Kanpaina jarri dute abian izar bati eta haren exoplanetari Elkano eta Victoria itsasontziaren izenak jartzeko

Astronomia

Asteartea, 2019eko azaroaren 5a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Nazioarteko Astronomia Batasunak (IAU) mundu osoko ehun herrialde baino gehiagori planeta-sistema bat izendatzeko aukera emanez ekimena jarri du abian. Planeta-sistema horrek exoplaneta eta haren izar anfitrioia biltzen ditu. Espainiako estatuari HD 149143 izarra, Ofiukoren konstelazioan 240 argi-urtetara dagoen izar nano hori bat, eta HD 149143 b planeta egokitu zaizkio izena emateko. Planetak gutxienez Jupiteren masa baino 1,33 aldiz handiagoa du. Izarra, aldiz, teleskopio txikietatik ikus daiteke.

Iruñeko Planetarioak, Espainiako Astronomia Sozietatearekin eta Nazioarteko Astronomia Batasunarekin elkarlanean, ekimena jarri du abian izarraren eta planetaren izenak herritarrek erabaki ditzaten. Astronomo profesionalek eta zaletuek proposatutako dozena bat aukeren artean daude hauek: ELKANO izena izarrerako, eta VICTORIA haren inguruan orbitatzen duen exoplaneta izendatzeko. Iruñeko Planetarioa izan zen proposamena egin zuena.

Gaur goizean, Virginia Garcíak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko zuzendariak; Javier Armentiak, Iruñeko Planetarioko zuzendariak; eta Rafa Zulaikak, Elkano 500 Fundazioko proiektu koordinatzaileak, ekimen hau aurkeztu dute Donostian. Horren arabera, Euskadiko herritarrak animatu dituzte http://nombraexoplanetas.es/ webgunean botoa emanda Juan Sebastián Elkano nabigatzaileak eta Victoria itsasontziak zeruan beren izarra izan dezaten Lurraren inguruan egindako lehen zirkumnabigaziotik 500 urte betetzen direnean.

Virginia Garcíak prentsaurrekoan azaldu du historian zehar gure zeruaren inguruko ezagutzak izan duen garrantzia; “XVI. mendean, itsasontziek ez zuten orientatzeko gailu elektrikorik eta, ondorioz, nabigatzaileek eguzkia eta izarrak erabiltzen zituzten. Lurraren mugimenduei behatuta ikasi zuten hori erreferentzia gisa erabiltzen kostaldea bistatik galtzen zutenean”.

Javier Armentiaren hitzetan, “deialdi hau ehun herrialde baino gehiago batzen gaituen zerbait bihurtu da; zeruari beste era batera begiratzea, oihartzun historikoekin amets egitea eta azken mende-laurden honetan aurkitu ditugun mundu arakatuei izena ematea ahalbidetzen digu”. Gainera, horren urrun dagoen zientzia hori jendearengana gerturatzeak eta haien iritzi eta irizpideak ere jasotzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Elkano 500 Fundazioko Rafa Zulaikak aipatu duenez, munduari emandako lehen itzuli hark gizateriarentzat “garrantzi” handia izan zuen arren, Elkano eta “espedizio hartan euskaldunok izan genuen rol esanguratsua ez dira mundu osoan behar adina aitortu edo ezagutu”. Horrekin lotuta, Fundazioaren ustez “gertakari haiei buruzko ezagutza berriak sortzea bezain garrantzitsua da haiek zabaltzea herritar ugarirengana iristen diren eta diziplina ugarirekin lotuta dauden” ekimenen bidez. Kasu honetan, astronomia da diziplina hori. Hala, eskerrak eman dizkie Iruñeko Planetarioari ideia horrengatik eta Aranzadi Zientzia Elkarteari eskainitako laguntzarengatik. Izan ere, “hunkigarria litzateke Elkanok eta Victoriak berriro ere munduari bira ematea eta zeruan haien tokia topatzea”, gehitu du.

Bozketaren emaitzak abenduaren erdialdean ezagutaraziko ditu Nazioarteko Astronomia Batasunak gainerako herrialdeek hautatutako izenekin batera.

Proiektu horren bidez (Nazioarteko Astronomia Batasunaren mendeurrena dela eta sortu da), izar eta planeta banari izenak jarriko dizkieten mundu osoko ehun herrialde baino gehiagorekin egingo dugu bat.

HD 149143

Herrialde batek izar bati izena eman ahal izateko eskakizun bakarra da nazio bakoitzak izendatutako izarra bere lurraldetik ikusgai egotea eta teleskopio txikien bidez behatu ahal izateko behar adina distiratsua izatea.

HD 149143 izarra N2K kontsortzioak aurkitu zuen metal askoko izarren inguruan periodo laburreko gasezko planeta erraldoien bila ari zela.

HD 149143 b planetak gutxienez Jupiterrekoa baino 1,33 aldiz handiagoa den masa du eta lau egun bakarrik behar ditu bere izarraren inguruan orbitatzeko.

Astronomiaren zientzia nazioarteko lankidetza bidez sustatzeko eta babesteko IAUk ezarritako misio horren baitan, IAU da zeruko gorputzei izen ofizialak emateaz arduratzen den agintaritza. Orain, nazioarteko lankidetza bultzatzen daraman mendeurrena (IAU100) ospatzen duen bitartean, IAUk pertsona guztien senidetasuna lortzen lagundu nahi izan du mundu mailako nortasuna erakutsiz.