Mutrikuko portuan garabi zahar bat berreskuratu da
Asteazkena, 2023eko abuztuaren 2a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 3 minutu
Mutrikuko Udalak, Garapen Ekonomiko sailaren bidez, Lonja Zaharra izeneko eraikinean dagoen eta dokumentu zaharretan jasotzen zen garabia birsortu du. Interes etnografiko handiko elementua izan daiteke, mutrikuarrek iraganean izan zuten eguneroko bizitzaren parte baitzen elementu hau, eta orain, berriz ere, errealitate bihurtu da portuan.
Mutrikuko Udalak, proiektu hau garatu ahal izateko Aranzadi eta Albaolaren lankidetza izan du. Lehenengoek eraikuntzari loturiko ikerketa eraman dute aurrera eta bigarrengoek, itsas ondarean eta zurezko itsasontzien eraikuntzan aditu direnetik, eraikitzeko proiektua garatu dute.
Prozesua Aranzadiko Etnografia Saileko Javi Castro Montoyak egindako azterketa zehatz batekin hasi zen. Bertan, eraikinari buruzko dokumentazio zaharra aztertu zen, Lonja Zaharra eraikinean garabiren bat eta balantza edo pisuren bat zegoela dokumentatzeko. Bildutako datuek agerian utzi zuten hainbat une historikotan kofradia zaharrak, Lonja Zaharra eraikinean zegoenak, portuko jarduerarekin lotutako hainbat garabi behar izan zituela eta haietako bat eraikinaren handitze lanak egin zirenean eraiki zela, XVIII. mendean. Azterlan honetan proposatzen zen garabi horren erreprodukzio bat egitea eta bertan jasotako datuak garabiaren diseinu eta eraikuntza faserako oinarri izan ziren.
Mutrikuko Udalak Albaolari eskatu zion garabia eraikitzeko proiektua aurkezteko, itsas ondarea eta zurezko ontzien eraikuntza tradizionalaren inguruan duen ezagutza espezializatua probestuaz horretarako. Garabiaren morfologiari buruzko informaziorik ez zegoenez, Albaola XVIII. mendeko itsas teknologian oinarritu zen garabi hau diseinatzeko. Lonja zaharraren garabia kabotaje-ontziek ekarritako zama astunena lehorreratzeko erabiltzen zen eta, zalantzarik gabe, Mutrikuko Kofradiako arduradunek ezagutzen zuten, eta erabiliko zuten, itsasontzietan ohikoa zen teknologia hau.
Garabiaren eraikuntza jendearen aurrean egin da Pasaiako ontziola-museoan, Albaola Itsas Kultur Faktorian hain zuzen, bertako ontzigintza eskolako ikasleen inplikazioa ere izan duelarik. Horri esker, ontziei aplikatutako elementuak sortzen ikasi eta parte hartu ahal izan dute, haien prestakuntza-prozesua aberastuz.
Eraikuntza-prozesuaren zati batek harria erabiltzea ekarri du. Erabili den harria Lasturko harrobikoa da, iraganean erabili zenaren antzekoa, ziurrenik Olatzeko harrobi zaharretik etorria. Orioko Espiga Hargintza arduratu da garabia gordetzen duen harrizko mentsulari forma emateaz, trebetasun eta maisutasun handiz, lanaren zati bat eskuz egin behar izan baita.
Orain urte batzuk hasi zen prozesu luze honi esker garabiaren behin betiko diseinua berregin ahal izan da, XVIII. mendean erabiltzen ziren garabi mota ezberdinetan oinarrituta, eta atzo arratsaldean kokatu zen Lonja Zaharra eraikuntzaren fatxadan.
Mutrikuko Udalaren helburua balio kultural eta etnografikoa izan dezakeen elementu historiko bat birsortzea izan da, itsasoarekin eta itsas jarduerarekin lotua, garai batean herriko biztanleen bizitzan funtsezko eginkizuna izan zuen gailua birsortzeko. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan bakarra den garabi hori berreskuratzea herriko itsas- eta arrantza-ondarea gordetzeko beste urrats bat da, abian jarri diren beste proiektu batzuekin batera, hala nola Arrietakua Jauregira bisitak.
Garabia asteburu honetan portuan egongo da ikusgai. "Batelero Eguna"-ren ekitaldien barruan, igande arratsaldean, 18:00etatik aurrera, XVIII. mendean egiten zen bezala ahozko arrain salmenta bat antzeztuko da. Salgai jarriko den arraina deskargatzeko, garabi berria erabiliko da eta horrela, bertaratutako guztiek elementu horri ematen zitzaion erabilera ikusi ahal izango dute.