Eskoletako Urmael Sarea arabara iritsi da, Gasteizko Errekabarri eskolaren eskutik
Herpetologia / Ingurumen hezkuntza
Astelehena, 2020eko azaroaren 30a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Gasteizko hiria eta bioaniztasuna hobekien lotzen dituen ingurua, Salburuako hezeguneak dira, Natura 2000 sarearen baitan egoteaz gain Ramsar hitzarmenean barneratu zituzten, eta egungo egoera erdi aske honetan Gazteizko hainbat herritarrentzat lehentasunezko aisialdi leku bilakatu dira. Hezeguneen inguruko irudia ez da beti abegikorra izan, eta nahiz eta gizarte mailan azken hamarkadetan aurrerapen handiak egin, naturarekiko dugun zorra hezegune mailan ez da kitatu. Eginbehar hau aurrera eramateko, Eskoletako Urmael Sarea lanabes oso baliagarria suerta liteke, bi arrazoi garbirengatik, alde batetik ekintza partehartzaileen laguntzaz hezegune sare trinko bat sortzen ari garelako zorraren parte bat kitatuz, eta ekimenak naturaren etorkizuneko kontserbazioan aktibo zuzenak izango direnekin egiten delako, haur zein gaztetxoekin.
Aste honetan, Salburua auzoko Errekabarri eskolako gune berdean, putzu berri bat sortu dute, baratzaren alboan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lanak gauzatzeko ateratzen dituen Steam proiektuen babesa izan du eta ekintza desberdinak Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen gidaritzapean gauzatu dira. Ekimenean parte zuzen edo zeharkakoa izan dute haur hezkuntza zein lehen hezkuntzako ikasleek, guztira 600 ikasle ingururen parte hartzea lortu da; batzuk modu aktiboan parte hartu dute putzua iragazgaizteko materialak moztu eta ezarriz edota putzua lurrez estaliz, eta beste batzuek hezeguneen garrantziaz jabetzeko Odonatoak: uraren hegoak erakusketa ikusi ahal izan dute, Aranzadiko kideen gidaritzapean, azalpen desberdinak jasoz.