Eugenio Monesma, sare sozialetako etnografoak, eta San Telmo Museoak Fermin Leizaolari egingo dion omenaldiak markatuko ditu aurten Aranzadiko Etnografia Jardunaldiak

Etnografia / Ondare materiala

Astelehena, 2025eko azaroaren 3a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

46 urte beteko dituzten Aranzadiko Etnografia Jardunaldiek Fermin Leizaolaren izena hartuko dute aurten, ia 50 urtez artzainen memoria zaindu eta Euskal Herriko kultura materiala ikertu duen etnografoaren oroimenez.

Hain zuzen ere, jardunaldien hasiera bezperan, San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak Fermin Leizaolaren omenezko ekitaldi bat antolatu dute, haren ibilbide profesionala aitortzeko eta etnografoak San Telmorekin hamarkada askotan izan duen harreman estuaren erakusgarri. Ekitaldia azaroaren 10ean izango da, 19:00etan; dagoeneko museoaren webgunean jaso daitezke bertaratzeko gonbidapenak.

Aste etnografikoa San Telmo Museoan ospatuko da, azaroaren 12tik 14ra, asteartetik ostiralera, 19:00etan. Egunero hitzaldi bana egongo da. Hitzaldiak, gainera, streaming bidez jarraitu ahal izango dira museoaren youtube kanalean. Gaztelaniaz egingo dira, 13koa izan ezik, euskaraz izango baita.

Azaroaren 11n Giulia Grossmann zinema zuzendari paristarrak Pasaia izeneko dokumentala aurkeztuko du. 22 minutuko film honetan, negutik udaberrirako trantsizioa eta honek euskal inauteri tradizionalean izandako isla aztertzen ditu artistak, hartzaren figura protagonista bihurtuz. Proposamen zinematografiko honek urruneko mundu batean murgiltzen gaitu. Dokumentalaren proiekzioaren ondotik Giulia Grossman zuzendariak, Nora Fangel-Gustavson hizkuntzalariak eta Thomas Loyatho artista bisualak hitza hartuko dute.

Azaroaren 12an, lekukoa Aranzadiko Marino Ayalak eta Víctor Placenciak ikertzaileek hartuko dute. Ayala eta Placenciak Nafarroako XIX. mendeko papergintzari buruzko ikerlan bat egin dute, paper-fabriken memoria eta gaur egun arte izan duten garapena bilduz. Ikerketa historiko sakon hoben bidez, egileek testuinguru industrial, ekonomiko, sozial eta teknologikoa berreraikitzen dute, garai hartako fabrikak paisaian zuten garrantzia eta Nafarroako landa-ingurune horretan zuten berezitasuna nabarmenduz.

Azaroaren 13an Aintzane Kortajarena antropologoak eta Akaitz Sarasola baso-ingeniariak Gaztainondoaren etnografia bat Tolosaldean izenburupean burutu duten lana aurkeztuko dute. Lan hau Barandiaran Fundazioak ematen duen Barandiaran Bekarekin saritua izan zen. Aurkezpenean gaztainondoa euskaldunen historiako jaki nagusietako bat izan dela azalduko da, nahiz eta azken urteetan kultura honek gainbehera nabarmena izan duen.

Jardunaldiei amaiera emateko, azaroaren 14an, ostirala, Eugenio Monesma Huescako etnografoak “Lau hamarkada tradizioak eta ohiturak dokumentatuz” izeneko hitzaldia aurkeztuko du.

Ikertzaile honek nazioko eta nazioarteko 200 sari baino gehiago jaso ditu etnografiaren dokumentalista gisa egindako lanagatik, besteak beste Aragoiko Zinemaren Akademiak 2022 urtean “Premio Simón de Honor” eman zion, eta 2023an Academia del Cine Aragones-ek “Premio Altoaragonés del Año 2023” saria. Beste sari aipagarri batzuk Kultura Ministerioaren "Marqués de Lozoya" saria, Huescako Diputazioaren "Félix de Azara" 2011 saria eta Aragoiko Diputazioaren 2001. urteko “Medalla al Mérito Cultural”.

Eugenio Monesmarentzat, bideoa gure herrietako kultura tradizionala dokumentatzeko eta zabaltzeko metodoa izan da. Lanbideei, jaiei, erritualei, janzkerari eta beste milaka aspekturi buruzko 3.400 dokumental baino gehiago ditu grabaturiik eta gaur egun arrakasta handiz eraman du lan hori sare sozialetara, gaur egungo mundu digitalean ere erreferente bihurtuz. Hitzaldi honetan bere ibilbideko esperientzia partekatuko du.

Etnografia Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura departamentuak finantzatzen ditu urtero.

EGITARAUA DESKARGATU