Garberak 60ko hamarkadako etxeko objektuen bilduma aurkeztu du Aranzadi eta AHMrekin batera

Etnografia / Ondare materiala

Asteazkena, 2025eko irailaren 10a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Garberak ‘Ganbara Bilduma’ erakusketa aurkeztu du gaur, 1998an Donostiako auzoaren iragana eta oraina ikertzen eta ezagutzen lan egiten duen Altzako Historia Mintegiaren (AHM) ekimenez sortutako eta bultzatutako etxeko objektu zaharren bilduma etnografikoa. Prentsaurrekoan Nuria Vegas zentroko gerentea, Maite Errarte Aranzadiko etnografia departamentuko zuzendaria eta Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua izan dira.

“Guretzat funtsezkoa da kulturarekin eta ondarearen, memoriaren eta gizartearen ongizatearen alde egunero lan egiten duten erakundeekin lankidetzan aritzea. Gure iritziz, merkataritza gunea ez da soilik erosketak egiteko gunea izan behar, baita inguruko ekimenez elikatzen den eta komunitatea aberasten duten proiektuetara irekita dagoen toki bizia ere”, adierazi du Nuria Vegasek prentsaurrekoan. Bestalde, Maite Errartek azaldu duenez, “erakusketarako aukeratutako piezak 60ko hamarkadako gizartearen alderdi guztiak islatzen saiatu dira”. “Erakusketa honen bidez, hain urrun iruditzen zaizkigun urteetara bidaiatzeaz gain, egungo gizartea nola aldatu den hausnartzera gonbidatu nahi dugu. Nondik gatozen eta nora goazen hausnartzeko gunea ireki nahi genuke. Azken finean, objektuek ere memoria dute, gauzen memoria”, berretsi du.

Halaber, Goizane Alvarez foru diputatuak azpimarratu duenez, “Ganbara Bilduma auzo baten memoria kolektiboa lurralde oso baten ondare bihur daitekeela erakusten duen adibidea da”. “Altzako Historia Mintegiaren lan boluntario eta komunitarioari esker, 60ko hamarkadan, gure oraintsuko historiaren oso une garrantzitsuan, Altza eraiki zuten hainbeste familiaren eguneroko bizitzara hurbildu gaitezke gaur egun. Gipuzkoako Foru Aldunditik sendo sinesten dugu pertsonak erdigunean jartzen dituzten, memoria zaintzen duten eta herri nortasuna indartzen duten ekimen horien balioan. Funtsezkoa da behetik, komunitatetik, sortzen diren proiektuak babestea, horiek baitira Gipuzkoako aberastasun kultural eta soziala hobekien islatzen dutenak”, adierazi du.

Ganbara Bildumak XX. mendearen bigarren erdian, industrializazioaren gorakadaren ondorioz toki horrek garrantzi handia hartu zuen garaian, Altzako etxeetako eguneroko bizitzaren ikuspegi zehatza eman nahi du. Ia 22 urtez, boluntarioz osatutako elkarte horrek objektuak eskuratu, katalogatu eta zabaldu zituen erakusketen edo Altzanet webgunean edo Estibaus aldizkarian argitaratutako artikuluen bidez.

2022an, etorkizunean bizirik irauteko hainbat saiakera egin ondoren, bilduma Aranzadi Zientzia Elkarteari eman zitzaion, eta haren funts etnografikoetan integratuta geratu zen. Eskualdatze horrek haren kontserbazioa eta zabalkundea bermatu eta hezkuntzarako eta ikerketarako tresna izaten jarraitzea ahalbidetu zuen. Gainera, 2023ko azaroan, aipatutako erakundeek ‘Ganbara bilduma: Altzako etxe batera bidaia 60ko hamarkadan’ liburua argitaratu zuten elkarrekin.

6 informazio-gune

Bildumak mota askotako 500 objektu inguru biltzen ditu, hala nola sukaldeko tresnak, etxetresna elektrikoak, jostailuak edo etxeko instalazioak. Erakusketa Garberan izango da ikusgai irailaren 27ra, larunbatera, arte. 60ko hamarkadaren inguruan Altzak izan zuen etxeko diseinuaren eta ohituren bilakaerara bidaia egin nahi du, objektu horien aukeraketa txiki bat erakutsiz, bakoitzari dagokion etxeko eremuaren arabera multzokatuta.

Bisitariak 6 informazio-gune ikusi ahal izango ditu guztira: “Sukaldea eta bertako tresnak”, “Higienea eta osasuna”, “Jolasak eta jostailuak”, “Ikus-entzunezko gailuak”, “Etxeko garbiketa” eta “Etxeko instalazioak”. Gune horietako bakoitzak gai bakoitzari dagozkion objektuak erakusten ditu. Adibidez: Duralex platerak, limoi zukugailu bat edo telebista zaharrak.