeragatik, eta eskerrak eman zizkien Aranzadiko eta Oiasso museoko kideei bilduma osatzeko egin duten lan mardulagatik. Udan Ekainberriko zaldiek erakarrita joaten zaizkien bisitariei Gipuzkoako emakume arkeologoen kontuak helaraztearen ardura hartu zuen Aranburuk, haren ustetan erakusketak agerian jartzen duelako errealitatea ez dela orain arte kontatu izan dena; arkeologiaren arloan, gizonek ez ezik, emakumeek ere lan asko eta lan garrantzitsuak egin izan dituztela, alegia.

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eskerrak eman zizkien Aranzadiri eta Oiasso museoari egiten duten lanagatik. Haren esanetan, "Gipuzkoako emakume arkeologoak izan ziren, besteak beste, Espainian arkeologia profesionala garatzen lagundu zutenak. Hala ere, nahiz eta balio handikoa izan, emakume arkeologo horien lana ez da oso ezaguna eta historikoki emakumeek zientziaren munduari egindako ekarpenak garrantzi handikoak izan diren arren, tamalez, lan hori ez da beti behar bezala aitortu. Beraz, emakume matematikari, biologo eta baita arkeologo handiak ikusezin bihurtu dira. Erakusketa hau aukera paregabea da emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko zereginari balioa emateko; baina, era berean, justizia-ekintza bat ere bada".

Eider Conde-Egia Aranzadi zientzia elkarteko komunikazio arduradunak eta erakusketari buruzko Arkeologoak liburuaren egileak azaldu zuenez, bi urtez ikerketa lan izugarria egin behar izan dute. "Erakusketan erakutsi ezin izan dugun eduki asko geneukan, eta, beraz, argitalpen bat egitea ezinbestekoa zen zintzilik geratu zen informazio guztia osatzeko. Liburu honek Gipuzkoako arkeologiari, horren diziplinei eta protagonistei buruzko edukia osatu eta gehitu nahi du, eta arkeologo guztiek erakusketan beren lekua izateko modu bat ere bada". Liburu mardula Ekainberriko turismo bulegoan dago salgai, 15 euroan.

LIBURUA SALGAI

Ekainberrin, lagin bat besterik ez

Atzoko aurkezpenean hitza hartzen azkena Aizpea Goenaga izan zen, Oiasso museoaren koordinatzaile eta erakusketaren komisarioa. Hark azpimarratu zuen erakusketaren bidez Gipuzkoako arkeologoen lanari balioa eman nahi izan diotela, eta haiek aurkitu eta ikertu dituzten altxor arkeologiko batzuk argitara ateratzea ere nahi izan dutela. "Nahi genukeena da erakusketa honen bidez publikoak arkeologiari eta gure iraganari buruz ikastea, erakusketa prestatzen ibili garen bitartean guk ikasi dugun bezainbeste".

Erakusketa osatzeko bildu duten material guztia ikerlarien eskura jartzeko prest daudela azaldu zuen Goenagak. "Norbaitek esparru hori ikertu nahi badu, jakin dezala guk egin dugun lan guztia hor duela". Horrez gain, erakusketak biltzen duen informazioaren muina ikastetxeen esku jartzeko egin duten lanketa nabarmendu zuen. Izan ere, Arkeologoak liburua ez ezik, bideo batzuk ere egin dituzte eta Youtuben ikusgai jarri, eta horietako bat, ordu erdi inguruko iraupena duena, gaztetxoei zuzenduta egin dutela adierazi zuen.