Miren Egaña Goiari elkarrizketa
Osteguna, 2018eko martxoaren 15a — CEST
Irakurketa: 5 minutu
Karmen: Kaixo Miren, Donostiarra zara eta euskalduna. Hasierako ikastoletan, hirurogeiko hamarkadaren hasierako, lehenengo andereñotakoa zara, ez da?
Miren: Bai irakasle ikasketak egin nituen eta 1964an hasi, edo hobeto esateko, jarraitu nuen amak sortu zuen ikastolan. 60. hamarkadan hezkuntza legeak asko aldatu ziren eta horietako bat irakasle ikasketekin edo karrerarekin gertatu zena izan zen. Alde batetik goi batxilergoa eskatzen hasi ziren irakasle ikasketak egin ahal izateko, eta bestetik irakasle ikasketak egin genuenoi balioztatu ziguten karrera hori goi batxilergoagatik eta unibertsitateko letretako karrera bat egin ahal izan genuen. Nik zehazki Hizkuntzalaritza ikasi nuen, hizkuntz erromanikoen bilakaera, alegia, lanean ari nintzen aldi berean.
Argazkia: Miren Egaña eta Peter Bakker hizkuntzalari nederlandarra.( Donostian 2016-06-29)
K.: Lanbidez irakaslea izan zara bada?
M.: Bai lehenbizi haurrekin lan egin nuen, ikastolan eta gero Institutuan euskara eta gaztelaniako klaseak eman nituen, 1980an Euskara Hizkuntz eta kulturako Eibarko katedra lortu nuen arte. Hurrengo urtean Donostiako Bidebietako Batxilergo institutuko katedra hartu nuen eta bederatzi urte beranduago Groseko X. Zubiri Institutukoa eta bertan jardun naiz jubilatu arte.
K.: Irakasteko lanetik aparte berriz, Aranzadiko Etnografia saileko partaide izan zara. Esan egiguzu noiz hasi zinen Etnografia sailean, eta zein izan zen zure lehen lana.
M.:Gaur egun senarra dudanak erakarri ninduen Aranzadira eta zehazki etnografiara. Oinarrizko ikastaro bat antolatu zuten etnografiakoek, orduko San Telmoko egoitzan eta esku hartu nuen.
K.: Zuk egin dituzun lanen artean Toponimia, Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa, eta agian, gehien ezagutzen dena Euskal Arrantzalean gaurko Kanadan utzi zituzten aztarna linguistikoen ikerketa da. Hitz egin egiguzu gai horretaz.
M.: Euskara katedretarako gaien artean bederatzigarrena oso gogozkoa eta desberdina zen: Euskaldunak San Lorentzo Kolkoan, bale ehiztariak, bakailau arrantzaleak. Euskaldunen beste emigrazioak, Argentina, Txile… Gai hau prestatzean hasi nintzen konturatzen han, Kanadan euskararekiko beste mundu interesgarria bat zegoela. Urte batzuk ziren gainera Selma Huxley ezagutzen genuela eta batek bestera eraman zuen. 1985.ko udaran Labradorreko 1. Euskal espedizioan esku hartzeko aukera izan nuen eta urte hartan bertan abenduaren 31an Piarres Detcheverry “Dorre” ren Itsasoko Nabigacionekoaren faksimile bat lortu nuen eta Ternuari bira osoa eman nion 1677an kapitan harek emandako norabideak jarraituz, errepide mapa baten aurrean.
K.: Kanadan izan eta ezagutzetik aparte non topatzen dituzu aztarnak gai hau ikertzeko?
M.: Ikerketa hasi nuenean, banekien Parisko Bibliothèque Nationale de France delakora joan beharko nuela, baina pentsatu nuen lehenbizi Kanadako artxiboetan ikerketa egitea, beraiek euren lurraldeen mapa inork baino gehiago edukiko baitzituzten, eta horrela izan zen. Gutxienez Ternuako ziren mapa guztien edo kopia edo orijinala zituzten.
