Artikulu tematikoa

Kosta lerroa beti egon da hor?

Itsasoaz gozatu nahi dugunean guztiok edukiko ditugu gure txokoak, izan Lekeitio, Deba zein Bidarte. Edota gure kostaldeko beste edozein txoko ezkuturen bat. Baina, puntu horietara joan eta han itsasertzik ez balego?

Guretzat oso ohikotzat eta barneratuta dauzkagun gaur egungo kostaldeko paisaia horiek, ez dira beti horrela izan, eta azken milaka urte batzuetan arruntenak ere ez. Izan ere, egia da ohikoak zaizkigula adibidez egunero mareen eraginez gertatzen diren itsas mailaren gorakadak eta beherakadak. Batez ere uda sasoian, hondartzan toalla jartzeko espazioa gutxituta ikusten dugunean, itsasoko ur azalaren eta kontinentearen arteko muga horrek metro batzuk gora egiten dituelako. Hala ere, mugimendu hauek albo batera utzita, gure kostaldeko paisaiak ez ditugu kasik aldatzen ikusten orokorrean, eta hondartzetara zein itsas labarretara joateko egin beharreko bidaiaren distantzia beti berbera izan ohi da, toki berean aurkitzen baititugu kostaldera goazenean.

Argazkia: Otoio inguruko gaur egungo kostaldeko paisaia, Lekeitio, Garraitz uhartea eta Karraspioko hondartza ikusten direlarik

Baina artikuluaren izenburuko galderara bueltatuz, eta iraganean?

Galderak pixka bat zehatzagoa izan beharko luke erantzun bat eman ahal izateko. Kosta lerroa bi arrazoirengatik mugitu daiteke: itsasoaren ur azala igo zein jaitsi delako; edota ur azala geldi mantenduta, lurrazala izan delako mugitu dena. Lehenari erreparatuz, azken 2,58 Ma urtetan, Kuaternarioa deritzon garaian (Lurraren historia hartuko bagenu soilik %0,06 litzatekeena), gure planetako klima ziklikoki aldatzen joan da.

Argazkia: Itsas maila globala adierazten duen kurbetariko bat

Hori da poloetako izotzetan egindako zundaketetatik eta ozeanoetako itsas hondoetako sedimentu muinetatik ateratako informazioak adierazten duena. Beraz, garai hotzen eta garai beroen arteko txandakapena gertatu da denboran zehar, eta nola ez, itsas mailak eta ur azalak berak ere gorabeherak jasan ditu dinamika honetan. Bere eboluzioa nolakoa izan den jakiteko itsas mailaren hainbat kurba dauzkagu eskuragarri. Garai batzuetan gaur egun baino gorago ere izan da. Orain dela ~116000-129000 urte esaterako, 5 – 10 m gorago izan zen. Kontrara, orain dela ~19000-21000 urte, ~125 - 134 m beherago kokatu zen itsas maila. Orokorrean, azken ~128000 urtean, itsas maila gaur egungo kotan edo gorago denboraren %15ean egon da soilik. Beraz, gaur egungo egoera kasik salbuespentzat hartu genezake.

Aldaketa horiek gertatzeko kausak desberdinak izan daitezke. Lehenik eta behin, kontinenteetako izotz masen areagotze eta murrizketa aipatu behar da. Garai hotzetan, itsasotik lurruntzen den ura, kontinenteetako izotz masetan harrapatuta gelditzen da, eta ondorioz ez da itsasora bueltatzen. Hortaz, itsas mailak beherantz egiten du. Garai beroetan berriz, izotz masak urtu, eta lotuta egon den ur guzti hori itsasora itzultzen da itsas maila igoz. Bigarren arrazoi bat, uraren espantsio termikoa da. Garai beroetan, urak bolumen handiagoa okupatzen du, ur azala goratuz; eta momentu hotzetan aldiz, ura uzkurtu egiten da, itsas maila jaitsiz.

Bestalde, isostasia deritzon prozesuak ere aldaketak eragiten ditu kosta lerroan. Lurrazalaren gainean karga bat jartzen dugunean (izan daitezke adibidez garai hotzetako izotz masa handiak), lurrazala hondoratu egiten da. Karga horiek gainetik kentzen ditugunean ostera, lurrazalak berriro ere bere jatorrizko egoerara bueltatzeko joera izaten du. Azken Maximo Glaziarrean adibidez, Eskandinaviako Bothniako golkoan 2500 m inguru izotz pilatu ziren, eta Ipar Amerikan aldiz 3000 m inguru. Pisu guzti horrek noski, lurrazala beheraka mugiarazi zuen. Behin izotz masa horiek urtzen joan ziren heinean eta pisua desagertzean, lurrazalak berriro ere bere jatorrizko puntura bueltatuz gorakada bat jasan zuen. Beste arrazoi bat, mugimendu tektonikoak ere izan daitezke. Plaka desberdinetan banatuta dagoen gure planeta honetan, hauen arteko talkek adibidez, lurrazalaren goratze bat ekar lezakete.

