Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso du Fermín Leizaola etnografoak
Ostirala, 2018eko martxoaren 23a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Donostiako Miramar jauregiko aretoa jendez gainezka zegoen atzo. Etnografoaren familia, lagun eta kolaboratzaileen artean jaso zuen saria Leizaolak, euskal etnografian urteetan zehar egin duen lan paregabe eta emankorrarengatik. Paco Etxeberria Aranzadiko Antropologia Saileko zuzendariak ekitaldiari hasiera eman zion, eta Aizpea Leizaolak, Ferminen alabak, laudatioa irakurri zuen, non aitaren ibilbide oparoaz jardun zuen, tartean Zaharkinak proiektu ospetsu aipatuz, 90. hamarkadan Gipuzkoako 24.000 objektu etnografiko bildu eta aztertu zituen ekimena, alegia.
Ondoren, Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzaren lehendakariak Leizaola zoriondu eta 1978az geroztik erakundearen kide esanguratsua dela azpimarratu zuen. Saridunaren txanda iritsi zenean, etnografoak saria eskertu eta familiakoak, mentoreak, lagunak eta kolaboratzaileak goraipatu zituen, bai eta haren lanak burutzeko pazientzia izan zuten artzain eta artisauak gogoratu ere. Omenaldiari amaiera emateko, Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak Ferminen hamarkadetako lana eskertu zuen, batik bat azken urteotan Gipuzkoako Ondare Higigarrien Zentrua –Gordailua abian jartzeko eman zituen irizpideengatik.
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria
Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana (opera omnia) egin duten pertsonei aitorpena egiteko. Manuel Lekuona Saria jaso dute, besteak beste, Jorge Oteizak, Jose Miguel de Azaolak, Justo Garatek, Bernardo Estornesek, Carlos Santamariak, Jose Ignacio Tellechea Idigorasek, Jose Mª Jimeno Juriok, Eugene Goyhenechek, Micaela Portillak, Elias Amezagak, Menchu Galek, Antxon Aguirre Sorondok, Joan Mari Torrealdaik edota Manuel Lekuonak berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.
Fermin Leizaolaren biografia laburra
Etnografoa eta Ondare Materialean aditua. 1958an Aranzadi Zientzia Elkartearen Historiaurrea sailean sartu zen. Gainera, espeleologia ere landu zuen. Hala ere, barrunbeak esploratzea, artzain, abeltzain eta baserritarren bizimoduak aztertzea bezain presazkoa ez zela konturatu zen.
1965. urtetik kultur antropologiarekin, kultura materialarekin, artzain bizitzarekin, arkitektura tradizionalarekin, ondarearekin eta museoekin erlazionatutako artikulu ugari argitaratu ditu. 1975ean I. Jose Miguel Barandiaran Ikerketa Saria lortu zuen “Artzaingoa Euskalerrian Gaur Egun” lanarekin (Euskalerriko artzaiak izenburuarekin argitaratu zen).
70. hamarkadaren bukaera aldera, Euskalerriko Atlas Etnografikoa egiteko proiektua diseinatu zuen eta euskal geografiako euskalki eta lekuko hizkerak bildu eta aztertu zituen taldea ere koordinatu eta zuzendu zuen.
Fermín Leizaolak hasi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren fondo etnografikoen bilduma. Lan honen emaitza da Zaharkiñak proiektua (1989-2004), Euskal Herriko inbentario etnografikoa egitea helburu zuena eta neurri handi batean ahaztuta zegoen eta ezezaguna zen ondareari balioa eman ziona. 2009an, Gipuzkoako Foru Aldundiak I. Ondare Saria eman zion. Urte horretan bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Urrezko Domina ere eman zion. Gainera, erakunde honen Etnografia Departamentuko zuzendaria da eta baita Munibe. Antropología-Arqueología aldizkariaren komite zientifikoko kide.
Euskal etnografian aditua, hitzaldi ugari eman ditu bai Euskal Herrian eta baita bertatik kanpo ere. Halaber, kongresu eta sinposio ugaritan ere parte hartu du.