#sugebizi hiritar zientzia kanpaina prest

Herpetologia / Hiritar zientzia

Asteartea, 2025eko apirilaren 1a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

¡SUGEZALE! #SUGEBIZI bueltan da! Beste behin, gogo biziz ekingo diogu aurten ere herritar zientzia bultzatuz, zuek bidalitako suge argazkiak jaso, identifikatu eta zabaltzeko ekimen parte hartzaileari!

Hasi gaurtik eta uztaila bitartean, Euskal Herrian aurkitzen dituzuen sugeen argazkiak jasoko ditugu eta horiek hobeto ezagutzeko informazioa emango dugu, duten fama txarra uxatzeko asmoz eta horiekiko errespetua sustatuz.

Egitekoak errazak dira:

  1. Suge bat ikusten duzuenean, asko gerturatu gabe, argazkia atera zoom-a erabiliz.
  2. Lekuaren koordenatu geografikoak apuntatu.
  3. Bluesky/Mastodonen bitartez argazkiak eta koordenatuak partekatu #sugebizi traola erabiliz eta @aranzadi.bsky.social / @aranzadi (mastodon.eus) aipatuz.

Trukean, bidaltzen dizkiguzuen argazkietako espezieak identifikatzen saiatuko gara. Horretarako, komenigarria da sugearen burua argazkian ikusgarri egotea. Ikusten duzuen edozein sugek balio du, hilda aurkitu baduzue ere!

Aurten ere tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen ditugu: Euskal Herriko herrietan sugeei buruzko hitzaldiak, eskolentzako tailerrak eta mendiko irteera gidatuak kontratatzeko aukera izango duzue! Beraz, interesa izan ezkero, jarri kontaktuan gurekin. Horrez gain, Ander Izagirrek eginiko sugeei buruzko poster zoragarria ere labetik atera berri da eta salgai dago gure webgunean. Euskal Herriko sugeak identifikatzen ikasteko tresna ezin hobea da! Ez galdu aukera eta erosi!

Gogoratu! Sugeei argazkiak ateratzeko garaian, EZ UKITU eta UTZI SUGEAK BAKEAN! Eta noski, errespetatu. EZ HIL SUGERIK! #sugebizi