Egun hauetan estatu osoko ehun ikertzaile baino gehiago bilduko dira Landareen Kontserbazio Biologiako VII. Biltzarrean

Botanika

Asteazkena, 2015eko irailaren 30a — CEST

Irakurketa: 3 minutu


Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, gaur goizean adierazi duenez: «landareak dira Biodibertsitatearen lehen bermea, eta herrialde honetan ondare aberatsa dugu; izan ere, landare loredunen 2.000tik gora espezie ditugu Euskal Autonomia Erkidegoan. Horiexek dira ezagunenak, eta Europa osoan existitzen diren espezieen % 20 EAEn dugu.Jaime Güemes eta Juantxo Agirrerekin batera, Landareen Kontserbazio Biologiako VII. Biltzarra aurkeztu du Ana Oregi sailburuak gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko entzun-aretoan. Aranzadi Elkarteak eta Landareen Kontserbazio Biologiako Espainiako Elkarteak antolatua, hainbat esparruko 125 aditu bilduko ditu: kontserbazio-zereginak dituzten administraziokoak, Unibertsitatekoak, Ikerketa Zentroetakoak eta natura babesteko elkarteetakoak.


Lehen bi jardunaldietan, azken urteetan landareen kontserbazio-arloan egindako aurrerabidea azalduko eta eztabaidatuko da. 110 komunikazio aurkeztuko dira, hala mintzatuak nola grafikoak, askotariko gaien inguruan egituratuak. Adibidez: Kontserbazioa Aldaketa Globalari aurre egiteko, Kudeaketa Estrategiak edo Kontserbazioko Ekintza Praktikoak.


Jardunaldioi hasiera emateko, bi hitzaldi: Biodibertsitatearen jarraipena egiteko metodoak eta Ministerioak Landareen Kontserbaziorako osatutako Lantaldearen aurkezpena. Esparru horren baitan aurkeztuko dira Bizkaiko biodibertsitatea babesteko, hobetzeko eta kudeatzeko estrategia eta Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman sartutako berritasunak ere.


Orobat, El legado botánico de Lorenzo Prestamero (1733-1817) liburua aurkeztuko da. Pedro Uribe-Etxebarriak idatzi du, eta Arabako Foru Aldundiak argitaratu. Hirugarren egunean, berriz, landa-bisitak egingo dira: besteak beste, Olarizuko Lorategi Botanikoa eta arriskuan dauden Izkiko Natura Parkeko landareak lehengoratzeko lanak.


Oregik zera gogorarazi du: «Euskadiko baso-azalerak –dela zuhaiztuna, dela larre, sasi nahiz harkaiztidun azalera zuhaitz gabea– gure geografia osoaren % 68,5 hartzen du. Landareei bagagozkie, biologia oparoa du gure autonomia-erkidego txiki eta jendeztatuak. Adibide fina dira landare loredunak, denetan ezagunenak: Euskal Autonomia Erkidegoan, halako 2.000 espezie baino gehiago daude. Hau da, Europan existitzen diren espezie guztien % 20 dugu hemen, Euskadin. Antzeko zerbait gertatzen da multzo ezezagunagoetan ere: goroldio, alga, onddo eta likenetan, esaterako».


Arriskuan dauden espezieak


«Ez da harritzekoa landare-espezieen proportzio bat, giza-jardueren presiopean, arrisku maila desberdinetan egotea. Egoerari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak hainbat ezagutza ildo garatzen ditu, mehatxupeko espezieen egoera modu zehatzean ebaluatzeko, eta arriskupeko espezieak babesteko» gaineratu du Oregik.


Egoera hori saihesteko, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin eta udal-administrazioekin batera, beharrezko neurriak hartzen ditu presiooi aurre egiteko eta mehatxu-kategoria desberdinetako espezie guztien biziraupenean laguntzeko.


«Horregatik, Euskadiko administrazio-publikoek kontserbazio-planak egiten dituzte, bai eta gune babestuak sortzen, haziak landareen material genetikoaren biltegietan gordetzen, habitatak lehengoratzen eta populazioak sendotzen ere, planeta osoan beste hainbat administraziok egin bezala, gure herrialdeko ondare naturala, ondasun komuna, kontserbatzeko» adierazi du Oregik.


Jardunaldietan, Eusko Jaurlaritzako biologoak, Marta Iturribarriak, Eusko Jaurlaritzako ingurumen-informazioko sistema berria aurkeztuko die parte-hartzaileei.


AURKEZPENAREN BIDEOA IKUSI