Eman izena Espainiako Floraren Biomaratoian!

Botanika

Asteartea, 2021eko apirilaren 27a — CEST

Irakurketa: 3 minutu


Zer da Biomaratoi bat? Biomaratoia deitzen zaio norberaren borondatez eta banaka espezie batzuk bilatzeari (kasu honetan, landareak). Ondoren, espezie horiek beste zaletu eta aditu batzuen laguntza eta aholkuekin identifikatzen dira. Herritarrentzako ekimen zientifikoa da eta helburua denbora-tarte batean kamerarekin (telefonoaren kamerarekin, adibidez) ahal bezainbeste espezie “harrapatzea” da.


Eta nola har dezaket parte Biomaratoi honetan? Oso erraza da. iNaturalist aplikazioan erregistratuta, erabiltzaile bakoitzak ikusten dituen landareen argazkiak igo, Biomaratoiaren proiektuari edo haren eskualde mailako azpiproiektuei lotu eta beste erabiltzaile batzuentzat eskuragarri jar ditzake. Ez da beharrezkoa hasieratik jakitea zer landare den; izan ere, esperientzia handiagoa duten erabiltzaileek, modu parte-hartzailean, argazki bakoitzean espeziaren identitatea proposatu ahal izango dute.


Aplikazioa erabiltzeari buruzko informazio gehiago eskuratu eta informatuta egon zaitezke proiektuaren (Twitter edo Instagram) edo Aranzadi Zientzia Elkartearen sare sozialetan (Facebook, Twitter edo Instagram)!


Baina, zertarako balio du Biomaratoi batek? Erregistratzen diren eta baieztatutako identitatea duten behaketak erabilera libreko mundu mailako datu-sare batera igoko dira (Gbif). Datu horiek erabilgarriak izango dira ikerketa zientifikoetan; izan ere, espezie arraroak erregistratzen, landareen habitatak hobeto ulertzen edo klima-aldaketari nola erantzun diezaioketen aztertzen lagunduko dute.


Biomaratoiko partaide izanda, denok bihur gaitezke zientzialari!


Instalatu eta arakatu iNaturalist aplikazioa hemen!


Zalantzaren bat izanez gero, Aranzadiko Botanika sailarekin harremanetan jar zaitezkete e-mail honen bidez: botanika@aranzadi.eus