Eusko gudarostearen oroimenerako gune museografikoa ezarriko da Loiolan
Antropologia / Tokiko memoria historikoa
Astelehena, 2022eko irailaren 19a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Gaur, irailaren 19an, Francoren tropak Azpeitira sartu zirela 86 urte betetzen diren egunean, aurkeztu dute proiektua Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Oroimen historikorako gure erreferentziala sortzea da helburua, eta urte amaitzerako abian jartzea aurreikusten dute.
Memoria historikoari lotutako proiektu berri bat abian jarriko dute Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak. Loiolan, Eusko Gudarostearen inguruko proiektu museografikoa egingo dutela aurreratu dute gaur prentsaurrean. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Javi Buces Aranzadi Zientzia elkarteko kide eta historialariak eman dituzte xehetasunak proiektua gauzatuko den etxolaren aurrean. Proiektua aurkezpeko egun seinalatua aukeratu dute: tropa frankistak Azpeitira sartu ziren eguna: Irailaren 19a, hain zuzen.
"Loiola berezia da bai azpeitiarrontzat baita herrira datozen bisitari ugarirentzat ere. Baina Euskal Herriko Memoria historikoaren baitan, garrantzia berezia du. Izan ere, 1936ko abuztuan hemen bildu ziren lehen aldiz euskal miliziak, Candido Saseta buru zutela. Hemen sortu zen Eusko Gudarostea. Eta abuztutik duela 86 urteko irailaren 19ra arte izan ziren bertan", adierazi du Alkortak.
Zehazki, oroigarriak saltzeko hutsik dagoen etxolan jarriko da memoriaren erreferentziazko gunea: "Eusko Gudarostearen inguruko eta 1936ko uda hartan hemen gertatutakoa azaltzeko proiektu museografiko bat jarriko dugu. Hala herritarrek zein bisitariek Euskal Herriko Memoria Historikoaren inguruko pasarte garrantzitsu baten berri jasotzeko aukera izango dute, eta Loiolan oroimenerako erreferentziazko gune bat ezarriko dugu. Gure azken urteotako helburua horixe baita. Memoria historikoaren bidulgazio lana egitea", zehaztu du.
Proiektua Aranzadirekin 2014.urtetik udalak duen elkarlanak beste fruitu bat da: "Dakizuen bezala 1936tik gaur arteko giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa egin da eta historiari izen-abizenak jartzeko ahalegina egin da. Eta Eusko Gudarostearen historia ere bildu dugu. Urte guzti hauetan egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu dugu".
Bucesek Eusko Gudarostearen inguruan orain arte bi erakundeek elkarlanean eginiko ekarri du gogora: " 2017an, Eusko Gudarosteari buruzko lan mardula argitaratu genuen. Hemen, Loiolan, kolpe militar faxistaz aurre egin zieten lehen milizia nazionalistak sortu ziren. Hemendik ehunka gazte atera ziren frontean borrokatzera, prestakuntza militarrarik gabe eta Candido Sasetak milizien buru izan zen. Egin genuen ikerketari esker, gaur egun izen-abizenak jar diezaiekegu gazte horiei, eta atzeguardiatik faxismoari aurre egitea ahalbidetu zuten emakumeei".
Helburua herritarrek modu didaktiko eta errazean gertatutakoaz jakitea da. Proiektua egina dute eta epe motzean etxola berritu, egokitu eta barruko materiala jartzen hasiko dira. Aurreratu dutenez, dena ondo bidean, urtearen bukaerarako prest izango da. "Espazio horretan ez da soilik nahi bisitariak 1936ko abuztua eta iraila artean gertatutakoa ezagutzea, baita Eusko Gudarostea osatu zuten borondatezko pertsonei izen-abizenak, are aurpegia, jartzea ere. Haien ahaleginari esker ondoren eratu ahal izan baitzen lehenengo Eusko Jaurlaritza".
Horretarako, azken urteetako ikerketetan zehar bildutako materialak erabiliko da. Besteak beste: material grafikoa, Eusko Gudarostea osatzen zuten babeserako lekuenak nahiz pertsonenak; lubakiak eraiki ziren babes-guneetako ekinaldi arkeologikoetan berreskuratutako materialak: dokumentazio historikoa: boluntarioen nominak, kartilla pertsonalak, elikagaien hornidurari buruzko agiriak, Candido Saseta eta Manuel de Irujoren eskuizkribuak; garaiko egunkari-zatiak; 2017ko ekitaldiari buruzko material grafikoa eta audiobisuala; euzkadiko gobernuari buruzko dokumentazioa.
Oroimenerako kanpaiak
Eskerrak ere eman nahi izan ditu Alkortak: "Alde batetik, Javi Buces eta Aranzadi zientzia elkarteari, beste behin bidelagun izateagatik. Eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari etxolaren lagapenagatik".
1936ko irailean 19a historiako pasarte gogorra da Azpeitian. Duela 86 urte albiste beldurgarriak iristen ziren okupatutako beste Gipuzkoako herrietatik Azpeitira, eta gaurko egunez, tropa frankistei beldurrez ziren ehundaka azpeitiarrek ihes egin zuten 15:00etako Urolako trenean. Alde egin behar izan zutenak gogoan, azken urteotan egin bezala, udaletxeko kanpaiek bost minutuz joko dute, gaur, trena irten zen ordu berean.