Jaizkibel menditik Ameriketara baidaia, XVI. mendean

Etnografia

Asteazkena, 2022eko martxoaren 2a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

ERROTARRI HARROBIAK JAIZKIBELEN


XVI. mendean idatzitako dokumentu bat izan zen lehen pista eta nagusia. Bertan, Jaizkibel mendia errotarriak egiteko egokia zela aipatzen zen. Hala, ikerketa-taldea Jaizkibel mendian ziren errotarri harrobiak bilatzen eta haien karakterizazioa egiten aritu da azken urteetan. Harrobi bereziak izanda, oso zaila izan ohi da haien bilaketa, arrasto gutxi gelditzen direlako, baina metodologia egoki bati esker, 7 errotarri harrobi aurkitu dira. Horietako bat, bereziki interesgarria, errotarriak sortzeko ematen ziren pausuak eta erabiltzen zen teknika aztertzeko eta erakusteko oso leku aproposa delako.


100 ERROTARRI HONDARRIBIAN ETA 100 ERROTARRI JAIZKIBELEN


XVI. mendeko testamentu zahar batek, ordea, arreta deitu zien ikerlariei. Bertan, Joanes de Aldasorok zioen 100 errotarri zituela Hondarribiko Santa Engraziako ermitaren ondoan eta beste 100 Jaizkibelen. Horrek adierazten zuen errotarri asko sortzen zela bertan, eta beraz, horiek ez zirela soilik inguruko errotetarako. Horrenbeste errotarrik beste nonbait joan behar zutela ondorioztatu zen. Hariari tiraka, artxiboko dokumentu zaharrak irakurtzen, 25 dokumentu inguru aurkitu dira, non adierazten den, Hondarribitik eta Pasaiatik ateratako zabra izeneko itsasontzi txikien bidez, errotarri horiek, Galizara, Portugalera, Cadizera, Sevillara, Madeira eta Kanariar uharteetara bideratzen zirela XVI. eta XVII. mendean. Horrek, alabaina, beste galdera bat sortzen zuen: leku haietan jada errotarri harrobiak bazirela jakinda, zergatik bidali Jaizkibelgo errotarriak bertara?




JAIZKIBELDIK AMERIKETARA


1492an Kristobal Kolon Ameriketara iritsi zenean, bertara produktuak bidaltzeko eta handik ere ekartzeko komertzioa sortu zen. Ameriketara joango ziren naoak Sevillatik eta Cadizetik ateratzen ziren bereziki, baina baita Kanariar uharteetatik. Beraz, horrenbesteko errotarri kantitate handiak portu horietara joateak, hipotesi garbi bat erakusten zuen: Jaizkibelgo errotarriak Ameriketan sortzen ari ziren errotetarako eramango al ziren?


Hipotesiak indarra hartu du aurkituriko beste dokumentu batekin, non adierazten den Jaizkibelgo geztera harriak Sevillara eramaten zirela handik Ameriketara eramateko. Horrek ziurtatzen zuen bazegoela komertzio bat Jaizkibel egindako produktuak Ameriketara eramateko.


HURRENGO PAUSUAK: ERROTARRIAK IRITSIKO AL ZIREN AMERIKETARA?


Zantzu guztiek Jaizkibelgo errotarriak Ameriketara eramaten zirela adierazten duten arren, hori aipatzen duen dokumenturik bilatu ezean hipotesia ezingo da ziurtatu. Hala, Hondarribiko Udalak bultzatuta, ikerketa-taldeak beste urte betez jarraituko du ikerketarekin. Oraingoan, Sevillan dagoen Indietako Artxiboan egin beharko dituzte kontsultak bertan dauden 80 milioi dokumentuen artean. Horretarako, datorren urterako Josu Narbarte (Aranzadi Z. E.) arkeologoa sartuko da ikerketa-taldean, XVI. mendeko dokumentuetan arakatzen laguntzeko.


INDUSTRIA BAT XVI. MENDEAN


Egindako aurkikuntzek erakusten dute XVI. mendean, arrantzaz eta baserriaz gain, Hondarribian bazela jada errotarriak sortzeko eta garraiatzeko industriak sorturiko gizarte ehundura bat. Izan ere, errotarri harrobiak Udalarenak ziren lurretan aurkitzen ziren, eta kontzejuak diru truk uzten zituen puja bidez urte beterako, haiek ustiatzeko. Hartzen zuen pertsonak, harginak kontratatzen zituen, bai eta itzaina, errotarriak Jaizkibeldik Hondarribira jaisteko. Ondoren, merkataria eta maisua sartuko ziren, hainbat marinel kontratatuz, zabra edo itsasontzi txikia jarriz eta errotarriak eraman beharreko portukoekin kontaktatuz, hemengo produktuak bertara eramateko.





AURKIKUNTZA GARRANTZITSUA


Egindako aurkikuntzak Euskal Herriko produktuak Ameriketara eraman zirela, eta bertan zegoen komertzioan parte hartu zela ziurtatzen du. Era berean, XVI. mendeko gizartearen beste ikuspegi bat ematen du, eta erakutsi, egun ia desagertuak dauden hainbat ofiziok izan zuten garrantzia.


2022an ikerketek aurrera joko dute, eta urte amaieran ikerketa-taldeak ateratako emaitzak Hondarribiko Udalari aurkeztuko dizkio. Udala eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, bestalde, egindako aurkikuntzak herritarrei zabaltzeko bide ezberdinak aztertzen ari da.



Javi Castro aurkitutako errotarri bat nertzen.



Errotarri baten garraioa. Ilustrazioa: J.Castro