K.: Zein zailtasunekin egiten duzu topo gai hau ikertzerakoan?
M.: Gauzak asko aldatu dira ikerketa hasi nuen garaietatik hona. Ottawan mapen kopiak ikusteko aukera izan nuen eta zatika asko handituz negatiboa, pantaila batean ikusi eta inprimatzeko aukera ere banuen. Hemen ez zegoen horrelakorik. Erraztasun asko dituzte ikerlariek Kanadan, ez hemen bezala. Orain gauzak asko aldatu dira internetekin.
K.: Zein da egin dituzun lanen artean gehien gustatu, edo atsegin gehien eman dizuna?
M.: Oso gustura egin nuen Kanadan ikerketa hori, bai Ottawan, nola Montréal, Québec, Ternuako St. John’s eta St Pierren, oso jende atsegina eta lagungarria ezagutu nuen, gaur lagun handiak bilakatu direnak.
K.: Egon al da zure ibilbidean gairen bati buruz lanean hasi eta utzi behar izan duzuna, aurrera segitzeko materiak falta edo zailtasunak izan dituzulako?.
M.: Arazoak izan nituen Madrileko Biblioteca Nacional delakoan, non ez nuen batere erraztasunik izan ezer egiteko. Diapositiba txikiak atera zizkidaten eta eskuz ikusteko makina txiki bat, non ezin zen ezer irakurri, dena laga eta alde egin nuen.
Parisen ere, oporrei bi egun kendu eta saiatu nintzen Ottawan ikusitako mapen orijinalak ikusten, baina egunean 3 ikusteko aukera besterik ez zidaten ematen. Detcheverryren bi mapak batera ikusi nahi nituen eta ezinezkoa zela esan zidaten. Esan nien bi data jarri zietela eta nire ikerketarako oso inportantea zela. Utzi zizkidaten eta hamaiketakoaren ordua aprobetxatuz, etorri berria zen beste artxibozainari ikusi nahi nituen gainontzekoak eskatu eta ikusi ahal izan nituen.
K.: Zure ikerketetan zer ematen dizu buruhausterik handiena?
M.: Mapa zaharrekin ibiltzean arazo asko sortzen zitzaizkidan, alde batetik maparen tamaina, biraka ibili beharra euskal toponimoen bila, bestetik euskarri delikatuak dira eta azkenik erabilitako tinta askotan erdi borratua oso lausotua agertzen zen eta hori dena gutxi ez balitz mapak babesteko argitasun gutxiko lekuan ikusten nituen.
K.: Zu izan al zara Etnografia saileko lehen emakumea?
M.: Ez, nire aurretik izan dira beste emakume batzuk, esate baterako Karmele Goñi
K.: Aranzadiko Etnografia sailean gizonak dira emakumeak baino gehiago. Zure iritziz zein da horren arrazoia?
M.: Beste batzuen artean zera iruditzen zait, emakumeek, orain arte behintzat ez zuten izaten denbora asko, lanaz aparte, etxetik kanpoko ekintzetan esku hartzeko alde batetik lana ez baitago erdibitua eta beti emakumeen kontrako zerbait da, eta bestetik ez ziren ondo ikusiak bizi garen gizarte honetan.
K.: Zer lan duzu gaur egun eskuartean?
M.: Idazten ari naizen liburuaren azken kapitulua osatzen ari naiz eta horrekin batera, XVI-XVIII, mendetako Euskal Kartografia eskolari buruz idatzitakoari zenbait ukitu ematen saiatu naiz, iaz Halifaxen aurkeztu nuen txostena, eta non argitara dezakedan ikusi.
K.: Mila esker, Etnografia sailean egin duzun lanaren berri emategatik eta ikerketan izaten diren zailtasunak azaltzeagatik.
Donostian 2018ko martxoaren 12an Mª Karmen.