Artikulu tematikoa
Herbarioak, landareek istorioak kontatzen dituzten guneak
Noizbait jarri zarete pentsatzen zer kontakizun dituzten herbarioetan jasota ehundaka urte dituzten landare plegu horiek?
Haiengana gerturatu eta belarrira Linneo berak nola bildu zituen kontatuko lukete batzuek eta beste batzuek pertsona anonimo bezain garrantzitsu batek baso galdu eta ilun batean bildu zituela esango digute…
Zein baino zein baliotsuago, herbarioan gordeta dagoen landare plegu lehor bakoitzak izango du ezagutza iturri agortezina.
Herbario bat, latinezko herbarium hitzetik eratorria, landareen edo haien zatien bilduma zientifiko bat da. Ale horiek, lehortuak eta identifikatuak, ehundaka urtetan zehar mantentzea da helburua. Herbarioetan bildutako materialean oinarritzen da ikerketa botanikoaren zati garrantzitsu bat, batez ere taxonomian, nahiz eta erabilgarria den flora-, biogeografia- eta molekula-ikerketetarako ere. Bilduma horiek, oro har, herri, eskualde edo herrialde bateko flora edo landare-ondarea irudikatzen dute.
Jatorrian, herbarioa arazo praktiko baten konponbide teknikoa izan zen: sendabelarrak erabiltzeko espezieak ondo ezagutzeko beharra. Erdi Aroan, medikuek sendabelar ezagunen ilustrazioak zituzten liburu batzuk erabiltzen zituzten: "Herbolarioak" edo "Herbarioak". Kezka zientifikoak zituzten mediku asko konturatu ziren ilustrazioek sarritan ez zutela errealitatea ongi islatzen. Baziteken batzuek liburu horien barruan ezagutzen zituzten landareen hosto edo lore zati txikiak pegatzea, datu errealago bat eransteko eta haiek erabiltzen zuten tokiko espeziea hobeto ezagutzeko... Horrela sortu ahal izan zen herbarioaren teknika, hasieran "hortus siccus" deitu zena.
Bilduma hauek deskribatzeko latinezko herbarium hitza Carlos Linneok sortu zuen XVIII. mendean. Erregistrodun lehen herbarioa Luca Ghini (1490-1556) mediku eta botanikari italiarrari ematen zaio. 1544an, bere lehen herbarioa prestatu eta Pisako lorategi botanikoa eraiki zuen. Haren metodoa erabiltzen dugu gaur egun ere: landareak paper-orri baten barruan presiopean lehortzen ziren, eta, horrela, laginak kontserbatzea ahalbidetzen zen. Bere metodoa Europa osora hedatu zen eta XVII. eta XVIII. mendeetan zehar garrantzia hartu zuen, aurkikuntza geografikoetan aztertu beharreko espezie berri asko aurkitu baitziren. Herbarioak, funtsean, bilduma pribatuak ziren. Gaur egun, "herbario" terminoan sartzen da aleak uzten diren leku fisikoa ere.
Landare lehorren bildumak, denboran zehar identifikatuak, ordenatuak eta iraunkorrak, norbanakoaren beharrizan gisa sortu ziren, baina haien balioari esker, XVII. mendetik aurrera, lorategi botanikoen babesean garrantzia hartu zuten. Herbario horien arrakasta hain handia izan zen, ezen laster bihurtu baitziren botanikarientzako kontsulta-elementu. Mende horietan, espezie ezagunen kopuruaren etengabeko hazkundeak agerian utzi zuen organismoak sailkatzeko eta izendatzeko beharra. Horrela, taxonomia izango zen XVIII. mendean botanika egituratuko zuen ardatz nagusia.
"Lehen herbarioetan landare pleguak bertikalki kokatzen ziren karpeten barruan, apalategietan. Berehala ikusi zen apalategietan bertikalki jartzeak larriki hondatzen zituela laginak, eta beraz, horizontalki jarritako orri independienteetan biltegiratzen hasi ziren".
Herbarioa kontsultatzea espazioan eta denboran egindako bidaia da, eta taxonomoari izaki bizidunak ezagutzeko funtsezko galderak erantzuteko aukera ematen dio: nolakoak diren, zein ezaugarri dituzten, zein den haien aldakortasuna, zein beste espezie dituen hurbilen, eta abar.
