Euskal Herrira iritsi da ranavirusa, anfibioen coronavirusa

Herpetologia

Larunbata, 2021eko otsailaren 27a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Nerbioi garaian, Aizkorri Aratz mendilerroaren inguruan, Izki Parke Naturalean eta Uribe Kostako hareatza batean hildako uhandre palmatuaren banakoen laginek emaitza positiboa eman dute Ranavirus-ean. Odoljarioak eta nekrosia sorrarazten dituen gaitzak, ez ditu soilik anfibioak kaltetzen, narrasti zein arrainak kutsatu eta hiltzeko gaitasuna agertzen du.

Birusa babestu gabe dauden eremuetan zein babestuetan agertu da; azken hauen adibide gertukoena Izki Parke Naturala litzake, baina gaitza Parke Nazionaletan broteak sortu ditu, adibidez Europako Mendiak eremu babestuan. Birusaren presentzia batik bat gizakiaren joan-etorrien menpe dago, aldiz brote eta hilkortasun-tasa handiak, beste faktore batzuekin erlazionatzen da, izan kutsadura edota klima-aldaketa. Azken hauek hilkortasuna bultzatu dezakete, izan ere anfibioen immunodepresioa eraginez, Ranavirus-aren aurrean zaurgarriagoak baitira. Antzerako fenomenoak erlazionatzen ditu ingurumenaren narriadura eta zoonosiaren ugaritzea, egungo Coronavirus-aren pandemia prozesu horren erakusgarri.

Gure lurraldean mehatxu berri honen presentzia bermatu den momentutik, are beharrezkoagoak dira anfibio populazioen jarraipenak, alde batetik gainbehera hauen bultzatzaile izan daitezkeen faktoreen eragina aurreikusi, tratatu edota arintzeko, sor daitezkeen behin behineko broteak garaiz antzemanaz. Ildo beretik, Aranzadi Zientzia Elkartea aitzindaria da, izan ere Euskadiko hainbat anfibio espezie zein populazioren egoera immunologikoaren inguruko jarraipena gauzatu baitu azken urteetan. Aldi berean Nafarroako anfibio populazioen jarraipen planaren elaborazioan parte hartu du. Birus honen presentzia eta munduko beste gaixotasun emergente batzuenak, adibidez kitriodiomikosiarenak, agerian uzten du espezieen jarraipen planen beharra, izan espezie mehatxatuena (baso-igel jauzkaria edota uhandre alpetarra) zein arruntak, adibidez uhandre palmatua. Azken hauek agertzen duten ugaritasunak, birusaren hedapena erraztu dezakete, baina bada beste bide bat birusaren agerraldi berri bat edo transmisioa suertatzeko, akuarioetan edukitzeko uhandre espezie exotikoen askapena ingurune naturalean.

Komunikabideetan oihartzun txikia izaten duten arren, anfibioak mundu mailan, ornodun talde mehatxatuena da, espezieen %41 mehatxatuta daude. Habitat galera mehatxu nagusia izaten jarraitzen du, baina espezie arrotz inbaditzaileen sartzapena eta gaixotasun emergenteak, kezka handieneko mehatxu bilakatu dira. Denbora tarte laburrean bertako populazioen iraungipena sorrarazi dezake, kasu batzuetan espezie arruntenak. Euskadin, berriki antzeman den Ranavirus-az gain, azken hamarkadetan mundu mailan 200 iraungipenetik gora sorrarazi dituen kitridio onddoaren presentzia bermatu da. Onddo honekin estuki parekatuta dagoen bigarren espeziea bat atzeman berri da Iberiar Penintsulan. Espezie honek Europako arrabio arruntaren populazio batzuetan sarraskia eragin duelarik.

Mundu mailan anfibioen kontserbazioa bermatzeko, gaixotasun emergenteen hedapena ekiditea lehentasunezko helburua izan beharko litzake. Horretarako Administrazioaren inplikazioa behar beharrezkoa da, prebentzio neurriak martxan jarri, higiene protokoloak sortuz, ingurune naturaletan mugitzen diren pertsonentzat, batik bat hezegune inguruetan egoten direnentzat, eta ahal den neurrian anfibio banakoen manipulazioa ekidin beharko litzateke.