Lehenago aipatu bezala, ur azalaren kota desberdinak denboran zehar nola aldatu diren jakitea lortu dute. Hala ere, kosta lerroaren kokapena zehazki zein den jakiteko oraindik ere puzzlearen beste pieza bat argitzea faltako litzateke. Izan ere, esaterako orain dela ~9800 urte ~-25 m azpitik zegoen itsas maila euskal kostaldean, baina zein puntutan kokatzen da zehazki sakonera hori? Gaur egungo kosta lerrotik 100 m, 500 m edo 2 km iparralderago? Nolakoa da itsaspeko erliebea?

Itsasontzi bidez esaterako, itsasoak estaltzen digun hori ezagutu daiteke. Itsasontzitik, pultsu akustikoak bidaltzen dira, eta behin itsas hondoan errebotatu ondoren, seinalea berriro ere barkuan jasotzen da. Uhin akustiko horiek daramaten abiadura eta igarotako denbora jakinda, barkutik itsas hondora dagoen distantzia zehaztu daiteke, eta prozesu hau behin eta berriro errepikatuz, itsas hondoaren erliebea ondorioztatu daiteke.

Hortaz, behin itsas mailaren gora beherak eta itsaspeko erliebea ezagututa, iraganeko paisaia horiek ezagutu ditzakegu, eta antzinako kosta lerroak kokatu. Orain dela ~9800 urte esaterako,

Argazkia: Gaur egungo eta orain dela ~ 9800 urteko kosta lerroak izan zekaeen itxura posiblea

Oriotik ekialdera kosta lerroa agian ez zen horrenbeste urrunduko gaur egungo kosta lerrotik (Donostiako eremua ezik, non Santa Klara uhartetik haratago kokatuko zen). Mendebaldera berriz distantziak handiagoak lirateke. Ondarroa eta Mutriku artean esaterako, gutxienez ~ 1,2 km iparralderago legoke kosta lerroa; eta Punta Galean aldiz ~ 1,5 km-tara. Beraz, kostaldeko paisaiak desberdinak lirateke gaur egungoarekin alderatuz. Kuaternarioan atzera egin beharko bagenu, lurrazalaren goratzea ere jokoan sartuko litzateke, baina hori hurrengo atal baterako utziko dugu.

Erreferentziak:

Boulton, G.S., Smith, G.D., Jones, A.S., et al. (1985). Glacial geology and glaciology of the last mid-latitude ice sheets. Journal of the Geological Society of London, 142, 447–474.

Murray-Wallace, C.V. and Woodroffe C.D. (2014). Quaternary sea-level changes : a global perspective. 504 pp.

Fox-Kemper, B., Hewitt H.T., Xiao C., Adalgeirsdottir G., Drijfhout S.S., Edwards T.L., Golledge N.R., Hemer M., Kopp R.E., Krinner G., Mix A., Notz D., Nowicki S., Nurhati I.S., Ruiz L., Sallee J.-B., Slangen A.B.A., and Yu Y. (2021). Ocean, Cryosphere and Sea Level Change. In Climate Change 2021: The Physical Science Basis. Contribution of Working Group I to the Sixth Assessment Report of the Intergovernmental Panel on Climate Change [Masson-Delmotte, V., Zhai P., Pirani A., Connors S.L., Pean C., Berger S., Caud N., Chen Y., Goldfarb L., Gomis M.I., Huang M., Leitzell K., Lonnoy E., Matthews J.B.R., Maycock T.K., Waterfield T., Yelekci O., Yu R., and Zhou B.. (eds.)]. Cambridge University Press, Cambridge, United Kingdom and New York, NY, USA, pp. 1211–1362, doi:10.1017/9781009157896.011.

Galparsoro, I. (2012). Euskadiko itsas hondoko paisaiak aztertzen. Elhuyar aldizkaria, 291. 49-52 orr.

García-Artola, A., Stéphan, P., Cearreta, A., Kopp, RE., Khan, NS., Horton BP. (2018). Holocene sea-level database from the Atlantic coast of Europe. Quaternary Science Reviews 196, 177-192.

Lowe, J.J. & Walker, M.J.C. (1997). Reconstructing Quaternary environments, 2nd Ed. Longman, London.