
Eusko Jaurlaritzak Jacinto Polo milizianoaren gorpuzkiak entregatu dizkio familiari

Antropologia / Auzitegiko antropologia, Gerra Zibila
Osteguna, 2025eko uztailaren 24a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Jacinto Polo Ríos, donostiarra, ‘Malatesta’ batailoi anarkistako milizianoa, 1936ko abendu hasieran hil zen eta bere gorpuzkia Amorebieta-Etxanon berreskuratu ostean genetikoki identifikatua izan da. Gerra garaian desagertutakoak bilatzeko programaren emaitza berri bat da hau, desagertutako pertsonen senideen sufrimendua orbaintzen laguntzen duena eta, aldi berean, euskal gizartea duintzen duen prozesua da, biktima horiei euskal gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie
Jacinto Polo Riosen gorpuzkia jaso du familiak gaur eguerdian Elgoibarren eta bertako Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu du. María Jesús San José, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkateak parte hartu dute ekitaldian.
Jacinto Polo Ríosen gorpuzkia, Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratutako 149etako bat da, bertan identifikatutako bostgarrena. Identifikazioa gauzatzeko oso lagungarria izan da hezur-hondarrekin batera berreskuratutako identifikazio-xafla, 23086 zenbakiduna. Euskal Prospekzio Taldeak dokumentazio historikoa kontsultatu eta zenbakiari izena jarri dio, Jacinto Polo Riosena. Ondoren, identifikazio genetikoa gauzateko, Gogora familiarekin harremanetan jarri, DNA lagina jaso eta EHUren Biomics laborategiak egin du laginen azterketa genetikoa.
Gogora Institutuak aurrera eramaten duen ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren’ emaitza positibo berri bat da hau, gerrako hildakoak bilatu, berreskuratu eta identifikatzeko programarena. Identifikaziora iritsi arteko prozesuaren etapa desberdinetan honako hauek parte-hartzen dute: Euskal Prospekzio Taldea, Gerra Zibileko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen dena; Aranzadi Zientzia Elkartea, gorpuzkiak hobitik atera eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta EHUko Biomics laborategia, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen dena.
Ekimen honek desagertutako pertsonen senideen sufrimendua orbaintzen laguntzen du, horiek identifikatuz eta haien familiei itzuliz, eta euskal gizartea duintzen duen prozesua da, biktima horiei euskal gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie.
Jacinto Polo Ríos donostiarra 1936ko abenduaren 4an hil zen, Amorebieta-Etxanon, 20 urte zituela. CNT, sindikatu anarkistari atxikitako ‘Malatesta’ batailoiko gudularia zen. Hezur-hondarren azterketa forentseak erakusten du Jacinto gerra frontean zauritu ostean, ebakuntza egin ziotela. Beraz, pentsatzekoa da, Elosun zauritu eta Amorebieta-Etxanoko ospitalera eraman zutela eta han, ebakuntzaren ostean, hil eta bertako hilerrian hobiratu zutela.
1936ko abendutik 1937ko maiatzera hildako gudularien senideen bila
Jacinto Polo Riosen identifikazioak erakusten du, uste zena baino denbora tarte eta zonalde zabalagoan hildako pertsonak daudela Amorebietan hobiratuta. Hilerri horretan berreskuratu diren 149 gorpuzkiak (zifra behin-behinekoa da), denbora eta leku tarte zabal batean hil ziren gudulariei dagozkie beraz; 1936ko abendutik 1937ko maiatza bitartean gerrako fronte desberdinetan hildakoei edota zaurituta ospitalera eraman ostean hildakoei.
Beraz, Gogorak berretsi nahi du gerra garaian hil eta desagertuta dauden gudularien senitartekoei egiten dien deia, DNA Bankurako lagina eman dezaten, identifikazio berriak lortzeko.
Gaurdaino, bost dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratu eta identifikatutako gudulariak.
- Adolfo Cengotitabengoa Izurza, Muskizkoa (Bizkaia).
- Jaime Iñiguez Nieva, Ortuellakoa (Bizkaia).
- Enrique Contreras, Linaresekoa (Jaen) eta Aretxabaletakoa (Gipuzkoa).
- Ortuellako (Bizkaia) Benigno Hierro Pinedo.
- Jacinto Polo Ríos, Donostian jaioa (Gipuzkoa).
Centoitabengoa, Iñiguez y Hierro, Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako ‘Perezagua’ batailoiko milizianoak ziren, eta egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Barazarko frontean.
Enrique Contreras, EAJ-PNVri atxikitako ‘Sarasketa’ batailoiko gudaria, bezperan hil zen, apirilaren 6an, Diman, Barazar inguruan.
Jacinto Polo Riosen identifikazioak erakusten du, denbora eta leku tarte zabalagoan hildako pertsonak daudela Amorebietan hobiratuta, 1936ko abenduaren 4an hil baitzen Elosun zauritu eta Amorebietako ospitalera eraman ostean.
Gogorarekin harremanetan jartzeko:
gogora@euskadi.eus | 944032845