Intsektuentzako egurrezko egiturak Oiangun
Botanika, Entomologia / Intsektu-espezie mehatxatuak eta araknologia.
Osteguna, 2022eko uztailaren 7a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Badira hainbat urte Aranzadi Zientzia Elkartea eta Ordiziako Udala elkarlanean ari direla Oianguko kudeaketa jasangarri baten alde. Prozesu horretan hainbat erabaki eta zeregin aurrera eraman dira eta egur pila hauen eraikitzea horietako bat da.
Udaberria hasi aurretik erortzeko arriskuan zeuden adarren kimaketak egin ziren Oiangun. Adar horiek lodiera handikoak ziren eta usteltze prozesuan hasiak. Ezaugarri horietako egurra da hain zuzen ere gure basoetan falta dena eta interes handiko intsektuek bere bizi-zikloa osatzeko ezinbestekoa dutena, horiek dira intsektu saproxilikoak: arkanbelea (Lucanus cervus), kakalardo adarluze alpetarra (Rosalia alpina) edota Osmoderma eremita esaterako. Intsektu hauek guztiak EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan barneratuta daude eta basoetako kontserbazio egoera onaren bioindikatzaile kontsideratzen dira.
Oiangu eta bere inguruetan ikusi dira intsektu hauetako batzuk. Egur pila hauen bitartez, batetik, Oiangun sortutako egurra Oiangun bertan geratzen da bere bizi-ziklo osoa bermatuz, bestetik, intsektu horien kontserbazioan lan egiten da bere habitataren iraupena bermatuz.