Herbarioak benetako dokumentu-zentrotzat hartzen dira, eta haien ardura nagusia da bertan utzitako laginen eta horiekin batera doan informazioaren kontserbazioa bermatzea, bildumen osotasuna zaintzea eta ikertzaileentzat eskuragarritasuna bermatzeko mekanismoak ezartzea…
XX. mendearen amaieran, informazioaren teknologiak aldaketa sakona ekarri du bildumen kudeaketan, eta horrek laginen kontserbazioa bermatu du eta neurri berean datuen maneiua eta erabilera ere erraztu du. Informatizazioak kontsulta kopurua handitu du eta pleguen manipulazio murriztu du. Pleguen informatizazioa prebentziozko kontserbazio tresna bat da, kontserbatutako materiala erabilerrazagoa egiten baitu manipulatu beharrik gabe.
Edonola ere, historiak erakutsi du gure landare pleguen funtsezko balioa “datu gordin” izaeran datzala, hau da, datu zientifiko objektibo izaeran, zeinaren erabilera infinitua den eta gaur egun ezin baita aurreikusi. Gure eginbeharra da, beraz, haien kontserbazioa bermatzea, haien egiazkotasuna zaintzea eta ikertzaileentzako irisgarritasuna bermatzea; baita gure funtsak aberasteko konpromisoa hartzea ere.
Munduko herbarioak
Munduan 3.300 herbario publiko baino gehiago daude, 270 milioi plegu dituztelarik, guztira. Orain arte ezagutzen ziren 250.000 landare baskular espezieez gain, oraindik identifikatu gabeko beste asko ere badira herbario horietan.
Espezie gehien dituen herbarioa Frantziako Natur Historiako Museo Nazionala da (Paris), bederatzi milioi plegu ingururekin.
Linneoren herbarioa da herbario guztien artean baliotsuena. Londresko Linnean Society-n kontserbatzen den herbario horretan, Linneok katalogatutako landareak kontserbatzen dira aditu eta zaleen eskura. Herbario honetako landare pleguen informatizazio eta digitalizazioak guztien eskura jarri du lehen ikertzaile gutxi batzuentzat gordetako herbario mitikoa.
Aranzadi Zientzia Elkarteak ere badu Herbario propioa, ARAN herbarioa hain zuzen ere. 1980an sortutako herbario hau Estatuko 10 garrantzitsuenen artean dago, eta Euskal Herriko eta inguruko eremuetako landaredia sistematikoki dokumentatzen duen landare baskularren bilduma da. Aranzadiko botanikari eta boluntario ugarik bildutako 80.000 landare plegu baino gehiago ditu, 460 kutxatan ordenatuta eta gehienak digitalizatuta.
Jean Vivant botanikari eta taxonomo frantsesak bere herbarioren zati garrantzitsu bat Aranzadi Zientzia Elkarteari eman zion dohaintzan eta Pius Font i Quer botanikari taxonomoak ere ale garrantzitsuak oparitu zizkion Aranzadi Zientzia Elkarteari. Baina ezin aipatu gabe utzi ARAN herbario sortu zenetik bere aportazio egin zuten Iñaki Aizpuru, Xabier Lizaur, Carlos Aseginolasa, Daniel Gómez, Gabriel Montserrat, Gregorio Morante, María Salaverría, Juan Alejandre, Anton Aranburu, Pilar Catalán eta Ernesto Gurrutxaga. Hauen eta aipatu gabe geratu diren beste askoren laguntzarik gabe ez genuke izango ARAN herbarioa, Euskal Herriko landareen bilduma osoena duen herbario garrantzitsua.
Herbarioen garrantzia eta helburuak
Herbarioak garrantzi handiko tresnak dira taxonomiarako, besteak beste, espezie baten identitatea aurkitu edo baieztatzeko funtsezkoa den material konparatiboa ematen dutelako. Horrez gain, herbarioak funtsezkoak dira hainbat arlotan ikerketak egiteko, hala nola sistematikan, ekologian, eboluzioan, morfologian, anatomian, etnobotanikan, baliabide naturalen kontserbazioan, biogeografian, medikuntzan, paleobotanikan, palinologian eta genetikan. Landareei eta bizi diren inguruneari buruzko informazio-iturri dira landare pleguak, eta biodibertsitatearen erregistro iraunkorrak dira.
Herbario eta bilduma motak
Herbario baten barruan, landareen ale lehorren bilduma nagusiaz gain, fruitu eta hazien bildumak, tamaina handiko espezimenak, zura-laginak, briofitoak, fosilak, polena eta likido preserbatiboetan kontserbatutako landare-materiala ere aurki daitezke.