Ikastetxeetako urmaelak: hezkuntza-baliabide giltzarria gaitasun zientifikoa eta ikaskuntza praktikoa sustatzeko

Herpetologia / Erronka ekosoziala, Ingurumen hezkuntza

Osteguna, 2025eko martxoaren 6a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Azken bost urteetan biderkatu egin da ur askak edo urmaelak dituzten ikastetxe kopurua, Zientzia-gaitasuna eta ingurumen-sentsibilizazioa ikuspegi praktiko eta berritzaile batetik sustatzeko funtsezko baliabide didaktikoak dira urmaelak.

Begoña Pedrosa sailburuak adierazi duenez, “ekosistema horiek zuzeneko esperientzian oinarritutako jakin-min zientifikoa, jasangarritasuna eta ikaskuntza sustatzen dituzte, ikasleei metodo zientifikoa aplikatzeko eta pentsamendu kritikoa indartzeko aukera emanez”.

Eskoletako Urmaelen Sarea aintziren edo putzuen erabilera didaktikoa egiten duten ikastetxeen sarea da. 2020ean sortu zen sei ikastetxerekin eta egun 50 ikastetxe inguru eta Euskal Autonomía Erkidegoko hiru unibertsitate Campusek parte hartzen dute bertan. Urmaelak auzolanean sortzen dira adituen jarraibideak jarraituz eta hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea ez ezik, leku askotan herritarren parte hartzea ere bultzatzen da. Eskoletako urmaelek ekosistemak sortzen laguntzen dute eta ikasleen gaitasun zientifikoa garatzeko tresna bihurtzen dira, laborategi natural gisa funtzionatzen baitute.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua urmaeletako batean izan da gaur, Orokieta Herri Eskolaren baratzean dagoen aintziran hain zuen. Sailburuak tresna didaktiko berritzaile gisa duen balioa nabarmendu du: "Ikastetxeetako urmaelak toki apartak dira, ikasleei beren gaitasun zientifikoa garatzeko, ingurune naturalaren behaketaren, esperimentazioaren eta azterketaren bidez ikasteko aukera ematen die", adierazi du. Halaber, azpimarratu duenez, "ekosistema horiek zuzeneko esperientzian oinarritutako jakin-min zientifikoa, jasangarritasuna eta ikaskuntza sustatzen dituzte, ikasleei metodo zientifikoa aplikatzeko eta pentsamendu kritikoa indartzeko aukera emanez".

Sarearen helburua urmaelaren erabilera didaktikoa egiteko esperientziak eta materiala partekatzeaz gain, ikastetxeen arteko harremanak sustatzea ere bada. Hala, datorren maiatzaren 16ean Eskoletako Urmaelen Sarearen Topaketa egingo da. Helburu guzti horiek betetzeko lekua eta aukera ematen zaien ikastetxeei, adituen aholkularitzarekin eta laguntzarekin.

Eskoletako Urmaelen Sarea Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Berritzegune Nagusiaren elkarlanari esker garatu da eta egun kudeaketa batzorde bat ere badu eratua. Ikastetxeetako arduradunak eta gainerako instituzio partehartzaileen ordezkariak ere badaude; Berritzegune Nagusikoak, Aranzadikoak, UPV/EHUkoak eta Neiker Fundaziokoak.

Azken urteetan ikerketa lerroek pisu handia hartu dute sarean eta UPV/EHUren bitartez, hainbat publikazio eta hitzaldi egin dira nazioarteko kongresuetan gai honi buruz. Helburua da ikerketa horien emaitzak, era berean, ikastetxeen egunerokoan lagungarri izatea, urmaelen erabilera didaktikoa hobetzeko eta gaitasun zientifikoaren irakaskuntza finkatzeko.

Urmaelen Sarearen webgunea: https://www.urmaelaeskolan.eus/orri-nagusia