Entomología online

Entomologia

Osteguna, 2020eko apirilaren 30a — CEST

Irakurketa: 3 minutu



Intsektuak eta beste motatako artropodoak kolore, forma eta tamaina ezberdinak dituzte, baina jakingo al zenuke nor den ona, itsusia eta gaiztua entomologia mundu honetan? Zein da baratzean izatea interesatzen zaizun animalia: tximeleta edo armiarma? Benetan dira beharrezkoak? Galdera hauei erantzuteko Google Classroom bidezko online ikastaroa prestatu du Aranzadik.


Ikastaroak doakoak dira eta 2020ko maiatza eta ekaina bitartean emango dira, ordenagilu edo mugikorretik egin daitezke eta ordutegi gabe. Izena eman: https://classroom.google.com/u/0/c/NTc2OTU1ODM4Nzda Kodea: ipwuaq6 edo entomologia@aranzadi.eus helbidera idatzi.


Biodibertsitatea Fundazioak finantziatu du Escaralimania proiektua. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Zerynthia elkarteak, Lurgaia fundazioak , Bidasoako LHk eta Oianguko Natur Eskolak hartu dute parte.


Escaralimania


Kakalardoek, armiarmek, sorgin-orratzek eta tximeletek Lur planetan erregistratutako biodibertsitatearen osagai nagusia eratzen dute, eta planetako prozesu ekologikoetan nahitaezkoak dira. Beraz, jasangarritasunerako giltzarria da animalia horiek kontserbatzea, eta gure ongizatearekin oso lotuta daude. Hala ere, gaur gaurkoz, jendeak oro har ez daki zer gertatuko litzatekeen animaliok desagertuko balira.


Programa, bada, ikasi, behatu, parte hartu eta ekin terminoetan oinarritzen da. Ikasi: entomozaleak trebatzea, espezieak identifikatzeko ikastaroen eta


espezieak behatzeko dibulgaziozko irteeren bidez. Edonork eman dezake izena sorgin-orratzei, armiarmei, kakalardoei eta tximeletei buruzko doako ikastaroetan. Aranzadiko eta Zerynthiako entomologo profesionalek emango dituzte ikastarook.


Behatu: ikastaroan fauna behatuz eta interpretatuz ikasitakoa praktikan ipintzea. Sorgin-orratzen eta tximeleten segimendua egiteko sareen bidez egingo dira behaketak, Euskal Autonomia Erkidego osoan.


Parte hartu: mundu zientifikoarekin lankidetzan aritzea. Aurretik egindako fauna-behaketek espezie horien kontserbazio-egoerari buruzko kalitateko datuak emango dituzte, eta entomologoek haien ikerketa zientifikoak egiteko erabiliko dituzte datuok.


Ekin: Intsektuen hotelak, hazi-bolak edo tximeleten oasiak. Habitatak eraikitzeko edo hobetzeko ekintza zehatzen bidez, animalion kontserbazioari lagunduko zaio. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian egingo dira jarduera guztiak. Lurralde historiko bakoitzean, proiektua babesten duten agente ezberdinekin egingo da lan.


Gipuzkoa: Bidasoa LHko ikasleek intsektuen hotelak eraikiko dituzte. Ondoren, Oiangun (Ordizia) jarriko dira, eta, era berean, dibulgaziozko jarduerak egingo dira (hala nola, hazi-bolak).


Araba: Tximeletentzat oasi bat berreraikiko da Gorbeian, eta, horretarako, bi landare mota dauzkan lorategi bat zaharberrituko da, helduentzat eta beldarrentzat. Ekintza honetan, Zerynthia elkarteak hartuko du parte.


Bizkaia: Urdaibaiko Biosferaren Erreserban narriatuta dauden lursailak birmoldatuko dira, Lurgaia fundazioaren babesari eta horrek jabetzan edo zaintzapean dituen lursailei esker.