Eskoletako Urmaelen Sareko batzordea sortu da

Herpetologia / Dibulgazioa eta formakuntza

Ostirala, 2024eko ekainaren 21a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

2013an Aranzadi Zientzia Elkarteak erabilera didaktikora lehen urmaela sortu zuenetik, urtez urte hazten joan da putzua sortzeko hautua egin duten ikastetxeen kopurua. Hala, 2020ean, hamabi ordezkarirekin sortu zen Eskoletako Urmaelen Sarea, eta ordutik taldea handitzen joan da, egungo ia 50 ikastetxez osaturiko sare zabala eratu arte.

Eskoletako Urmaelen Sareko ikastetxeek urmaela laborategi natural gisa erabiltzen dute, ikasleekin zientziaren didaktika landu, ekosistema baten funtzionamendua aztertu, bertako espezieei buruzko ezagutza handitu, STEAM konpetentziak garatu eta beste hainbat erabilera emateko. Horrez gain, ordea, sarean Berritzegune Nagusiaren, UPV/EHUko hiru Campus unibertsitarioen eta Neiker Fundazioaren sarrerak, ikerketarako eta proiektu berritzaileak eta hezitzaileak sortzeko abagunea ere ekarri du eta aberastu egin du sarearen urtez urteko lana.

Urmaelen Sarearen dibertsitatea eta tamaina ikusita, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko parte hartzen duten eragile guztien hitza eta ahotsa kontuan izateko asmoz, gaur Eskoletako Urmaelen Sareko batzordea sortu da Aranzadi Zientzia Elkartean. Batzorde honen lana izango da aurrerantzean sareak egingo duen bidean laguntzea eta eragile izatea.

Hori guztia gauzatzeko, gaur goizean Eskoletako Urmaelen Sarea osatuko duten eragileak elkartu dira lehenengo aldiz Aranzadi Zientzia Elkarteko egoitzan. Bertan izan dira, Ion Garin (Aranzadi Zientzia Elkartea), Iñaki Sanz Azkue (Berritzegune Nagusia), Lidia Caño eta Dani Zuazagoitia (UPV/EHU), Aitor Cevidanes (NEIKER), Nora Salbotx (Amaiurko eskola), Eider Amundarain (Lardizabal eskola), Aitor Salaberria (Pasaia-Lezo Lizeoa) eta Patxi Ibarzabal (Errekabarri eskola).

Datorren ikasturteari begira, Eskoletako Urmaelen Sareak ikastetxeei aholkularitza, formazioa eta laguntza ematen jarraituko du eta besteak beste, ikastaroak eta proiektu berriak aurreikusten ditu horretarako. Euskal Herri mailako sare honek, horrez gain, ordea, ikastetxeen arteko harremanak eta saretzea bultzatu nahi du, elkarrekin ikasi eta urmaelak bezala ekosistema garrantzitsuen berri ematen jarraitzeko.